Txinatik Mongoliara: Transmongolianoa
2006-06-19 02:00 BidaideKronika hau ia denpora errealean nago idazten, Transmongoliarraren hirugarren bagoiko bosgarren konpartimentuko literan jesarrita. Hamabi ordu inguru daroaguz hemen, Pekin-Ulaan Baatar (Txinako eta Mongoliako uriburuak, hurranez hurran) ibilbidea egiteko behar dituan 30 orduetatik herena baino gehitxuago.
Kronika hau ia denpora errealean nago idazten, Transmongoliarraren hirugarren bagoiko bosgarren konpartimentuko literan jesarrita. Hamabi ordu inguru daroaguz hemen, Pekin-Ulaan Baatar (Txinako eta Mongoliako uriburuak, hurrenez hurren) ibilbidea egiteko behar dituan 30 orduetatik herena baino gehitxuago. Goizeko zazpiretan Pekineko geltoki nagusian sartukeran desengainu itzela hartu dodala onartu behar dot. Ez trenagaitik, ezta beharginakaitik be, bidaiariakaitik baino. Gehienak turista atzerritarrak dira. Imajinetan dot linea luze honek eskaintzen dauen edertasunak ekarriko eutsela honaino, neure kasua be horixe izan da eta. Baina, egia esan, horrenbeste publizidadegaz, mueta honetako ibilbideek enkantu berezia galtzen dabe. Baina ezin naz kejau horrenbeste, konpartimentuan etxera bueltan doan neska mongoliar bategaz tokau jaku eta. Bide batez esango dot, ganera, neskatoak etxe osoa daroala beragaz.
Baina has gaitezan hasieratik. Oso goiz altzau behar izan gara goizeko seiretan geltokian egoteko, urteerea baino ordu bete pasatxu lehenago bertan egoteko. Itxaron-gelea jentez ganezka dago eta, horregaitik, oso gatxa da txartela erostea. Orduan urten dogu: 7:40.
Trena erosoa da baina ez dauka enkantu berezirik. Akaso, karaktere lirikoetan idatzitako idazkiek itxi deuskue ahozabalik lehenengotan. Horrek, eta treneko beharginek ingelesez berba bakarra ez jakiteak. Eta guk mongolieraz, gitxiago. Beraz, eskuen bidez komunikau behar gara. Euretariko bat buru-belarri dabil konpartimentua eta pasilloa garbitzen eta aurpegi serioa dauka, behargin mongol danen antzera, guk kontrakoa itxaron arren.
Bigarren mailako bagoietan goaz, lau litera konpartimentu txiki bakotxeko. Hirurogei euro personako. Maletakaz eta ekipoagaz, leku gitxi geratzen jaku beheko literatan, beraz, trena goitik behera ikustea erabagi dogu. Bagoi gehienak bigarren mailakoak dira eta turistez ganezka doaz. Gehienak aurretik antolatutako bidaia egiten dagoz eta ibilbide hau egin ostean, transiberiarra hartuko dabe Moskura heltzeko. Harritu egiten dau horrenbeste jente nagusi ikusteak, gehienak australiarrak eta edukazino gitxikoak. Hirugarren mailako bagoiak bigarren mailakoen antzekoak dira baina dekorazino eskasagoagaz. Bertan, gehienak bertokoak dira, Gengis Khan lurraldean daukien familiari bisitea egiteko uda sasoia aprobetxetan daben txinatarrak eta mongoliarrak. Lehenengo mailako bagoiak ez dira beste munduko ezer. Konpartimentuak antzekoak dira baina oge bi dagoz. Bikote maiteminduentzat, bikainak.
Bentanatik, paisaje desbardin ugari ikus daitekez. Pekineko etxebizitza eraikin indargeetatik, Mongolia barruko paisaje bakartietara, lantzean behin Harresi Handiak horniduta. Gaua berandu dator eta ordurako hainbat zopa jan doguz, Txinan instituzinoen parekoak baitira. Azkenik, zortzirak bueltan, eguzkiaren azken izpiakaz, Txinako mugara ailegau gara: Ereen. Aduanako prozesua luzea eta astuna izango zala pentsau arren, ofizialek arin baten eta seriotasunez jarri deutse silua gure pasaporteei. Behin momentu hori pasau ostean, danok itxaroten gengozana ailegau da.
Harrigarria
Trena garajera eroateko ordua da. Metalezko sugeari erroberak aldatu behar jakoz. Txinako errailek eta mongoliarrek zabalera desbardina daukie; mongoliarrak errusiarrak lakoak dira. Astindu gogorrakaz, bagoiak banandu eta trena bitan zatitu dabe hangar erraldoiean sartu ahal izateko. Orduan, leku estrategikoetan jarritako lau katu hidrauliko itzelek lurretik hainbat metrora jarri dabe bagoia, bidaiariak barruan dagozala, beharginek erroberak kendu eta barriak jarteko. Bidaiariak atentzinoz begiratzen dabe prozesua, ia hiru orduz. Ostean, Mongolia.
Uste dot ofizial batek inoiz ez deustela ondo-etorria emon herrialde batera sartukeran. Hori pasetan jatan lehenengo aldian gaueko hamabiak dira eta transmongoliarrean nago. Gure lo arpegiei kupidaz begiratzen deutse eta, barretxua eginez, pasaporteei silua jarri deusku polizia maitakorrak. Hortik aurrera, ez gara lo geratzen, koma egoeran baino.
Goizeko seiak dira eta, antza danez, eguzkiak orain dala ordubete urten dau. Treneko beharginak edonon dagoz, ingurua garbitzen, makinetan ur beroa jarten (ezinbestekoa zopak jateko) eta bagoi-jangelea armozurako preparetan. Bertan, azken sorpresea topau dogu: erroberez gan, bagoiaren diseinua be aldatu dabe eta orain arte txinatar diseinu indargea egoan lekuan jatorri mongoliarreko apaingarriak dagoz. Batek baino gehiagok itaunduko eban: ‘zelan heldu naz ni honaino? Non dago beste bagoia?’
Bentanatik, honezkero ez da begetazinorik ikusten, bape, eta eguzkiak gogor joten dau. Gobi izeneko basamortua pasetan gagoz, ezerezean galdutako lurraldea. Ulaan Bataarrera ailegau aurreko geltokiek agirian ixten dabe Mongoliako pobrezia. Herrialdeko biztanle gehienak nomadak dira eta hilean 50 euro baino gitxiagogaz bizi dira. Euren idoloa dan Gengis Khan-en arpegiak uriburuaren inguruko mendietatik begiratzen deusku. Hemen hasi da munduan biztanle-dentsidade bajuena daukan herrialdetik egingo dogun abenturea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!