‘Banda de la María’ musika-taldeak irabazi dau Zornotzako Haizetara jaialdia

Bizkaie! 2006-06-26 02:00   Musikea

Andaluziarrek 9.000 euroko saria jaso dabe. Publikoaren saria, 4.000 euro, ‘Always Drinking Marching Band’ taldeak jaso dau. Ganera, jaialdian izandako 'Dixie Gang' talde portugaldarra ezagutu ostean, urtea amaitu baino lehenago barriro Zornotzara ekartea erabagi dau Udalak.

San Juanetan, sua eta musikea izan dira protagonista Zornotzan. Herri bizkaitarreko kaleak musikaz jantzi dira asteburuan 'Haizetara' kaleko musika-jaialdiaren lehenengo edizinoari esker.

Bertoko eta nazinoarte mailako hainbat talde izan dira giroa animetan: Orkestra Roma (Bulgaria), Bernie´s Lounge (Herbehereak), Allegria Brass Band (Frantzia), Kumpa´nia Al-Gazarra (Portugal), Dixie Gang (Portugal), Bloco Dum Dum (Madril), Always Drinking Marching Band (Bartzelona) eta Banda de la María (Andaluzia). Ganera, talde bi egon dira konbidauta: Zornotzako Saguzaharrak Fanfarrea eta Marmara Dixie Band bizkaitarra

Irabazlea Andaluziako ‘Banda de la María’ taldea izan da, 9.000 euroko sariagaz. Epaimahaia nazinoarteko ospea daukien profesionalek osotu dabe, Jean-Yves Magre musikariaren (Celtas Cortos taldeko kidea izandakoa) gidaritzapean.

Publikoaren saria, 4.000 euro, ‘Always Drinking Marching Band’ talde katalanarentzat izan da.

Bestalde, urtea amaitu baino lehenago Dixie Gang banda portugaldarra Zornotzan izango da barriro

Musikaz gan, lehiaketea aberasteko helburuagaz, musika-tresnen eta artisau-tresnen erakusketea be izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu