Nomada artean galduta

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2006-07-04 02:00   Bidaide

Mongolian egondako aste biak gure bizitzako emozionanteenak izan dira. Ulaan Baatar uriburu arriskutsutik urten eta gitxira konturatu ginan aurretik geunkan bidaiak ez eukala uriagaz ezelako zerikusirik.

Mongolian egondako aste biak gure bizitzako emozionanteenak izan dira. Ulaan Baatar uriburu arriskutsutik urten eta gitxira konturatu ginan aurretik geunkan bidaiak ez eukala uriagaz ezelako zerikusirik.

Txinako bidaian egindako parentesiaren helburua nomada mongoliarren bizimodua ezagutzea izan da, bizimodu hori daroen planetako familia bakarrak dira eta. Horretarako, 4x4 ibilgailu bat, gidari ona eta interprete bat alokatu eta edonorako bidea hartu dogu, jente horregaz biziteko asmoagaz. Ibilgailua, lur orotarikoa izan beharrean, furgoneta errusiar zahar bat da (hori bai, 4x4); gidaria ‘katxondo mentala’ da eta interpretea gaztetxuegia eta alperra. Baina alkarren artean guztiz desbardinak diran bost familiagaz egotea lortu dogu, gizarte-maila eta jatorri guztiz desbardinetakoak. Erraz ahaztuko ez dogun abenturea. Hona hemen Tander familiaren egun normal bat. Alaba bi daukazan bikote heldua da, gizarte-maila bajukoa.

Eguzkiak ez dau urten eta Toya, emaztea, altzauta dago. Goizeko lau eta erdiak dira eta ahuntzak eta behiak eratsi behar dira. Hamalau urteko Delgerma alaba zaharrenagaz egingo dau lana eta ordu bi baino gehiago emoten dabez egunero zeregin horretan. Oraindino hotz dago, egunez tenperaturea oso altua izaten dan arren. Mongoliako muturreko klima kontinentalaren ondorioz, oszilazino termikoa itzela da. Udan, tenperatura minimoa zero gradu zentigradukoa izan daiteke; maximoa, barriz, 30 graduraino hel daiteke. Ganera, mongoliarrek neguan hotz itzela aguantau behar dabe eta zero azpitik berrogei gradutan egotea oso normala da. Hori guztia hotzetik babesteko ‘ger’ sinple bategaz, mongoliarren ‘yurta’ tradizionala: tela lodi batez eginiko bizileku biribila; erdian, berotasuna emoteko, berogailu-sukalde bat daukie.


Animaliakaz

Goizaldeko bostak aldera, eguzkiaren lehenengo izpiak estepa berdea argitzen hasi dira. Toya eta Delgerma ‘ger’ barruan sartu dira eta Tander lo dago oraindino. Orain, armozua preparau behar dabe: behor-esneagaz eginiko tea eta eurek egindako pasta batzuk. Arbolarik ez dagoanez, sua egiteko beste material batzuk topau behar dira eta mongoliarrek, munduko beste leku batzuetan legez, behien korotza erabilten dabe erregai legez. Toyak sua biztu dau eta Tander nagiak ataraten dabil ezkatzaren berotasuna aprobetxauta. Itchko, lau urteko neskatoa, familiako gazteena da eta oraindino fetu-jarreran dago lo, aitaren ohean. Ohe bi baino ez dagoz lau lagunentzako eta ‘ger’ barruan ez dago ezelako banaketarik. Intimidade berbeak ez dauka zentzurik Mongolian.

Tanderrek arin batean hartu dau tea esneagaz eta, botak jantzi ostean, ganaduagaz landa barriak eta hobeak topetako helburuagaz urten dau. Danetara, 200 bat abelburu daukiez: ahuntzak, ardiak, zaldiak eta behiak. Eta bakotxak beraren espazioa behar dau. Zaldi marroiaren ganean, Tanderrek ez dau denporarik galtzen eta laster batean urrundu da. Mongolia, duda barik, mugarik bako herrialdea da.

Gero eta bero handiagoa dago. Honezkero, Itchko izarrik dago, amari goizean eratsitako esneagaz gaztaia egiten laguntzen. Delgerma ur putzuetarantz doa, lau bat kilometrora. Ordu biko bidea dauka aurretik. Bueltan, etxeko lanak egin behar ditu.

Arratsaldea trankila da. Luzea danez, ‘siesta’ antzeko deskantsu bat egin daiteke. Auzoko batzuen bisiteak (kuriosidadez, gu berton gagozalako) loaldia eten dau eta ‘ger’ barruan sekulako astrapalea dago. Bisitariei dagoan onena eskaini behar jake. Holakoak dira nomada mongoliarrak. Galdeketea hasi dabe: ezkonduta zagoze? Zuen herrialdean zaldirik badago? Zer jaten dozue?... Gura barik, interes-gune bihurtu gara.

Bederatziak dira eta eguzkiak gogor joten dau oraindino. Zerumugan, hauts-hodei batek Tander zaldi ganean datorrela adierazoten deusku. Haren aurrean, mueta guztietako animaliak datoz korrika, egun osoa jaten pasau ostean. Zorionez, eguraldia ona izan da eta erraz topau dau kalidade oneko bedarra. Nomada mongoliarren bizimodua oso lotuta dago natureagaz eta haren menpe dagoz. Urtea ona bada, lasaitasunez bizi daitekez. Baina urte txar batek zorigaiztoko bizimodua ekarriko leuskie, 1990ean pasau zan legez, hiru miloe abere hil ziranean. 2006ak, antza, albiste onak dakarz Tanderren familiarentzat.

Alkarregaz ospatzen dabez eguzkiaren azken izpiak. Hamar eta erdiak dira eta oraindino animaliak sailkatu barik dagoz. Hamaiketara arte ez dabe afaririk jaten. Handik ordu batera, Tanderren familia ohera doa. Bihar, barriro, Toyak eguzkiak baino lehenago urtengo dau kalera.

Hurrengo kronikan Gobi desertuko nomada bati eginiko alkarrizketea irakurriko dozue eta aldaketa klimatikoak munduko herrialderik garbienean daukazan eraginez ohartuko zaree.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu