Dandijav: aldaketa klimatikoak nomada bizimoduaren amaierea ekarri leike
2006-07-12 02:00 BidaideGaztaroan, orain hamarkada bi inguru Mongoliako artzainik onena zan Dandijav. Naadam jaialdietan, nazinoko urteko topaketa garrantzitsuenetan, ikusgarriak izaten ziran haren zaldi gaineko trebeziak.
Gaztaroan, orain hamarkada bi inguru Mongoliako artzainik onena zan Dandijav. Naadam jaialdietan, nazinoko urteko topaketa garrantzitsuenetan, ikusgarriak izaten ziran haren zaldi gaineko trebeziak. Sasoi hareetan, Ulan Bator uriburura bitarteko 500 kilometroak zaldiz egiten ebazan eta nomadentzako urteko hiru egun garrantzitsuenetan sekulako maisutasuna erakusten eban milaka lagunen aurrean. Laurogeigarren hamarkadan, 300 bat abelburu eukazan eta Gobi basamortuan bizitea gogorra izan arren, nahikoa eroso bizi zan Dandijav. Halan da be, Soviet Batasunak porrot egin ebanean, hondamendia etorri zan Dandijav eta bere familiarentzat, izan be, beste neurri batzuen artean, nomadentzako dirulaguntzinoak eta dobaneko heziketea ezerezean gelditu ziran.
Gaur egun, 50 abelburu baino ez daukaz eta egoera negargarrian ganera. Gameluak konkorrik barik agiri dira, zaldiek hazurra eta azala baino ez daukie eta ahuntzak be baragarri dabiz euren kumak hazteko. Gauzak holan dirala, Dandijaven familia (senar-emazteak, seme-alaba bi eta zapi iloba) premina gorrian bizi da eta bizirautea be nahiko da eurentzat, benetako zorigatxa, Dandijavek berak esan deuskunez.
1.- Gogorra da nomadaren bizimodua?
Mendebaldarren ikuspegirik leitekeana da gogorra izatea baina guk besterik ez dogu ezagutzen eta, berez, gure bizimodua ez dala gogorra pentsetan dogu. Ganera, ez gagoz inondik inora gure bizimodua urian topau geinkenagaz aldatzeko. Kontua da ze, azken hamarkadetan goitik behera aldatu eguraldia eta gero eta gatxagoa dala animalientzako jatekoa topetea.
2.- Aldaketa klimatikoak horrenbeste eragiten deutsue?
Bai. Orain lau bat urte nahikoa erraza zan ganaduarentzako belardiak topetea baina urtetik urtera basamortuak lurra irabazten dau eta, beraz, ganadua kendu beharrean gagoz.. Gero eta euri gitxiago egiten dau eta gero eta urrunago joan behar gara belardien bila. Dana dala, bidaia horreek egiteko ez daukagu nahikoa dirurik eta normalean abelburuak kenduta eusten deutsagu egoereari eta, jakina, baliabide ekonomikoak be gero eta urriagoak dira. Egoera horretan, arazoak pilatu egiten jakuz eta seme-alaba zein ilobentzako heziketea be arriskuan dago.
3.- Dana dala, estepan bizimodua ez da hain baltza. Zergaitik ez zoaze hara?
Nomadak gara baina gobernuaren aginduz galarazota daukagu lurralde osoan hara eta hona ibiltea. Neurri batean ulergarria da neurri hori ze danok erabagiko bageunke belardiguneetara joatea, laster ezerezean geratuko litzatekez, erabat agortuta. Gobin bizi garanok hemendik alde egitea erabagiten badogu, ekosistemea kaltetzea baino ez dogu lortuko. Gitxi gara baina gure lurra ez da oso emonkorra. Ganera, gobernuaren galarazpenik ez balego eta lurrak sufriduko ez baleu be ezin izango geunke gure ganadua mila kilometrora eroan, horretarako dirurik ez daukagulako.
4.- Egoerea gero eta okerragoa dala ikusirik, zein izan daiteke konponbidea?
Espero dogu gobernuak hedoiei tiro egin eta euria egitea. Arazoa da neurri handian Txinako industrializazinoak dakarren aldaketa klimatikoaren eraginez, gaur egun hedoiak gure gainetik pasetan dirala baina gotarik ez dala jausten. Txarrena da gure bizimoduaren amaierea gero eta hurrago ikusten dogula ze luzaroan eutsi eta eutsi gabizan arren, gure muga gero eta hurrago dago.
5.- Gero eta gehiago dira Ulan Bator uriburura alde egiten daben nomadak. Zelan ikusten dozu jokera hori?
Nomada bizimodua bihotzean daroagu; mongoliarrak ez gara uritar edo kaletarrak. Horregaitik sortzen dira arazoak uriburuan ze jenteak ez dauka ohiturarik beti leku berean biziteko asfaltoaz inguratuta. Krisialdi ekonomikoagaz, urian bizi ziran asko barriro mendira bueltau ziran; sarri pasetan jake hori nomadei, ahalegina egin arren, gatxa da uriburuan lekua egitea, ez dira uriburuetan konpontzen. Ez da erraza nomada bizimodua baztertzea, askatasuna oso estimadua da guretzako; ganera, uriburuetan bizimodua ez da gurean baino errazagoa.
6.- Dana dala, nomadek osogai modernoak sartu dabez euren bizimoduan. Sedentario bihurtzeko lehen pausua izan daiteke?
Ez dot uste. Gaur egun argi-indarra eguzki plaken bidez lortzen dogu baina aurrerapen teknologikoa ona da guretzako bizimodu erosoagoa ahalbidetzne deuskulako eta gazteentzat oso erakargarria da hori. Ni lako edadekoentzako burukomina be bada, jakina, baina tramankulu horreek danak gure mesederako dirala pentsetan dot. Aurrerapen teknologikoari uko egin ezkero, inork be ez dau gurako ‘ger’ batean bizi, kandelen argiagaz, lurrean lo egin eta ura urrunetik ekarri behar bada. Nomada bizimodua eta aurrerabidea buztartu daitekezala uste dot.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!