Unamuno antidogmatista dogmatikoaren euskerazko biografia Sototarren eskutik
2006-06-13 02:00 KultureaAurten, abenduaren 31n, 70 urte beteko dira Miguel Unamunokoa (Bilbo, 1864-Salamanca, 1936) hil zana eta intelektual bilbotarraren euskerazko biografia argitaratu barri dabe Iñaki eta Mikel Sotok.
Aurten, abenduaren 31n, 70 urte beteko dira Miguel Unamunokoa (Bilbo, 1864-Salamanca, 1936) hil zana eta intelektual bilbotarraren euskerazko biografia argitaratu barri dabe Iñaki eta Mikel Sotok. ‘Joxe Azurmendik bultzatu ninduan ikerketea egitera tesi legez’, dino Iñakik. Azurmendik berak egin dau, hain zuzen be, Elkarren eskutik jatorkun ‘Unamuno’ liburuaren hitzaurrea.
‘Publizidade ikur bat izateaz ganera, Unamuno kontraesanez betetako gizona zan eta kontraesan horreek, geureakaz batera, liburuan islatu gura izan doguz’, dinoe Sototarrek. Euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna barruan eroan arren, kontrako biderantz jo eta amorrua erakutsi eban Unamunok Bilbon, 1901eko Lore Jokoen ekitaldian egindako berbaldian. Salamancako Unibersidadeko errektore izentau barri, honeek izan ziran, liburuan jasoten daben legez, beraren berbak:
‘Euskerea hilten dago eta ez dago beraren heriotzea lotu leiken giza indarrik; bizi legearen ondorioz hilten da. Ez gaitezan tristatu beraren gorputza desagertzen dalako, beraren arimeak hobeto biziraun daian da eta.
(...) Milaka urte daukazan euskeran ez da pentsamentu modernorik sartzen; Bilbon euskeraz berba egitea zentzubakokeria da. (...) Badaukagu, ganera, arrazoi ekonomiko bat: gitxiago kostetan jaku gaztelania ikastea euskerea eraldatzea baino’
Duda barik, kontraesanez betetako berbaldia, hiru urte lehenago, 1888ko bagilaren 8an Bizkaiko Diputazinoak euskerea irakasteko katedrara aurkeztu zan eta. Sabino Arana, Eustakio Medina, Pedro Alberdi eta Resurrección María de Azkue izan ziran ganerako hautagaiak eta azken horrek lortu eban lanpostua. Horrek bultzatu eban gorrotora eta, amorruz beteta, euskerearen eta euskal nortasunaren kontrako jarrerea zabaltzen hasi zan. Azurmendiren esanetan, ‘euskal nortasuna abizenera, arrazara mugatzen eban’. Beti, baina, harrotasunak bultzatuta.
Iñaki eta Mikel Sotok bitxikeria ugari topau dabez Unamunoren ganeko agirietan. Diruagaz eukan zaletasuna azpimarratu dabe, baina bilbotarraren idazkien mailea nabarmentzekoa dala dinoe. ‘Idatzitako hori da interesgarriena, bere onean eta bere txarrean. Hori da bultzatu behar litzatekena eta ez irudi turistikoa’. Azurmendik emon dau definizinorik biribilena: ‘antidogmatista dogmatiko totala zan’.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!