Basakiren estilo basatia eta melodikoa

Saioa Torre Gereketa 2006-05-31 02:00   Musikea

Leioatik dator taldea eta disketxe bategaz lan egiten dauen lehenengo aldia da. Halanda be, taldearen hirugarren lana da ‘Esperantzaren zain’.

Leioatik datoz Iker Herrero, J.M. Millares, Alfonso Rodriguez eta Natxo Velez. Basaki taldea osotzen dabe eta orain dala hamar urte joten hasi arren, gaur kaleratu dabe lehenengoz disko bat (‘Esperantzaren zain’) disketxe bategaz, Baga-biga mungiarragaz hain zuzen be. Halanda be, ez da euren lehenengo diskoa, izan be, eurek produzidutako disko bi atara dabez daborduko, 2000. urtean taldearen izen berekoa eta 2002an ‘Bide estuak’ izenekoa.

Agus Barandiaran disketxeko arduradunak rock-metal talde legez definidu ditu baina heavy ikutua be igarten jakela dino. Diskoa hamar kantaz osotuta dago eta, tartean, Kortatu taldeari omenalditxua egin deutse Mexikoko zigilu batek eskatuta. Kolaborazinoak be izan dabez, doinu eta berba guztiak Basakik egin arren. Aitor eta Mikel Gorosabelek eta Mikel Bizarrek ahotsa sartu dabe kanta batzutan eta Ibon Jordanek bateria jo dau ‘Itsasoko erromesak’ kantan.

Natxo Velez taldekideak azpimarratu dau pozik dagozala egindako lanagaz, ‘hamar urteko ibilbidearen ostean etapa bat zarratzen dauelako diskoak’. Kike Mora teknikariagaz izandako adiskidetasunak asko lagundu deutse diskoaren grabazinoan eta gauzak ganoraz eta ‘trankil egiteko aukerea izan dogu’. Berbei jagokenez, ‘ez jaku gaiak zeintzuk diren esatea gustetan, hori jenteari jagokolako; bestela, lar zarratzen dira abestiak’. Halanda be, bide nagusi bi jarraitzen dabezala aurreratu deusku: batetik, gai sozialak (euskal taldeek kanpoan izandako zentsurea, kasurako); eta, bestetik, gai personalak. Azken horreetan dira, hain zuzen be, melodiak nagusi. Izan be, ‘taldekideon gustuak desbardinak izan arren, melodikotasuna danori gustetan jaku eta diskoa, basatia izateaz gan, melodikoa be bada’.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu