Umorea nagusi Leioako kaleetan

Bizkaie! 2006-05-31 02:00   Kulturea

Danetara, 48 konpainia izango dira Leioako VII. Umore Azokan. Horreetatik 17 euskal taldeak dira.

Orain dala 7 urte sortutako Leioako Umore Azokea barriro jarri da martxan bagilaren 1ean eta bagilaren 4ra arte umorea izango da nagusi Leioan.

Aurreko sei edizinoetan izandako arrakastea ikusita, aurten danetara 48 konpainia izango dira Leioan. Horreetatik, 17 euskal taldeak dira; euren programea komunikabideen aurrean agertu eben atzo, Xabi Larrea aktorearen ekitaldi berezi eta guzti. Bederatzik obrea estreinauko dabe eta Leioako Udaleko Kultura Saileko Zuzendari Ana Lopez Asensik ‘ohore’ legez definidu eban hori. Herriko Euskal Etxeen Plazea, Sabino Arana kalea, Boulevard-a, Auditoriuma, Institutua, Ikea Barri Plazea eta beste hainbat leku aktorez eta ikuslez jantziko da astegoienean eta, zelan ez, barrea izango da nagusi.

Aurtengo programazinoa oso zabala da eta zirkua, musikea, trapezioa eta umeentzako ikuskizunak nabarmendu behar dira. Horreekaz batera, Euskal Herriko Unibersidadearen laguntzinoagaz antolatutako bi instalazino ikusi ahal izango dira: ‘AutoGene’, Erresuma Batuko Karotz konpaiaren eskutik, musikearen erritmora mobiduten diran guardasol batzuen ikuskizuna da. Bestetik, ‘Los Grumildos’ talde peruarrak putetxe bateko istorioa antzertuko dau automata bihurri batzuen bitartez egoera desbardinak azalduz.

Igazko 20 espazioez gan, bi gehiago zabalduko dira Estartetxe plazan, aitatutako instalazinoak jasoteko helburuz.

Bestetik, igazko Umore Azokako Sarien banaketea bagilaren 2an izango da Kultur Leioako prensa aretoan 14:00etan. Euskadiko ikuskizunik onenari eskainitako saria ‘Les Nadies y el destilador de Ideas’ konpainiari emongo jako. Euskaditik kanpoko ikuskizunik onenaren saria, barriz, Castellóko Visitants taldeak eskuratuko dau.

Umore Azokearen barruan antolatutako bestelako jardueren artean, Euskadiko IV. Kale Arteen Topaketa Profesionalak bagilaren 2an eta 3an ospatuko dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu