UNESCOk Munduko Ondare izentau dau Bizkaia Zubia

Bizkaie! 2006-07-13 02:00

UNESCOren Munduko Ondare Batzordeak bere 30. Biltzar Nagusia egin dau gaur goizean Vilniusen (Lituania) eta Munduko Ondare izentau dau Portugaleteko Bizkaia Zubia. Modu honetan, aitorpen hori jasoten dauen lehen euskal monumentua bihurtu da.

UNESCOren Munduko Ondare Batzordeak bere 30. Biltzar Nagusia egin dau gaur goizean Vilniusen (Lituania) eta Munduko Ondare izentau dau Portugaleteko Bizkaia Zubia. Modu honetan, aitorpen hori jasoten dauen lehen euskal monumentua bihurtu da.

Munduko Ondare Batzordeak gizateriaren ondare izentapena jasoteko gai diran 27 kulturgune, zortzi naturgune, bi izaera mistokoak eta hiru multzo izan ditu mahai gainean. Tartean Bizkaia Zubia egoan, kultur ondarearen.

Euskal Herriak, nahiz kultura ondare zabala izan, ez dauka ezelako kultur adierazpenik UNESCOren izentapenagaz babesturik. Aurtengo izentapenei begira, Euskal Herritik industri ondareko elementu honetan pentsau zan. Burdinak eta industrializazinoak eragin nabarmena izan dau Euskal Herrian eta horretan oinarrituta eta Bizkaia Zubiak dituan berezitasunetan oinarrituta aurkeztu da orain Munduko Ondare izentapena jaso dauen proposamena.

Bizkaia Zubia UNESCOren izentapenarako kontuan hartu da zubiaren izaera enblematikoa, Bizkaiaren ikur bilakatu baita eta horregaz batera zubiak dauen berezitasuna eta garrantzia kontuan hartu dira.

Bizkaia Zubia zutik eta erabilgarri dan transbordadore-zubi bakarrenetakoa da. XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran eregi ziran era horretako zubietatik beste hirubaino ez dira gorde Europan (Rochefort-Martroukoa, Frantzian; Newportekoa, Bretaina Handian eta Ostenekoa, Alemanian). Ameriketan eta Afrikan holakoak eregi ziran, baina bakarrik Buenos Aireseko Boca auzokoa dago zutunik gaur egun.

Bizkaia Zubia 1893an eregi eben eta munduko lehen transbordadore-zubia izan zan. Alberto Palacio arkitektoaren ideian oinarrituta eregi zan Ibaizabal itsasadarraren bokalean. Zubiak Portugalete eta Getxo (Areetako auzoa) alkartzen ditu.

Burdinez eta ezelako apaingarririk barik eregitako zubi hau, 61 metroko altuerako bi zutabe bikietan eusten da, hortik zintzilikatzen dira ibaiaren bi ertzak alkartzeko erabilten dan ontzia jasoten daben kableak. Gauzka holan dirala, eskegitako ontzi horren joan-etorriak ugaldu egin dira ibaiaren bi aldeetan bizi dan populazinoaren hazteagaz batera eta, aldiz, zubiaren azpitik pasetan diran neurri handiko itsasontzien joan-etorria moteldu egin da, Bilboko Portua itsasadarraren kanpoaldera ataratearen ondorioz.Eusko Jaurlaritzeak, Portugalete eta Getxo bitarteko Bizkaia Zubia Monumentu gisa Kultur Ondarea kalifikazinoagaz babestuta dauka.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu