‘Hamaika oroimen askatasunarentzat’ bildumako beste liburu bat argitaratu dau Sabino Arana Kultur Elkargoak
2006-06-21 02:00Jokin Intzaren 'Hombre libre sin patria libre. Memorias desde la Resistencia Vasca (1936-1980)' liburua Hamaika oroimen askatasunerantz izeneko liburu-bildumako bigarren argitalpena da.
Jokin Intzaren 'Hombre libre sin patria libre. Memorias desde la Resistencia Vasca (1936-1980)' liburua “Hamaika oroimen askatasunerantz” izeneko liburu-bildumako bigarren argitalpena da; bilduma hori eginez Kultur Elkargoaren asmoa da, Euskadik bizirik irauteko eta haren askatasunaren alde dana emon eben euskal abertzale askoren bizipenak eta esperientziak berreskuratzea.
Eta burrukalari horreen artean leku nabarmen eta berezia dauka Jokin Intzak, izan be, Gerra Zibila eta diktadura frankistea sufridu behar izan ebazan belaunaldi oso baten eredu berebizikoa baita.
Ia 18 urte ere ez eukazala ekin eutson bere jarduera eskuzabal eta ausartari Bergaran, bere jaioterrian, Euskal Erresistentziako kide legez. Erresistentziaren buru Euskal armada garaituko ofizialak izandako hainbat gudari ziran, diktadura frankistearen erruki bako zapalkuntzeari aurre egiteko antolatu baitziran. Euzko Gudarosteko gudulari ohi hareen sakrifizioaren eta adorearen eredua funtsezkoa izan zan, duda barik, Jokin lako gazte askok Euskadiren askatasunaren aldeko burrukan hasteko, jarduera horrek eukan arrisku nabariengaitik.
Euskal Herriak izaten segiduten ebala aldarrikatzen eben pintada eta paskin hareen ostean etorri ziran lehenengo atxiloketak eta itaunketak, lehenengo jipoiak. Guardia zibilen batek galdetu eutsonean zergaitik 'sufrimentua baino ez dakarten istiluetan sartu', Jokin gazteak ezin argiago erantzun eutson: 'ia berak zer egingo leukean frantsesek Espainia inbadiuko balebe'.
Hiru urteko kartzelaldia ez zan nahikoa izango Jokin Intzaren gogo menderakatxa deuseztatzeko. Gorabehera eta arrisku askoren ostean, ez jakon besterik geratu erbestera alde egitea baino. Lehenengo Frantziara, eta azkenik, Venezuelara.
Ameriketan Jokin Intza legenda bihurtzeraino heldu zan. Eragozpen eta oztopo guztiak gaindituz, haren nortasun sendoak eta ereduak, haren ekimen eta antolaketa gaitasunak lortu eben, errefuxiatu legez Venezuelako erbestaldian egozan euskaldunen artean, hasiera batean laguntza behar ebela emon arren, gero, azken buruan, laguntzinoa eurek emotea Jose Antonio Agirre lehendakaria buru eban Eusko Jaurlaritzeari berari. Laguntza hori funtsezko bilakatu zan, batez be, nazinoartean diktadura frankistea sendotu eta onartu ondoren, Gerra Hotzaren bloke-politikak eraginda, hain zuzen.
Eragozpen eta traba guztien aurrean, espetxean, erbestean, baita heriotza-arriskuaren aurrean be, Jokin Intzak sekula ez eban itxaropena galdu.
Euskal kausari egin deutson ekarpena oso garrantzitsua izan da eta urterik gatxenetan erbesteko Eusko Jaurlaritzearentzat diruzko laguntza eta euskarri nagusia izango zana lortu eban.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!