Abenturak Txinako garraiobideetan

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2006-05-26 02:00   Bidaide

Ondorengo lerroetan Zhejiang probintziako Wenzhou urira heltzeko bizi eta sufridutakoak kontauko deutsuedaz.

Ondorengo lerroetan Zhejiang probintziako Wenzhou urira heltzeko bizi eta sufridutakoak kontauko deutsuedaz.

Arratsaldeko 16:30etan hasi da gure ibilbidea Hangzhouko geltokian 5103 trena hartu dogunean; aurretik 250 kilometroko bidea daukagu eta lehenengo sentsazinoa oso ona izanda: jesarleku erosoak, fardelak sartzeko nahikoa leku, bagoia garbi... Dana dala, alboan neskato bi, mutiko bat, ama eta amuma daukaguz bidelagun eta laster konturatu gara bidaia ez dala bape lasaia izango eta lurrikara baten pareko indarra daukiela.

Trena ezelako atzerapenik barik abiatu da baina atzerantz. Bai, atzerantz goaz. Ez deust lebarik. Neskato biak berréala hasi dira mobiduten eta bazterrak nahasten; Alexi barretxua egin deutsen arren, ezikusiarena egin dau eta orduan, txikienak oin-euskarriagaz zarata bizi-bizia egin leikela deskubridu dau; Alex laguna onetik atara dabe eta umeak isilarazoteko asmoz ogro arpegia jarri arren, barre alagaraka jarraitu eta laguntxua nahastau dau ganera. Orain bi dira. Ñec, ñec, ñec. Atzerago mutikoa dago txinatar modaren eredu, izan be, praketan zulo ederrak daukaz atzetik eta aurretik, eperdia eta hankatartea bistan daukaz, estutasuna datorrenean, trankil-trankil egiteko egin beharreko guztia. Mutikoa negar baten dago eta ganera, amuma eskuko telefono erosi barriaren soinu polifoniko guztiak probetan dabil, ñec, ñec, ñec, tiriri, tiririri.

Ezustean, neskato txikienak beste gauza bat deskubridu dau; beso-euskarriaren azpian jatordurako azpila dago eta panderoa balitz legez sekulako zaratotsa sortu dau... ñec, ñec, ñec, tiririri, tiririri, pom, pom, pom.

Hori guztia gitxi ez balitz, apur bat aurreragoko jesarlekuetan, artega, ozpinduta (akaso, hamar bat te hartu ditualako) dagoan gizon bat dago guri begira eta barreka. Zutundu, jesarri, zutundu, zigarro bat erre, kea apropos guri bota, jesarri, txistua bota, tea edan...holan pasetan ditu minutuak, orduak eta orroak jasanezinak dira: uargggggghhhhhh!!! Ah, eta ñec, ñec, ñec, pum, pum, pum, buaaaaaa, tiririri, tiririri. Neskato txikienak oin-euskarriagaz olgetan jarraitzen dau eta Alexek zoro arpegia jarten deutson arren, barre algarak gero eta zaratatsuagoak dira.

Holako batean, trena geltoki batera heldu da eta ordu erdi inguru egon gara geldi. Ondoren, ‘aurrerantz’ hasi da trena. Ez dogu bide aldaketarik igarri eta, beraz, atzera bueltan ez joateko errezetan hasi gara.

Bien bitartean, jesarleku batzuk atzerago, txinatar batzuk animau dira, antza, eta txilioka hasi dira. Hiruzpalau ordutan giro hori sufridu behar izan dogu eta, ganera, trenak geldialdi luzeak egin ditu arrazoi jakinik barik eta, jakina, tartean makinatxu bat ñec, ñec, tiririri, buaaaaa entzun behar izna doguz.

Bidaiako bosgarren orduan, familia zaratatsua heldu da helmugara, antza, eta alde egin dabe. Jaungoikoan sinisten hasi gara. Artega dagoan gizonaren marmarragaz ohitu gara eta aspaldiko partez lasaitasuna da nagusi. Dana dala, ez luzarorako ze orain arte isilik egon dan megafonistea ez da konturatu lokartzen hasita gagozala eta soinu eta efektuakaz batera, mezuak emoten hasi da: tin, tin, tiiiiiin: bla, bla, bla, bla… Ganera, mezuakaz amaitu eta berehala, irratiko seriala jarri dau treneko bidaiariontzat eta altu baino altuago. Ez, Jaungoikorik ez da munduan.

