Getxoko XXX. Jazzaldiak 12.000 lagun inguru batu ditu

Bizkaie! 2006-07-06 02:00   Musikea

Musikaz beteriko bost egunen ondoren, Getxoko XXX. Europar Jazzaldia atzo amaitu zan. Garagarrilaren 1etik 5era, 12.000 bat lagunek gozau dabe 15 kontzertu eta bestelako ekitaldiakaz. Urtero legez, soinu europarrak, kalidadea eta aniztasuna izan dira ardatz nagusiak.

Musikaz beteriko bost egunen ondoren, Getxoko XXX. Europar Jazzaldia atzo amaitu zan. Garagarrilaren 1etik 5era, 12.000 bat lagunek gozau dabe 15 kontzertu eta bestelako ekitaldiakaz. Urtero legez, soinu europarrak, kalidadea eta aniztasuna izan dira ardatz nagusiak. Era berean, talde gazteen aldeko apustuari eutsi deutso aurten be Getxo Jazzek. Gauzak holan dirala, musikari ospetsuak ez eze, Talde Lehiaketako eta Hirugarren Milurtekoa saileko banda gazteak be izan dira Getxon.

Antolatzaileek adierazo dabenez, aurten, era askotako taldeak eta estiloak izan dira kontzertu nagusietan. 'Publikoak erantzun bikaina emon deutso jaialdiaren musika eskaintza zabalari eta kontzertu bikainez gozau ahal izan dau Algortako Biotz Alai plazan' , nabarmendu dabe.

Lehenengo egunean, eskarmentu handiko bi musikari taularatu ziran erritmo klasikoak eta konposizino estandarrak interpretetako: John Abercrombie eta Miroslav Vitous. Fabrizio Sferrak lagunduta, euren maisutasuna eta teknika aparta erakutsi ebezan.

Biharamunean, Eddie Palmieri eta Afro-Caribbean All Stars ikusteko sarrerak agortu egin ziran. Jazz latinoa protagonista nagusia bilakatu zan eta pianojole ospetsuak ez eban kale egin.

Benavent-Di Geraldo-Pardo hirukotearen eskutik heldu zan jaialdiaren erdia astelehenean. Jazz flamenkoa eta beste hainbat erritmo buztartu ebezan musikari honeek Biotz Alai plazan. Martitzenean, barriz, doinu klasikoak nagusitu ziran Philip Catherine gitarristearen kontzertuan eta, azkenik, Billy Cobham eta Didier Lockwood buru dituan String Quartetek amaiera bikaina emon eutson atzo Getxoko 30. Jazzaldiari.

Bestalde, talde gazteek garrantzi handiko lekua izan dabe aurten be Getxon. Talde Lehiaketa horren erakusle da. Aurtengo ekitaldian, Alemaniako, Danimarkako eta Errusiako taldeak heldu dira finalera. Maila handia erakutsi ondoren, Magnus Mehl Quintet boskote alemaniarra nagusitu da lehiaketan, Danimarkako Jazz Kamikazeren aurretik. Azkenik, lehiaketea irabazi dauen taldeko tronpeta-jole Brice Moscardinik lortu dau bakarlaririk onenari emoten jakon saria.

Hirugarren Milurtekoa sailean be eskaintza zabala izan da aurten. Bost egunetan zehar, Getxo Antzokiko plazak beste horrenbeste kontzertu hartu ditu. Bertan, jazza eta erritmo elektronikoak buztartzen dituan Tunyi hirukoteak parte hartu eban lehenengo kontzertuan; Kataluniako Karion eta Albert Sanz & Organics izan ziran domekan eta astelehenean, hurranez hurran eta, martitzenean, De Diego Brothers euskal boskoteak 1960ko hamarkadako erritmoak ekarri ebazan jazzaldira. Azken saioan, Le Monde de Kota talde frantziarraren kultur anitzeko musikea izan zan protagonistea.

Ohikoa dan legez, kontzertu nagusiak amaitu eta gero, jam session saioak izan dira Algortako The Piper's Irish Puben. Bertan, bi talde jardun dira, jazzaldian parte hartu daben hainbat musikarik lagunduta, musika inprobisatua eskaintzeko asmoz.

Era berean, kaleetan be egon da jazza New Birth Brass Band taldeari esker. New Orleanseko marchin' band honek hainbat desfile egin ditu bost egunetan zehar eta Getxoko eta Bilboko kaleak alaitu ditu dixie erritmoez. Azkenik, Satistegi kafean Jose Manuel Horna argazkilariaren erakusketea egon da. Datorren urtean, Getxoko Jazzaldia garagarrilaren 4tik 8ra izango da baina, momentuz, Jazz Euskadi zikloa aurrera doa Gasteizen (garagarrilaren 8tik 15era) eta Donostian (garagarrilaren 21etik 26ra).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu