Estatutua lortu guran

Asier Madarieta Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria 2006-06-02 02:00

Datozan lerroetan Euskal Herrian estatuturen bat lortzeko egindako ahaleginen barri emotera goaz.

Sarrerea

Bagilaren 1ean ospatu zan Eusko Ikaskuntzeak 1931an egindako Estatutuaren 75. urteurrena. Nahiko isilik joan dan urteurrena dogu hau. Hori dala eta, datozan lerroetan Euskal Herrian estatuturen bat lortzeko egindako ahaleginen barri emotera goaz.

Egun, estatutu berbea aitatzerakoan, Kataluniako estatutua jatorku burura edo, gure herrira begiratuta, Gernikako eta Nafarroako estatutuak, ze biak be antzeko hitzarmenak dira, nahiz eta bigarrenak ‘amejoramiento’ izena euki.

Aurretik be izan ziran beste urte eta sasoi batzuetan egindako ahaleginak eta horreen barri emotera goaz.

1838 eta 1883

Euskal lurraldeetarako Estatuturen bat lortzeko lehenengo ahaleginak Nafarroatik etorri ziran 1838 eta 1883 urteetan. Iturrietara jota, ez dago ahalegin bi honeen barri askorik eta, laburtuz, euren asmorik nagusiena Forutasuna gaurkotzea zala esan geinke. Dana dala, hasitako prozesuak ez eban arrakasta lar izan eta ahalegina bertan behera geratu zan.

Lehenengo ahalegin horretan, Pirinioetatik Hegoaldera dagozan euskal lurralde guztiak sartzeaz gan, Nafarroa Beherea be sartzen zan. Eta ez zan eremu horretan geratzen, Errioxako zatiren bat be euskalduntzat emoten eben eta.

1905

Urte horretan egindako ahalegina Madriletik, alderdi espainiarren eskuetatik etorri zan, bitxia baderitxagu be. Baina argi egoan helburua: indarra hartzen egoan euskal abertzaletasuna (pentsau daigun Sabino Arana urte bi lehenago hil zala eta bere oinordekoak gero eta gehiago zirala) eta foruzaletasuna ezerezean itxi.

1917

Aurreko urteetan egindako ahaleginek ez ebela ezelako fruiturik emoten eta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiak batu eta Espainiako gobernuagaz hartu-emonetan jarri ziran, estatutu barria adosteko. Madrileko agintarien artetik baiezko erantzuna hartu eta hiru aldundiek batzordea eratu eben Madrileko Gobernuagaz, estatutua eztabaidau eta onartzeko.

Baina Madrilen agintariak aldatu eta konserbadoreak jarri ziran agintean eta eratutako batzorde guztiak bertan behera geratu ziran.

LIZARRAKO ESTATUTUA

1931. urtera arte itxaron beharra egon zan. Espainian Bigarren Errepublikea ezarri eta egoera barriak aukera barriak eskaintzen ebazala pentsau eben estatutuaren alde egozan euskaldunek.

Alderdi politikoek estatutu barria Eusko Ikaskuntzeari bialtzea pentsau eben, proiektua alderdi batena edo bestearena ez izateko.

Urte berean egindako bigarren ahalegina beharbada ezagunagoa dogu: Lizarrako Estatutua. 1931ko bagilaren 14an Lizarran Hego Euskadiko udal gehienak onartu eben testua. Egia esan, Lizarrako batzarra Iruñean egitekoa zan, baina gobernadoreak ez eban baimenik emon eta azkenean Lizarran egin behar izan eben.

Baina Estatutu proiektua Madrilera eroan eta Konstuzinoagaz bateratzeko aldaketak egin ziran. Bitartean, 1932ko bagilaren 19an Iruñean egindako botazinoan, Udalek adostasuna berretsi behar izan eben, baina tranpa batzuk tarteko, Nafarroako udal gehienek agindutakoaren kontra egin eben eta ez zan onartu estatutua. Horrek Hegoaldeko euskal lurraldeen zatiketea ekarri eban.

1933

Proiektuan behar ziran aldaketak eginda, 1933ko zemendiaren 5ean egin eben Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Estatutu barriaren botazinoa. Onartu egin zan baina barriro be Madrilera eroan eta CEDA eta Alderdi Erradikalak (konserbadoreek) tramitazinoa geratu eben.

1936

1936ko urrian onartu eben azkenik Madrilen lehenengoa izango zan Estatutua. Elgetako Estatutua izena hartu eban, herri horretan egoalako gerra frontea estatutua onartu zanean. Horren ondorioz, lehenengo Jaurlaritzea eratu zan urriaren 7an Gernikan, Agirre Lehendakari zala.

Iparraldeko estatutua

Iparralden izan ziran hurrengo urteetan estatutua lortzeko ahaleginak. Marc Legassek bultzatu eban proiektua 1945ean, baina Iparralden egindako ahalegin bakarra izango zanaren ondorioz, 1946an kartzelan sartu eben Marc Legasse.

Gernikako Estatutua

Eta azkenik, 1979an eta 1982an Gernikako Estatutua eta Nafarroako Amejoramientoa daukaguz, historia labur honen azkenengo atalak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu