Salif Keita, Kepa Junkera, Hedningarna eta Enzo Avitabile dira Getxo Folk 2006 jaialdiko artista nagusiak
2006-06-21 02:00 MusikeaIrailaren 1etik 4ra bitartean, munduan zehar musikea ikusteko eta sentiduteko dituen moduen erakustoki izango da Getxo.
Getxoko XXII. Nazinoarteko Folk Jaialdian Salif Keita, Kepa Junkera, Hedningarna taldea eta Enzo Avitabile izango dira izarrak. Irailaren 1etik 4ra bitartean, munduan zehar musikea ikusteko eta sentiduteko dituen moduen erakustoki izango da Getxo.
Urtero legez, eguna hasteko, arratsaldeko kontzertuetako talde eta artisten emonaldia izango da, Erromoko Santa Eugenia kaleko karpan, 19:00etatik aurrera. Kontzertu nagusiak 21:30etan hasiko dira (irailaren 4an, 20:00etan hasiko da) Areetako Geltokiko plazako karpan; kontzertuak amaitu ondoren, 23:15 aldera, Munduko Terrazan (Erromoko Santa Eugenia kalean) gaueko kontzertuak egingo dira. Ginera, umeentzako saio bereziak egongo dira jaialdian. Kontzertuez gan, hainbat herritako kale-bandek desfileak egingo ditue Getxoko kaleetan.
Kontzertu nagusiei jagokenez, aurten Hedningarna laukoteak emongo deutso hasierea jaialdiari. Talde hau 1987an sortu zan eta Suediako talderik arrakastatsuena bilakatu da. Musika talde honetako kideek eurek sortutako antxinako musika-tresna tradizionalak erabilten ditue. Euren musikan soinu tradizionalak eta erritmo elektronikoak buztartzen dira. Musika barritzailea da eta jente asko erakarri dabe folk soinura mundu guztian zehar. Sari garrantzitsu ugari lortu ditu laukote honek, eta, besteak beste, Grammy sarien Folk Diskorik Onenaren atalean izentauta egon da.
Irailaren 2an, Salif Keita Maliko musikari ospetsuaren txandea izango da. Keita mundu osoan ezaguna da afropop estiloaren bultzatzaileetako bat izateagaitik. Haren ahotsaren kalidade aparta eta zuzenean eskaintzen dituan saioak ditu ezaugarri nagusi. Eskarmentu handiko musikari honek erakutsi dau bere musikea anitza eta aberatsa dala: Afrikako tradizinozko erritmoak eta rock, soul edota funk lako doinuak buztartu ditu oreka handiz; Salif Keitaren azken lana, 'M'Bemba', horren adierazgarri da. Lan hau igaz kaleratu eban Bamakon (Malin) Keitak, Parisen 20 urtetan bizi eta gero. Amodioa, doinu alaiak eta erritmo jantzagarriak dira disko honen ardatz nagusiak.
Jaialdiaren erdialdean, irailaren 3an, Enzo Avitabile musikari italiarrak joko dau Getxon, Bottari familiako perkusionisten laguntzinoagaz. Artista honek tarantellaren aberria Campaniako (Napoli) eskualdeko tradizinoa berreskuratu dau eta Mediterraneoko beste hainbat erritmogaz buztartu ditu, musika barri bat sortzeko asmotan. Azken urteotan, Portico herriko tanbolin-jole ospetsuakaz ibili da Avitabile munduko hainbat agertokietan. Bottariek antxinako erritmoak interpretetan dabez, eta tanbor, hodi eta igitaiak lako tresnak erabiliz, oinarri erritmiko obsesiboak sortzen ditue Enzo Avitabileren ahots sendoa indartzeko.
Azken egunean, irailaren 4an, Kepa Junkerak bere azken lana aurkeztuko dau Getxon: 'Hiri', hain zuzen be. Disko hau erreferentziako musikari legez daukan bermearen azken fruitua da. Bitakora kaiera baten antzera, 'Hiri' lanak istorio zirraragarriak eta sentsazino errepetidu ezinak batzen ditu. Lan honen erakargarritasun musikal eskuzabalaren oinarria da, batez be, musikari bilbotarrak giro etniko garaikideak sortzeko dauen gaitasuna. Disko barrian, Kepa Junkerak giro eder eta edegiak sortu ditu entzulea sorgindu eta atrapetako. Era berean, hainbat erritmo mueta buztartu ditu, hizkera barriak eta kulturen arteko ulermenerako lurralde barriak bultzatzeko asmotan.
Jaialdiko jarduera osogarriei jagokenez, ikus-entzuleek Bidezko Merkatua bisitau ahal izango dabe; ekimen honen bidez Ipar eta Hegoaren arteko bidezko merkataritzea sustatzen da, eta hainbat GKEren batera antolatuta egongo da.
Bestalde, jatorri anitzeko artisau produktuak Munduaren Merkatura itzuliko dira Koan Alkarteari esker. Azkenik, beste herrialde eta kultura batzuetako gastronomiak be lekua izango dau Munduko Terrazan; ekimen hau Euskadiko Munduko Medikuak erakundearen eskutik egingo da.
Aurten, Getxoko Folk Jaialdiak babes-hitzarmena sinatu dau BBKgaz. Hitzarmen horren arabera, jaialdiak 'Folk Getxo BBK' izena hartuko dau eta Bilbao Bizkaia Kutxa jarduera honen babesle nagusia bilakatuko da, Folk Getxoren bi helburu nagusiak beteteko asmotan: kulturen arteko hartu-emonak musikearen bidez zabaltzea eta balore eta ekimen solidarioak bultzatzea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!