Itxaropena erabat galduta, Wenzhoura heldu gara. Goizaldeko ordubata da eta leihotik begiratuta, uria hilda dagoala emoten dau. Dana dala, trenetik bajatu eta geltokian sartu garanean, nondik agertu diran ez dakigula txinatar uriolea agertu da gure begien aurrean. Geltokitik urten eta txilioka hartu gaitue ‘ehundaka’ taxistek: taxi, taxi, taxiiiiiii!!! Taxiaren barruan erdi lo dagoalako, txiliorik egin ez dauen gizaseme baten autoan sartu gara. Taximetroa ez dabil (holan dino berak) baina zintzoa emoten dau (12 yuan, 1,2 euro banderea bajatuteagaitik). Atea zarratu orduko, azelerau eta bete-betean ez baina gizon bat jo dau eta honek inoiz entzun ez dodazan irainak jaurti deutsoz. Abiadea neurtzeko orratza be ez dabil baina 100 bat kilometro orduko belozidadea hartu dau seguru segundu gitxi batzuetan eta bidegurutze batera heldu garanean, beste taxi bi agertu jakuz antzeko abiadan. Galgea emon, bolanteagaz ezkerretara egin eta lehen kotxea librau dau; bigarrena librau guran, eskumatara egin, derrapau eta ganera etorri jaku. Boooom! Txapa-istripua izan arren, garrasiak sekulakoak izan dira. Barriro.

Eta hor gagoz gu, Wenzhouko etorbide baten erdian, goizaldeko ordubietan, taxista bi txilioka eta gu eta beste taxiko bidaiariak sustoa gainetik kendu ezinik. Zorionez, beste taxi bat hurreratu da eta hanka egin dogu handik. Gerrikoa jarri eta taxisteak barre egin deust.

Azkenean, hotelera heldu eta erdi lo topau dogu harreragilea; makinatxu bat agiri emon deuskuz bete eta sinatzeko. Pazientzia. Zorionez, hasieran sumo txarra hartu arren, gelea nahikoa txukuna da.

Ferryan

Putuoshan, Zheijiang probintziako isla txiki batetik Shanghaira ferryan goaz. Berrehun kilometro dira eta 15 bat orduko biajea.

Lau lagunentzako gelan hiru jesarleku dagoz zatika jausteko zorian, ukutu be ezin daitekeen mahaia, garbiontzia ez dabil eta literako izarak gurago dot ez deskribidu. Entxufean ez dago argi-indarrik eta ferrya alboz doa estribor aldera nabarmen.

Gelan emakume txinatar bi izango doguz bidelagun. Gaua pasetako ‘Tsingtao’ garagardao markako litro batzuk eta kakahuete partidea ekarri dabez; azalak eta enparauak, ‘jakina’ lurrera doaz, gu jaio aurretik, ferrya uretaratu ebenetik garbitu ez dan moketara, hain zuzen.

Fideo apur bat jateko gogoz kafetegira goaz. Ezinezkoa, ez ei dalako fideoen ordua. Plater ugerdoetan, platerak eurak baino ugerdoagoa dan kozineru batek tortilla zatiak eskaini deuskuz edo zati-zati egindako tortillea, tomate zati batzuekaz batera. Edateko tea baino ez dago, behin eta barriro erabilitakoak emoten daben papelezko ontzietan.

Beherazkorik ez eukiteko errezetan hasi gara ze aterik bako komun etxurako gela txiki-txikian, zulo baltz bat baino ez dago. Zoragarria.

Beroaren beroagaz izerditan emon dogu gaua, leihoa zabaldu eta hotzitu egin gara. Izerdi hotza. Ez dot izararik ukutu gura, ferryaren motorraren zaratea gortuteko modukoa da...

Shanghai, goizaldeko 05:30ak, paradisua.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu