Egun handia Bilboko Liburu Azokan
2006-06-09 02:00 KultureaAdolfo García Ortegaren ‘Autómata’ liburuaren aurkezpen-ekitaldiagaz emongo deutse hasierea gaur Bilboko XXXVI. Liburu Azokearen 9. egunari 11:30ean Arenaleko karpan.
Adolfo García Ortegaren ‘Autómata’ liburuaren aurkezpen-ekitaldiagaz emongo deutse hasierea gaur Bilboko XXXVI. Liburu Azokearen 9. egunari 11:30ean Arenaleko karpan. Adolfo García Ortegak itsasoetako abenturea, magia eta ikusezintasuna kontetan dau nobela barrian. Idazleak adierazoten dauen legez, ‘hainbeste dira gauzak lotzen dabezan hariak, perspektiba asko behar dala horreek ikusteko, eta edozeinek ezin dau. Horregaitik, pasetan dana derrigortasunen emoitz legez ikusten da’.
Ostean, 12:30ean, Gemma Lienaz idazle feministeak ‘El diario azul de Carlota’ liburua aurkeztuko dau. Linenasek orain dala urte batzuk ‘Diario violeta de Carlota’ argitaratu eban, eguneroko arazoen ikuspegi feministearen ganeko gazteentzako liburua, eta bigarren liburu bat be: ‘El diario rojo de Carlota’, protagonisteak bizi ebazan lehenengo hartu-emon sentimentalen deskribapenakaz. Orain, ‘El diario azul de Carlota’ idatzi dau. Fikzinoa eta fikzino ez danaren artean dago liburua eta indarkeriez egiten dau berba. Horreen eta egoera arriskutsuen aurrean neska gazteek zelan jokatu behar daben azaltzen dau.
Arratsaldean, 16:30ean, irakurleek erositako liburuak sinatzera eroan ahal izango dabez, bertan izango baitira hainbat euskal idazle. Honeek izango dira idazleak eta lanak: Toti Matinez de Lezea ‘A la sombra del templo’ nobeleagaz, Jose Javier Abasolo ‘El aniversario de la independencia’ polizia liburuagaz, Jose Ramon Arana eta ‘Los entremundos de la reina Juana’ eta Gonzalo Iribarnegarai, ‘Tiempos turbulentos’ lanagaz.
Bidebarrietako liburutegian, 19:30ean, Jon Arretxe idazleak eta Aisha Konek Burkina Fasoko Ballet Nazionaleko lehenengo dantzariak ‘Griot’ ikuskizuna aurkeztuko dabe. Ikuskizunean ‘Griot’ liburuaren (Jon Arretxek Burkina Fasora egindako bidaiaren ganekoa) pasarteak irakurriko dira eta irudiak, musikea eta jantza afrikarrak erakutsiko dira. Afrikako hainbat lekutan griot izenaz ezagutzen dira musikariak, jantzariak eta kontukontalariak. Honezkero euskeraz aurkeztu dan ikuskizuna gaztelaniaz emongo dabe gaur.
Zapatua, bagilak 10
Goizeko 11:30ean, Arenalean, Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak antolatutako umeentzako tailerrak egiten diran aldi berean, idazle talde zabal batek azokan salgai dagozan liburuak sinatuko dabez. Honeek izango dira idazleak eta lanak: Vicente Huici eta ‘Aproximaciones a la razón narrativa’ saiakerea, Jose Luis Urrutia eta ‘La sombra del templo’, Fernando Palazuelos eta ‘Las manos del Angel’ eta Olatz Candina eta ‘Siete retratos y un jardín’.
Arratsaldean, 18:30etatik aurrera, Goizalde Landabaso ‘Jat’ liburuagaz, Fernando García Pañeda ‘Kismet’ liburuagaz eta Kepa Murua ‘Poemas del caminante’ liburuagaz izango dira sinadurak egiten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!