Folk euskalduna Ghatusainen eskutik
2006-05-25 02:00 MusikeaSopuertako Mendebalak antolatutako Euskal Herriko bigarren folk-maketa lehiaketea irabazi ostean, lehenengo diskoa kaleratu barri dau Ghatusain taldeak MDSKren eskutik.
Sopuertako Mendebalak antolatutako Euskal Herriko bigarren folk-maketa lehiaketea irabazi ostean, lehenengo diskoa kaleratu barri dau Ghatusain taldeak MDSKren eskutik (Mendebala Diskak). Lehiaketearen finala igazko bagilaren 16an izan zan Bilboko Kafe Antzokian eta honeek izan ziran hiru finalistak: Euri Ttanttak, Keltiar Aldea eta Ghatusain. Diskoa Elkar estudioetan grabau dabe, zuzenean, Mikel F. Krutzaga teknikari eta produtorearen gidaritzapean.
Folk talde gipuzkoarra orain dala hiru urte hasi zan musikearen munduan. Iñaki Dieguez (akordeoia), Julio Bravo (bobolina eta mandolinea), Ritxi Salaberria (bajua), Ruben Caballero (gitarra akustikoa eta elektrikoa), Igor Telletxea (bateria), Laura Latienda (ahotsa) eta Javi Area (perkusinoa) dira taldekideak. Askotan, taldekide danak batzea gatxa izaten dala autortzen dabe baina hasi ziranetik inok be ez dau bandea itxi.
Zentzu modernoan moldatutako euskal musika herrikoian oinarritzen da Ghatusainen musikea. Euren esanetan, egiten daben musikea ez da zeltiar folka, euskal folka baino, ‘azken batean, hemengoak garalako eta zeltiar folka egiteko zeltiarrak dagoz’. Diskoan kanta herrikoi ezagun bat topau geinke, ‘Iduzki denean’. Ganerako kantak Iñaki Dieguezenak dira eta kolaborazinoek pisu berezia daukie. Holan, Alan Griffin irlandarra, Estitxu Fernandez aurkezle ezaguna eta Jon Maia bertsolaria entzun daitekez, besteak beste, diskoan.
Orain arte atzerriko festibaletan ibili arren (Cornouaillen eta Bresten, berbarako), aurrerantzean euskal plazetan eta antzokietan joteko gogoz dator taldea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!