Bagilaren 5ean bete dira 31 urte Gabriel Aresti hil zala

Bizkaie! 2006-06-05 02:00

Olerkariak (1933ko urriak 14 — 1975eko bagilak 5) euskal poesia erabarritu eta gaurkotu eban. Poesiaren arloan ezagunagoa izan arren, beste genero batzuk be landu ebazan.

Gabriel Aresti (1933ko urriak 14 – 1975eko bagilak 5) Bilbon jaio eta bizi izan zan. Olerkariak euskal poesia erabarritu eta gaurkotu eban. Haren liburuek, Harri eta herri (1964), Euskal harria (1968), eta Harrizko herri hau (1971) errealismo sozialaren bidetik eroan eben euskal poesia, irudi-mundu barria sortu arte. Poesiaren arloan ezagunagoa bada be, beste genero batzuk landu ebazan: antzerkia, batez be, ipuina eta nobelea falta ez badira be bere produkzinoan. Itzulpen asko itxi ebazan bere lanen artean, eta gurearen antzeko hizkuntza minorizatuetako idazleen itzulpenez ganera, poesia modernoaren maisuen lanak euskeraz emon ebazan: García Lorcarenak edo T. S. Eliotenak berbarako.

Literatura mundua aldatzeko gai zala uste izanda idatzi eban Gabriel Arestik, eta beraren lanek garrantzi handia hartu eben, poesiaren eta antzerkiaren bidez bere ideiak gizarteratu ebazan frankismoaren kontra eta frankismoak eregitako gizarte moldeen kontra.

Literaturearen mugetatik kanpo euskal kulturan be buru-belarri sartuta egoan: euskera batuaren bultzatzaile sutsua eta Lur argitaletxearen sortzailea, ateak zabaldu eutsezan idazle barriei; aldizkarietan idazten eban eta artisten laguna be bazan.

Gizartean eztabaidea zabaldu eban eta urte hareetan euskal gizartean eta kulturan egozan kontraesanen eredu bihurtu eban bere eretxia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu