Ulaan Baatar: amesgaiztoen uria
2006-06-27 02:00 BidaideApartamentu txiki bat alokatu dogu laurontzat Mongoliako uriburuan eta harrituta itxi gaituen ohar bat irakurri dogu: ‘gauerdiaz geroztik, ez urten kalera; ez da bape segurua’. Uriko kale trankilak ikusita, honakoa pentsau dogu: ‘asiarrak beti bardin; maniatiko hutsak dira segurtasun kontuetan’. Baina oker gagoz.
Ondorengo lerroetan kontauko deutsuedanerako ez dago argazkirik. Horregaitik, guztiz kontrakoa ilustretan daben argazkiak jarri behar dodaz kronikan.
Mongoliako uriburura, Ulaan Baatar-era heldu ginanean hasi zan dana. Aurreko kronikan leidu zenduen legez, honaino ailegetako Transmongoliarrean egindako bidaia trankila eta atsegina izan zan. Geltokian Mikel Insaustigaz bat egin genduan. Donostiarra da eta zortzi hile inguru daroaz Asian, biajeak egiten, hara eta hona. Kronika honeen jarraitzailea be bada. Alexen neskalaguna be hemen dago, oporrak aprobetxauta bisitatxua egitera etorri jaku eta. Apartamentu txiki bat alokatu dogu laurontzat eta harrituta itxi gaituen ohar bat irakurri dogu: ‘gauerditik aurrera, ez urten kalera; ez da bape segurua’. Uriko kale trankilak ikusita, honakoa pentsau dogu: ‘asiarrak beti bardin; maniatiko hutsak dira segurtasun kontuetan’. Baina oker gagoz.
Lehenengo eguna: gaueko hamaika eta erdiak aldera amaitu dogu afaria. Ordu erdi baino ez da pasau eguzkiak agur esan deuskunetik eta, danok alkarregaz gagozala aprobetxauta, billar-areto batera joan gara, hostaletik hur. Bidean ikusi doguzan arpegiak ez dira orain dala ordu batzuk lehenego ikusitakoen antzekoak. Arpegi gogorrak, kaleko umeak eskean, albo-alboka dabizan mozkortiak. Ulaan Baatar goitik behera aldatu da. Mikelek eta biok eskailerak bajatu doguz areto ziztrinerantz. Momentu horretan albo batera egin behar dogu mongol erraldoi bat mozkortuta eta albo-alboka datorrelako guganantz. Haserre arpegia dauka eta beste gizon batek oratu behar dau lurrera jausi ez daiten. Euren atzetik neskato bat dator, bildur arpegiagaz. Eta, azkenik, hirugarren gizona ikusi dogu, burutik odola dariola. Hirurak dagoz mozkortuta. Apurtxu bat aurrerago, jazotakoa ikusi dogu. Gizonezko biak haserratu egin dira eta batak besteari billar bola bat jaurti deutso burura. Lurra odolez beteta dago eta zeozer gehiago be galdu dau burutik, masa enzefalikoa akaso. Halanda be, Alexek kontau deusku barreka urten dabela kalera. Alkoholaren eragina da hori.
Bigarren eguna: Mongolian oso berandu iluntzen dauenez, eguna ahalik eta gehien aprobetxetan ahalegintzen gara. Horregaitik, ia ezinezkoa da jatetxea gauerdia baino lehenago ixtea, bigarren egunean be pasau jakun legez. Oraingoan, ikareak geuri eragiten deusku zuzenean. Alex eta Yolanda denda txikitxu batera sartu dira Kleenexak erostera. Mikel eta ni kanpoan geratu gara, itxaroten. Momentu horretan, edadeko andra bat hurreratu jaku eta, nire motxileari golpe bat emon ostean (ekipoa daroat bertan), Mikeli bularrean jo deutso. ‘Sketchez betetako uria da hau’, dino Mikelek. Segundu batzuk geroago, umetxu bat hurreratu jaku dirua eskatzeko. Betiko legez, ezetz esan deutsagu, baina geldi gagozala ikustean, dozena bat ume inguru etorri dira. Nire motxilea ukutzen hasi dirala igarri dot eta pausu batzuk atzera egin dot, baina Mikel izenak galdetzen hasi jake, atsegina izan guran edo. Inurri txikiak legez, inguratu egin gaitue. Momentu horretantxe, Alex albotik pasau jaku, bildur arpegiagaz, eta hortik urteteko agindu deusku. ‘Lapurtzen ahalegindu dira’. Yolanda atzean dago, zuri. Atzerago nago eta, horri esker, honezkero kontrolik barik dagozan ume artetik eskapetea lortu dot. Mikeli ez deutse urteten ixten eta indarkeria erabili behar izan dau soltetako. Arin-arin, hanka egin dogu.
Alex eta Yolanda oso urduri dagoz. Zer pasau jaken galdetu eta hauxe erantzun deuste: dendatik urtekeran, bost gizonek enboskadea egin deutse Alexi; aurretik eta atzetik inguratu dabe eta dirua eroian boltsiloan eskua sartzen eutsela igarri dau. Indarkeria erabili behar izan dau (ostikadak eta bultzadak) handik urtetako. ‘Ez neuke hori egin behar; kutxiloren bat atarako balebe...’.
Hirugarren eguna: uriari errespetua zor deutsagula ulertu dogu. Ez da bape segurua eta, gauez, hoba da etxean geratzea. Halanda be, hirugarren egun honetan, jazoerea egun argiz izan da eta gure logelako leihotik ikusi dogu. Gizonezko bi eta emakuzmezko bat mozkor-mozkor eginda dagoz, bata besteari arrantzaka. Gizonezko bat, senarra dala esango neuke, emakumezkoa joten hasi da. Ukabilkadak eta ostikadak. Emakumezkoa zarataka hasi da eta gu harrituta gagoz. Berehala deitu deutsagu hostaleko zuzendariari. Poliziari deitu deutso eta arazoan ez sartzeko esan deusku. Bitartean, gizonezkoa emakumezkoa jo eta jo dabil, ezelako begirunerik barik. Antza, sudurra apurtu deutso eta gure zaratak entzun arren, ekin eta ekin jarraitzen dau. Polizia, berandu, baina badator. Hostaleko behargin batek uste eban etorri be ez zirala egingo. ‘Oso normala da hemen’.
Agenteen erreakzinoa be kontetako modukoa da. Galderarik egin barik, porrak atara eta bi gizonezkoak gogor joten hasi dira. Lurrera bota ostean, ostikadaka be hasi dira. Goizeko hamaikak dira. Komisaldegira eroan dabez gero. Guretzat, egun barri bat da indarkeriak eta vodkeak kontrolautako urian. Sobietar komunismoaren herentzia da; zorionez, landa guneetan ez da holako egoerarik bizi.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!