The Cult, El Columpio Asesino eta Gatibu taldeak Bilbao Live jaialdian
2006-05-25 02:00 MusikeaThe Cult talde ingelesa, El Columpio Asesino nafarrak eta Gatibu bizkaitarrak be sartu dira garagarrilaren 13, 14 eta 15ean Bilboko Kobetamendi zelaietan egingo dan jaialdiaren egitarauan.
Bilbao Live jaialdian joko daben talde gehiagoren izenak jakinarazo dabez gaur Last Tour International enpresa antolatzaileko arduradunek. Gauzak holan dirala, The Cult talde ingelesa, El Columpio Asesino nafarrak eta Gatibu bizkaitarrak be sartu dira garagarrilaren 13, 14 eta 15ean Bilboko Kobetamendi zelaietan egingo dan jaialdiaren egitarauan.
Antolakuntzako iturriek adierazo dabenez, laster jakingo da jaialdi bilbotarreko egitaraua osotuko daben ganerako taldeak zeintzuk izango diran.
The Cult banda ingeles mitikoak bere rock gogorra eskainiko dau Bilbon, Ian Astbury abeslaria eta Billy Duffy gitarristea buru dirala. Jakina danez, talde ingelesak Gasteizko Azkena Rock jaialdia aurkezteko biran joko dau, Madrilen eta Bartzelonan, bagilaren 4an eta 5ean, hurranez hurran, baina Bilbao Live jaialdiari esker, Euskal Herrian be izango da The Cult.
Bestalde, El Columpio Asesino indie talde nafarrak 'De mi sangre a tus cuchillas' izenburuko disko barria aurkeztuko dau Bilbao Live jaialdian. Azkenik, rock euskaldunaren ordezkari legez, Alex Sardui buru dauen Gatibu talde gernikarrak be joko dau jaialdi bilbotarrean.
Gaur aurkeztutako hiru taldeez gan, Guns'n'Roses, Placebo, Ben Harper & The Innocent Criminals, The Pretenders, Front 242, Los Planetas, The Cardigans, Ojos de Brujo, Heavy Trash, Felix da Housecat, Armin Van Buuren edo Junkie XL lako talde eta artistek parte hartuko dabe Bilbao Live jaialdian, besteak beste.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!