Royal de Luxe, Deambulants eta Ball de Diables Llacuna Lekeitioko XVII. Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdian

Bizkaie! 2006-07-04 02:00   Kulturea

Eidaberen ‘Kanpanolue’ eta Teatro Trapero del Rioren ‘Erdi Aroko Kondaira’ lan barriak eta ‘Antzar Jokua’, Jaialdiaren ekoizpen propioa, Edorta Jimenezen ideian oinarrituz, Hortzmuga taldearen lana be lehenengoz ikusiko dira Lekeition garagarrilaren 7tik 9ra.

Eidaberen ‘Kanpanolue’ eta Teatro Trapero del Rioren ‘Erdi Aroko Kondaira’ lan barriak eta ‘Antzar Jokua’, Jaialdiaren ekoizpen propioa, Edorta Jimenezen ideian oinarrituz, Hortzmuga taldearen lana be lehenengoz ikusiko dira Lekeition garagarrilaren 7tik 9ra. Era berean, urteetan Kale Antzerki Jaialdiaren bultzatzaile izandakoa gogoan izango dau aurtengo jaialdiak. Lekeitioko alkate ohia pasa dan bagilean hil zan.

Amesa bete da, Royal de Luxe Lekeition izango da, Euskal Herrian lehenengoz, ‘Roman Photo’, antzerki apurtzailearen eredu dan obreagaz. Estreinau zanetik, Europan, Ameriketan, Afrikan, Asian zein Ozeanian sekulako arrakastea izan ostean, Lekeition zapatuan eta domekan aukera ezin hobea izango da lan hau ezagutzeko’ Imanol Agirre, jaialdiaren zuzendari artistikoaren esanetan. Lekeition eskainiko dabena La Gran Reyneta talde txiletarragaz batera egindako produkzinoa da.

Deambulantsen dantza bertikala, dantza garaikidea be ikusgarria izango da eta Ball de Diables Llacunaren herri tradizinoan oinarritutako suzko kalejireak be jente asko erakarriko dau.

Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdian, txikienek be gozauko dabe Cal y Cantoren ‘A-ta-ka’ lanagaz, Eidaberen ‘Kanpanolue’, Teatro Trapero del Rioren ‘Erdi Aroko Kondaira’-gaz zein Bego Klown-en ‘La Meva Mare’ lanagaz.

Beste alde batetik, La Industrial Teatrera kataluiniarren ‘Ole’ kalejira umoretsua nabarmendu behar da.

Azken buruan, aitamen berezia merezidu dau Hortzmugaren ‘Antzar Jokua’-ren estreinaldiak. Hortzmuga taldearen zuzendaritzapean, Edorta Jimenezen gidoia antzezlan bilakatuko da. Kalejira luze eta ikusgarri baten ondoren, plazan Antzarrarena jokatuko da. Herri-musikeak lagundurik antzezlan alai eta parte-hartzailea izango da. Lekeitioko hainbat antzerkizalek hartuko dabe parte aktore eta musikari profesionalakaz batera.

Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiaren ibilbidean, ekoizpen propio nabarmenak izan dira eta orain arteko 16 edizinoetan zazpi lan plazaratu dira Jaialdiaren ekimenaz. Aurten zortzigarrena bidean dago: ‘Antzar Jokua’.

Lekeitioko ekoizpenen historia

- 2004. ‘Anakabe Kapitainaren Balada’: Javier Durana gidoigile eta Karlos Panera zuzendari. Musikari lanetan Lekeitioko bandearen hainbat kide.

- 2003. ‘Moby Dic’k’: Sevillako La Nave antzerki taldearen zuzendaritzapean. 60 bat lekeitiarrek hartu eben parte.

- 2002 eta 2005. I eta II. Buruhandien Topaketak. Ondalan konpartseagaz batera antolaturik.

- 1997. ‘Kontuz Iones’. Salitre antzerki taldearen zuzendaritzapean.

- 1993. ‘Ongi Etorri Etsai Hori’. Hika antzerki taldearen zuzendaritzapean.

- 1991: ‘Gastibeltzaren Karabinak’: Maskarada antzerki taldekidea dan Karlos Paneraren zuzendaritzapean. 100 bat lekeitiarrek hartu eben parte.

- 1990. Ekintzak hondartzan. Markeliñe taldearen zuzendaritzapean.

www.lekeitiokale.net

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu