Sozialistak Euskal Herrian

Asier Madarieta Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria 2006-07-03 02:00

Ehun eta hogei urte pasau dira baina oraindino gogor dirau. Ehun eta hogei urte Bilboko Agrupación Socialista (Sozialisten Taldea) eratu zanetik, 1886ko garagarrilaren 11n. Artikuluaren asmoa sozialistak Euskal Herrian eta, batez be, Bizkaian izandako hasierak erakustea da.

Ehun eta hogei urte pasau dira baina oraindino gogor dirau. Ehun eta hogei urte Bilboko Agrupación Socialista (Sozialisten Taldea) eratu zanetik, 1886ko garagarrilaren 11n. Artikuluaren asmoa sozialistak Euskal Herrian eta, batez be, Bizkaian emondako lehen pausuak erakustea da.

Sozialistek Euskal Herrian emondako lehen pausuen ganean berba egiteko, Bizkaira bota behar dogu begiradea, lurralde horretan izan ebalako sozialismoak indar gehien. José Solano izeneko zapatari bat da leku guztietan aitatzen dan lehenengoetariko sozialistea, baina ideia horreek ez eben sendotasunik eta indarrik hartuko gure historian, 1885ean Facundo Perezagua Bilbora heldu arte.

Metalezko industria batean egiten eban lan Perezaguak. Espainian sortutako PSOE alderdi politikoko bazkidea zan alderdiaren sorreratik. Bilbora etorri zanean, uria sasoirik onenetarikoan egoan: lantegiak edonon, gero eta lan gehiago... Bilbo eta inguruak garatzen egozan. Baina langileentzako egoerea ez zan bape ona: ez euken ezelako eskubiderik eta, soldatak bajuak izateaz gan, egunean hamaika ordutik gora egiten eben lan.

Perezaguak egin eban lana ez zan edozelakoa izan. Bilbora etorri eta urtebetera, alkarte sozialistea edo Agrupación Socialista sortu eban. Urtebete geroago, Ortuellakoa sortu zan eta 1900ean Bizkaiko Federazinoa (10 herritako erakunde edo taldeek osotu eben). Ganera, Donostia, Gasteiz, Eibar, Irun eta Tolosan be sortu ziran erakunde sozialistak.

Bilbo inguruko garapena zala eta, gero eta jente gehiago, batez be etorkinak, hurreratu ziran. Etorritakoentzako ez egoan preparauta ezelako azpiegiturarik; ganera, lantegietako jaubeek eta arduradunek ez euken ezelako errukirik: euren pentsaera bakarra ahalik eta etekin edo onura handiena ataratea zan. Holan ba, langileei lanorduak gehitzen eutsiezan, soldatak bajatu, jatordu eskasak emon, etxebizitza txarrenak eskaini edota osasun eta garbitasun baldintzarik eskasenetan jarduten behartzen zituen.

Lan- eta bizi-baldintzak okerrera joiazala ikusirik, egoerearen kontrako manifestazino eta ekitaldiak areagotzen hasi ziran eta langileen eskubideen alde agertutako bakarrenetarikoak alderdi sozialistakoak izan ziran. Horregaitik, langileen aldeko ideiak defendiduten zituan alderdi sozialisteak itzelezko gorakadea eta garapena izan eban denpora gitxian. Eta prozesu horretan, Perezagua moduko gizonek eragin handia izan eben.

1890an, 30.000 lagunek, euren eskubideen alde, grebea egin eben maiatzaren 13tik 18ra bitartean. Sozialistek arrakasta itzela izan eben arlo politikoan eta Facundo Perezagua La Arboledako Udaleko buru izatera heldu zan. Espainia mailan be, sozialistek ordezkaritzea lortu eben.

Perezaguaren itzalpean hainbat lagun garrantzitsu batu ziran: horreen artean, Indalecio Prieto da aitatu beharrekoa, euskal sozialisten artean erreferentzia bihurtu zan eta.

Bitartean, Gipuzkoan be sozialismoak indar handia lortu eban Eibar inguruan. Uria be urte gitxian industrializau zan eta garapen horregaz batera sozialistak garatzen joan ziran. 1903an lehenengoz sartu ziran ordezkari sozialistak Eibarreko Udalean eta, 1920rako, eurak ziran nagusi.

Araba eta Nafarroaren kasuan, industriak garapen hain txikia izanda, sozialismoak ez eban garapen handirik izan, 1902. urterako Iruñeak be talde sozialistea izan arren.

Iparralden, Aturri itsasoratzen dan inguruan egoan industria-gunea. Hendaian, bestalde, mugako herria izanda, tren zerbitzua garrantzitsua zan eta behargin asko egozan beharrean arlo horretan. Baina sozialistek lehenengo urteetan benetako garrantzia Baionan izan eben, portuko langileek egindako grebeagaz. Halanda be, mobimentuak ez eban ordezkaritza politikorik lortu urte batzuk pasau arte.

Monarkia zaleak eta eskumako beste alderdi politiko guztiak alde batera itxita, alderdi sozialistea izan zan gure artean eratutako eta antolatutako lehenengo alderdi politikoa. Urte batzuk geroago, 1895ean, Sabino Aranak beste euskal alderdi politiko indartsua sortu eban: EAJ. Urteetan, alderdi nagusi bi horreen arteko lehia izan zan euskal politikan.

Baina sozialisten garapenean be izan ziran alde ilunak. Esaterako, 1919an, Moscun egindako kongresu sozialista batean komunistak nagusitu ziran. Batzuk ez egozan konforme, euskal sozialisten kasuan Indalecio Prieto, Enrique de Francisco edo Juan Gracia esaterako. Bestalde, baziran Moscun erabagitakoaren alde agertzen ziranak, Facundo Perezagua bera, Pérez Soliz edo Leandro Carro eta oraindino gaztea baina indarra erakusten ebilen Dolores Ibarruri ‘Pasionaria’ emakume gaztea, besteak beste. Beraz, sozialista eta komunisten arteko zatiketea izan zan.

Hurrengo urteetan sozialistek euren garapenagaz jarraitu eben, batez be Indalecio Prieto politikariaren itzalpean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu