Nazinoarteko Folklore Jaialdia Gaztedi Dantza Taldearen 55. urteurrena ospatzeko
2006-07-19 02:00 KultureaGaztedi Dantza Taldearen 55. urteurrena ospatzeko, Nazinoarteko Folklore Jaialdia izango da Bilbon; hitzordua, garagarrilaren 22an, zapatuan, Arriaga Plazan, arratsaldeko zazpietatik aurrera.
Gaztedi Dantza Taldearen 55. urteurrena ospatzeko, Nazinoarteko Folklore Jaialdia izango da Bilbon; hitzordua, garagarrilaren 22an, zapatuan, Arriaga Plazan, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak antolatuta eta Bilbo Dantzan programearen barruan, Jaialdiak Mallorkako Esclafits i Castanyetes taldea eta Orenburgo Estatuko Abesbatza (Errusia) konbidau ditu.
Gaztedi da, gaur egun, Bilboko dantza talderik zaharrena. 1951. urtean sortu zan Karmelo Eleizearen eta Txanton Goiria aita karmelitearen ardurapean eta taldearen lehen saio publikoan ‘Grupo de Danzas Vascas de la Juventud del Carmelo y Praga de Begoña’ izenez aurkeztu eben euren burua. Urte bi geroago ‘Talde Gazte’ izena hartu eben baina azkenean ‘Gaztedi’ izena aukeratu eben. Garairik oparoena 60. hamarkadea izan zan Euskal Herritik kanpo hainbat emonaldi eskaini zituenean, nazinoarteko proiekzino garrantzitsua lortuz. Gaztediko zenbait dantzarik beste talde batzuk sortu zituen, besteak beste, Indartsu (Basauri), Andra Mari (Galdakao) edo Danok Alai (Bilbo).
Gaztediren parte-hartzea nabarmendu behar da Santutxu auzoko kultur arloan, herriko jaiak eta inauteriak berreskuratzen laguntzeagaitik, Santutxuko aste kulturala sortzeagaitik edota herriko dantzen ikastaroak emoteagaitik. Horrezaz ganera, 80. hamarkadearen hasieran bertoko musika-tresna batzuk hartu zituen, trikitixea, albokea, Nafarroako gaitea eta Bizkaiko dultzainea. 1985ean, Gaztedi dantzaririk barik gelditu zan eta neskek taldea aurrera atara behar izan eben, eta horregaz batera emonaldiak eta dantzari txikien taldeak. Bi urte geroago, gazte talde barri bat hasi zan barriro taldean.
Azken urteotan, dantzari taldeak proiektu interesgarrietan parte hartu dau. Nabarmentzekoak dira ondokoak: Euskeria Abesbatzagaz egindako lana Euskal Herriko dantza eta kantuak nahasten dituan ikuskizunean; Valladolideko jaietan egindako saioak (2003); Campo de Montiel Folklore lehiaketea (Ciudad Real, 2004) edota Galiziara 2005ean egindako bidaia, TVG telebistako ‘Luar’ programan parte-hartzeko. Bestetik, Gaztediren ibilbide luzeak izan dau esker onik, Bilboren 700. urteurreneko ekitaldietan parte hartzeko konbidapena jaso eben, eta modu berean, 2001eko Aste Nagusiko pregoilariak izan ziran euren 50. urteurrena ospatzeko. Orain, barriz, 55. urteurrena ospatzeko, Gaztedik aurten proiektu interesgarriak preparau ditu, iragana, orainaldia eta etorkizuna batzeko ondo baino hobeto dakiten moduan: dantzan.
Urteurreneko ospakizunerako Gaztedi dantza talde ospetsuakaz batuko da, Orenburgo Estaduko Abesbatzagaz (Errusia) eta Esclafits i Castanyetesegaz (Mallorka). Orenburgo Estaduko Abesbatza Errusiako Federazinoko konpainiarik gazteena da, batez besteko edadea 30 urtekoa da. 25 urteko ibilbidean, abesbatzak 15 programa aurkeztu ditu baina koreografiak eta Kosakoen abesti zaharrak nabarmentzen dira, batez be, ‘a capela’ abestutakoak.
Beste alde batetik, Esclafits i Castanyetes, 1982an sortu zan dantza eskola bat bezela, ostean, folklore talde bihurtzeko. Taldearen helburu nagusienetariko bat Mallorkako Levantearen garai bateko sustraiak berreskuratzea da. Esangura horretan, jantziak sarri aldatzen ditue, aurreko mendeko jantzien eta oihalen zehetasunak zainduz. Lortutako sarien artean, Munduko Dantza Folklorikoen Jaialdiko lehen saria dago (Palma, 1996).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!