Pekin olinpikoa

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2006-06-09 02:00   Bidaide

Urte bi falta dira Txinak orain arte izan dauen erronka garrantzitsuenari aurre egiteko: 2008ko Joku Olinpikoen antolaketea. Uriburuan, Beijing-en (Pekin), jo eta ke dabiz zeregin horretan. Azpiegituretan ez daukie arazorik baina txinatarren ohitura bitxi batzuek aldarazoteko lan nahikoa egin beharko dabe, bestela, mendebaldar asko harrituta geratuko dira.

Urte bi falta dira Txinak orain arte izan dauen erronka garrantzitsuenari aurre egiteko: 2008ko Joku Olinpikoen antolaketea. Uriburuan, Beijing-en (Pekin), jo eta ke dabiz zeregin horretan. Azpiegituretan ez daukie arazorik baina txinatarren ohitura bitxi batzuek aldarazoteko lan nahikoa egin beharko dabe, bestela, mendebaldar asko harrituta geratuko dira.

Tiananmen plazea, Txinaren bihotz politikoa eta Pekineko zentru geografikoa, eguerdiko hamabiak. Eguzkiak gogor joten dau eta zapatak asfaltora pegetan dira. Aurrean daukagun zabalguneak, ezelako landaredirik bakoa, bero-sentsazinoa igoarazoten dau. Urrunean, ehun bat metrora, estadioa eregiteko lotu barik beharrean dagoan makina erraldoi baten zaratea entzuten da. Erlojutzar batek Partidu Komunistearen erronka propagandistiko erraldoiena, hau da, Pekineko 2008ko Joko Olinpikoak hasteko atzerako kontua daroa: 760 egun, 16 ordu, 35 minutu eta 3 segundu.

Inguruko kaleetako zugatxek, behintzat, zeozelako lasaitasun sentsazinoa emoten dabe. Uriburuko beroagaz eta kutsadureagaz, maratoilariek gatx eukiko dabe karrerea egitea. ‘Batzorde Olinpikoak ohartarazo eban egungo kutsadura-mailea mantendu ezkero ezin izango dirala iraupen luzeko probak egin’, dino Jesus Amezaga, Asian Fagor enpresako zuzendari eta Pekineko biztanleak. Halanda be, gobernuak itzelezko indarra dauka eta kutsadurea ez da arazo lar berarentzat. ‘Gura badabe, egun batzuk lehenago Pekineko fabrika danak zarratu leikiez, airea garbitzeko. Txinatarrak holakoak dira’, azpimarratu dau Amezagak.

Wanfujing Dajie-n, Pekineko kalerik garrantzitsuenean, dendetako aire girotuak eroangarria egiten dau egoerea. Halanda be, zamako zarata luze eta altu batek kaletik oinez doazen mendebadarren atentzinoa erakarten dau. Laster konturatzen dira nondik datorren zaratea. Txinatar batek ura hartu, zamea garbitu eta sobretan jakona lurrera bota dau. Duda barik, ez deutse kasu handirik egiten txistua botatea galarazota dagoala adierazoten daben seinaleei. Txistua botatea ohiturea da Txinan. Jazoerea ikusi dauen polizia batek gogor egiten deutso eta gizonak harridura arpegia jarri dau. ‘Txistua botatea espiritu olinpikoaren kontrakoa da’. Baina kontzeptu hori abstaktuegia da orain dala hogei bat urte arroz plater bat jateko arazoak eukazan populazinoarentzako.

Gizarte aldaketak

Pekineko taxi gorri klasikoak desagertzeko zorian dagoz. Euren lekuan, gobernuak bi koloreko 50.000 bat Hyundai eta Volkswagen auto moderno jarri ditu. Orain, erropak ez jatzuz baltz-baltz eginda geratzen taxi bat hartzeagaitik. Ganera, gero eta gitxiagotan sortzen dira gidariaren eta bezeroaren arteko tira-birak prezio egokia dala eta. Orain, legeari zorrotz jarraituz, taxistek taximetroak jarten dabez martxan bezeroa autoan sartu eta bidea hasi orduko. Halanda be, bide bera egiteagaitik taxi bakotxean pagau beharreko prezioen arteko desbardintasunek erakusten dabe makinatxuak ez dirala guztiz fidagarriak. ‘Taxistek eskola berezietara joan behar dabe, Gobernuaren aginduz, bezeroei iruzurrik ez egiten ikasteko’, dino Oscar Urdangarinek, Danobat enpresearen Txinako ordezkaritzako zuzendariak. ‘Kontu danetan legez, txinatarrek zigorra erabilten dabe neurri moduan eta legeari iruzurra egiten deutsen taxistak gogor zigortzen dabez’.

Hoteletan be aldaketak igarten dira. Orain dala aste batzuk, logeletako komunak ‘erabili eta bota’ produktuez beteta egozan: haginak garbitzeko eskuilak, orraziak, jaboia, eskuzapiak... eta zotzak! Baliabide naturalak arrazionalizetako helburuagaz (Txinari geratzen jakon irakasgai nagusia), gobernuak arau barria ezarri dau: produktu bakarra bezero bakotxarentzat. Lehen, egunero aldatzen ebezan, erabili zein ez. Baina orain arazo garrantzitsu bat dago: txinatarrek muturreraino beteten dabe araua eta orain hoteleko beharginagaz burrukan ibili behar da toalla garbiak lortzeko.

Baina, duda barik, Txinara egindako bidaian bizi daitekeen esperientziarik traumatikoena komun publikoetan izaten da. Bardin da komuna jatetxe batekoa, kalekoa zein aireportukoa bada. Edozein kasutan, lehenengo inpresinoa atzera botaten dauen usaina da. Atetik metro batzutara egon arren. Txinako komunetan higiene faltea itzela da eta gehienak ‘zuloa lurrean eta kitto!’ formuleari erantzuten deutse. Ia danek daukie itxura negargarria eta begi ona izan ez dabenen kaka-piloak edonon topau daitekez. Kontua oso larria da eta Barne Ministerioak lanpostu barria sortu dau Pekin 2008ra begira: komun publikoak garbi mantentzeko arduraduna. Haren zeregina, duda barik, iceberg osoaren puntatxua baino ez da. Oinarrian, Pekin 2008k txinatarren ohituren aldaketea eskatzen dau, 15 egunez baino ez bada be. Egun horreetan, Tiananmen beteten daben eskaleak beste uriren batera joan beharko dira.

Uriaren itxurarearen aldaketa nabarmenena hutoi klasikoetan bizi da. Hutoiak orain dala hainbat hamarkada erlojua lotu jaken auzo txikiak dira. Makinak bete-betean sartu dira bertara eta, euren benetako esentzia galdu barik, baina Beijing Olinpikoari lekua egiten hasita dagoz honezkero. Denpora gitxi geratzen da eta, beraz, hutoien azken usainez gozau dogu eta hona hemen mundu paralelo honen argazki batzuk.

Bide batez: Bizkaie! kamiseta barria gura dot ze hau hauts eginda daukat. Kalidade onekoa izan arren, hainbat garbitegi asiarretan ibili da bueltaka...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu