Arriaga Antzokiak eta OLBEk lankidetza-ituna sinatu dabe gazteen artean operea bultzatzeko

Bizkaie! 2006-05-29 02:00   Musikea

OLBE Txikiren ekimenez, datorren denporaldirako preparautako emonaldiak eskainiko ditu antzoki bilbotarrak. Opera programazino hau familiartean, lagunakaz, edo gelako ikaskideakaz, hau da, danok gozau ahal izateko pentsaurik dago.

Bilboko Arriaga Antzokiak eta OLBEk (Opera Lagunen Bilboko Elkarteak) lankidetza-ituna sinatu dabe ikuslego gazteenen artean operea bultzatu eta erraztu asmoz. Gauzak holan dirala, OLBE Txikiren ekimenez, datorren denporaldirako preparautako emonaldiak eskainiko ditu antzoki bilbotarrak. Opera programazino hau familiartean, lagunakaz, edo gelako ikaskideakaz, hau da, danok gozau ahal izateko pentsaurik dago.

Itun hau elkarte biek Opera XXI Elkartean egindako lankidetzearen (Espainiako Antzerki, Jaialdi eta Opera Denporaldi Iraunkorrak) eta tokiko kultur instituzinoakaz daukien lankidetzearen politikeari esker gauzatu da.

OLBE Txikiren emonaldiak Arriaga Antzokira aldatzeak, aurreko denporaldiaren edukiera bikoiztea eta, beraz, operea neska-mutil gehiagori hurreratzea ahalbidetuko dau. Beraz, lehen zikloan opera eskaintza honek 9.000 gazterengana hurreratzea lortu baeban, gazte gehiagorengana heltzea dau helburu. Horrezaz gan, Arriaga lako antzoki klasiko eta historikoaren giro magikoagaz kontaktuan jarri eta bertan mobiduteko aukera parebakoa izango da.

Gazteenei eta euren familiei operea era berezian hurreratzen eta euren neurrira egindako proposamen desbardin eta irudimentsuak eskaintzen saiatuko da beste denporaldi batean OLBE Txiki. Ekitaldiotan, operaz edonork disfrutetea lortuko daben elementu desbardinak izango dira, besteak beste, ahots kantua, tresnez egindako musikea, mobimentu eszenikoa, antzerkia, dekoraduak eta abar. Bi modalidadetan bereiztuko dira ekitalduak: 'familientzako' emonaldiak, familiei, gazteenei eta euren lagunentzakoak; eta 'ikasleentzakoak', hau da, eskola-orduetan ikasleei zuzenduak (aldez aurretiko prestakuntza saioak izango dabez eta material didaktiko interesgarriaz osotuko dira). Emonaldi honeek, orain urte batzuk OLBE garatzen ari dan programa didaktikoaren edukia osotu eta sendotzen dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu