Txinak Afrika erosi gura dau

Zigor Aldama 2006-07-19 02:00   Bidaide

Askorentzat Txinaren kontinente baltzagazko interesa kolonialismo modu bat baino ez da. Asiako erraldoiak baliabide naturalak behar ditu, badaki Afrikan ugari dagozala eta prest dago edozer pagetako.

Oraintsu Wen Jiaban, Txinako Lehen Ministroak Afrikako zazpi herrialdetara egindako bisitea icebergaren muturra baino ez da. Askorentzat Txinaren kontinente baltzagazko interesa kolonialismo modu bat baino ez da. Asiako erraldoiak baliabide naturalak behar ditu, badaki Afrikan ugari dagozala eta prest dago edozer pagetako.

Txinak gasolinea behar dau egungo % 10eko hazkundeari eusteko. Petrolioaren merkatuan jokera nagusia da hori eta badira batzuk mendebaldeak ahaztuta daukan Afrikara begiradea luzatzen hasi diranak. 2000. urtetik Txina eta Afrikaren arteko hartu-emonak sendotu egin dira, Asiako erraldoiaren eta afrikar kontinentearen arteko alkartrukea sustatzen dauen erakundea abiarazo dabe eta, horrezaz ganera, azken aldion ugari izan dira bisita diplomatikoak. Wen Jiabao, Txinako Lehen Ministroa zazpi herrialdetan izan da orain gitxi, Egiptotik Tanzaniara bitartean, Ghana zein Congoko Errepublikan eta 20 bat hitzarmen sinatu ditu; hitzarmenon benetako edukina zehazterik ez dago baina garapenerako laguntzinoa, azpiegituren eraikuntzea, telekomunikazinoak eta turismoa lako arloetan eragitea da asmoa.

Jiabao jn.ak afrikar herrialdetako presidenteak konbidau ditu udearen amaieran Pekinen egingo dan Txina-Afrika goi bileran parte hartu dagien. Era berean, bisitau dituan zazpi herrialdeetako politikan aldaketarik ez egiteko eskatu deutse goi agintariei, hau da, Txina bakarra autortu dagien eta Taiwanen independentziaren kontra agertu daitezan. Gauzak holan dirala, adituek susmo txarra hartuta dagoz, izan be, zein da Txinaren benetako asmoa? Askorentzat Txinak Afrikara hurreratzeko hartutako erabagia kolonialismo modu bat besterik ez da. Lortuko ete dau Txinak Afrika ‘erostea’? Wen Jiabao presidenteak adierazo dau hori ez dala asmoa inondik inora: ‘gure herriak badaki inperialismoak dakarren sufrimentua eta guk ez dogu sekula inperialismoa aintzat hartuko’. Dana dala, berba horreek sinisgatxak dira. Txinako kolonialismoak ez dau armarik erabilten dirua baino eta Asiako erraldoiaren atzaparrak isilean eta etenik barik luzatzen dira; horren erakusgarri, Jiabaoren bisitak oihartzun gitxi euki dau mendebaldko komunikabideetan eta hori ez da kasualidadea.

Botere egarria

Ohore eta hots handiz hartu dabe Lehen Ministro txinatarra Afrikan eta herritarren artean gorago aitatutako susmo eta dudak zabaldu diran arren, goi agintariek duda horrek desagertarazoten ahalegindu dira, batez be, Txina aukera handia izan daitekeela pentsetan dabelako, mendebaldearen indiferentzia baztertu eta Afrikak bizi dauen pobrezia kronikoari konponbidea emongo leuskioen inbertsinoak egin leikezalako. Jakaya Mrisho Kikwete, Tanzaniako presidenteak argi dauka: ‘Afrikak ez dau inoiz pentsau, ezta pentsauko be Txina mehatxua izan daitekeenik. Independentzia lortzeko nahitaezkoa izan zan euren laguntzinoa eta, gaur egun be, behar dogun babesa eskaintzen deuskue globalizazinoari aurre egiteko’. Oraingoz, beraz, berba onak, goraipamenak eta irribarreak dira nagusi.

Kontuak kontu, zer pentsauko ete dabe kontinente baltzean negozioak egiten dabezan mendebaldeko multinazional handiek? Txinatarren jarrerea argia da: ‘ez gaitue han ikusi gura orain arte eskura izan daben afrikar baliabideen monopolioa ezerezean gera daitekeelako eta, era berean, afrikarrakaz zuzenago eta zintzoago jokatu geinkela eta afrikarren barruko politiketan gitxiago esku-hartu geinkela atzemon dabelako’. Zhang You, Pekingo Unibersidadeko adituaren eretxiz, ‘oro har, bildur dira orain arteko pagotxa amaitu egingo jakelako eta afrikarrek Txinaren jarrera abegikorraren alde egin leikielako’.

Beste alde batetik, afrikarrek eurak ‘Txinaren upealako hazkundeagaz eta Afrikagazko jarrereagaz itxaropentsu dagoz, historian zehar Afrikaren kontrako mendebaldearen interesak baztertzen dabezala ikusirik’, You jn.ak jakinarazo dauenez.

Edozelan be, danak ez datoz bat Zhang You-gaz. Txinaren natur baliabideen egarria onuragarria izan daiteke Afrikarentzat baina horretarako, nahitaezkoa izango da garapen bidean laguntzinoa eskaintzea eta, berez, mehatxatuta dagozan afrikar baliabideak indarrez ez hartzea. Argi dagoana da, Asiako Erraldoiak munduan beste leku bat topau dauela inbertsinoen bitartez indar polítikoa zabaltzeko, lehenago Latinoameriketan eta, batez be, Asian egin dauen legez. ‘Alderdi Komunistearen epe luzerako planaren fase bat baino ez da Estadu Batuakaz boterearen balantza orekatzeko’ Zhang You-k onartu dauenez. Duda barik, Txinak lekua irabazi gura dau nazinoartearen politikan, hazkunde ekonomikoaren pareko botere mailaren atzetik dabil. ‘Orain arte mendebaldeak Afrika zapaldu, interesen araberako ezegonkortasun politikoa sustatu eta gura izan dauen beste ostu dau eta inork be ez dau esku-hartu. Orain, barriz, Txinak interesa azaldu dau eta bidezko hitzarmenak eskaini ditu, hori txarra al da?’ You-ren galderea erantzuteko denporea beharko da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu