Axularren ‘Akelarrea’

Bizkaie! 2006-06-21 02:00   Musikea

Aldaketez josita jatorku Axular Arizmendi ‘DJ Axular’: musika-estiloa, taldekide kopurua... Mutrikuarraren hirugarren lana 'Babel Musik' disketxearen eskutik jatorkun ‘Axular 3.0’ diskoa eta orain arteko estilo techo progresiboa atzean itxita, break dance estilora hurreratzen da erritmo elektronikoetan oinarrituta, ukitu etnikoakaz.

Aldaketez josita jatorku Axular Arizmendi ‘DJ Axular’: musika-estiloa, taldekide kopurua... Mutrikuarraren hirugarren lana 'Babel Musik' disketxearen eskutik jatorkun ‘Axular 3.0’ diskoa da eta orain arteko estilo techo progresiboa atzean itxita, break dance estilora hurreratzen da erritmo elektronikoetan oinarrituta, ukutu etnikoakaz. ‘Disko helduagoa da, zabalagoa, perkusinoz, musika-tresna etnikoz eta oinarri elektronikoz jositakoa’, dino disketxeko arduradunak. Zuzenean, aldaketea nabarmen igarriko da, izan be, ‘hamar lagun egongo gara taula ganean, diskoan parte hartu dogun danok’, dino Axularrek. ‘Zuzenean energia bat sortuko da eta hori jenteari transmitidu gura deutsagu’. Energia horreek danak ‘Akelarre’ izeneko singlean batuta datoz. San Juan gaua ate-joka dago egunotan eta, euskal mitologiari omenalditxua egin guran, sorginak eta sua batu eta jai itzela antolatu dau Axularrek gaur, bagilak 21, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Ostean, bideoklip batean jasoko dabe eta ‘publikoak, benetan, akelarre bat zer dan jakingo dau’. Musikeak, zelan ez, garrantzi berezia izango dau jai horretan eta euskal mitologiagaz bat egingo dau.

Estilon-nahaste ugari dagoz diskoan, ‘ nire helburua jenteari hainbat estilo eskaintzea baita’ . Holan, euskal musikearen adierazle legez, txalapartea, albokea eta trikia entzun daitekez. Musika-tresna afrikarrak be erabilten ditu Axularrek eta didgeridoo australiarra be entzungai dago. Ganera, mutrikuarraren ahotsa entzuteaz gan, beste hiru lagun be izango dira abesten: beraren arreba Naroa, Toki (Etsaiak) eta Jontxu.

Diskoa Mutrikuko AME estudioan grabau dabe (Axularrena berarena da) azken sei hilebeteotan eta ‘diskoa grabetea estresantea izan bada, bideoklipa... zer esanik ez!’, dinosku.

Kontzertuak oraindino berbatu barik daukiez baina ‘lehenengo gurago dogu aurkezpen-kontzertuak zehaztea eta gero, gerokoak’. Antzoki ezagunetan kontzertu bana emotea da helburua, gero udako birea hasi baino lehenago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu