Ekaingo kobazuloaren erreplikea, hurrengo urteko udarako
2006-05-23 02:00Zestoako (Gipuzkoa) zentrotik hur dago Ekaingo kobazuloa, erreka bat pasau eta, bidean gora, Lili jauregiaren ondotik joan, eta handik gitxira. 1969an deskubridutako Paleolitiko sasoiko margo garrantzitsuak dagoz bertan, eta beti egon da ondo babestuta.
Zestoako (Gipuzkoa) zentrotik hur dago Ekaingo kobazuloa, erreka bat pasau eta, bidean gora, Lili jauregiaren ondotik joan, eta handik gitxira. 1969an deskubridutako Paleolitiko sasoiko margo garrantzitsuak dagoz bertan, eta beti egon da ondo babestuta: baimen bereziagaz baino ezin da bertara sartu, eta, oin dala urte batzuetatik hona, kobazuloaren arduradunek erabat murriztu ditue bisitak. Neurri horreei esker, Ekain ederto dago konserbauta.
Dana dala, laster, bere garaian kobazulora sartzeko suberterik euki ez eban jenteak aukerea eukiko dau Ekaingo margoen kopiak ikusteko, kobazulotik hur egingo dan Ekain Berri erreplikan. Proiektuaren helburua kobazuloko margoak erreproduzidutea da, erreprodukzino horreen gaineko arlo kontzeptual eta teknikoak be erakutsiz eta originalagazko fideltasun osoz. Erabiliko diran koloranteak be oin dala 15.000 urteko jenteak erabilitako kolorante berberak izango dira: lurra, oxido naturalak, ikatza eta abar.
Aste pare bat dira erreplikearen maketea aurkeztu zala, eta maketa horrek ondo erakusten dau zer sentiduko daben 900 metro karratuko espazio honetara sartuko diran bisitariek. Ibilbide erosoa segurtatzeaz gainera, historiaurrea ulertzeko gako asko emongo ditu, Ekaingo margo eta txoko guzti-guztiak ikusi ahal izango dira eta.
Miniaturazko kobazulo hori eta berari buruzko datu digitalizatu guztiak Eibarko Alfa Arte enpresan dagoz daborduko: enpresa hori arduratuko da Ekain Berri proiektuaren eszenografia osoa egiteaz, margoak daukiezan hormak egiteaz izan ezik. Horma horreek egiteko lanean Renaud Sanson eszenografoa dabil, Montignaceko (Frantzia) ZK Productions enpresan. Emoitzea ona izateko bermea oso-osoa da, Renaud Sanson beste erreplika ezagun baten egilea da eta: Lascauxekoa, hain zuzen be. Jesus Altuna antropologoak gogorarazi eban proiektu hau ez dala izango ‘kobazulo osoaren erreprodukzinoa, ezpada margoak daukiezan horma guztiena, hau da, Ekaingo azalerearen % 20 inguru erreproduziduko da’.
Hemendik aurrera, Alfa Arte enpresak hamalau hilebete eukiko ditu bere lana egiteko, ze, aurreikuspenak beteten badira, Ekain Berri hurrengo urteko udan zabalduko da. Eibarko enpreseak, maketearen digitalizazinotik lortutako datuetatik abiatuta, sarrerako tunela egingo dau (13 metro luze, 2,5 metro zabal eta 3 metroko batez besteko alturea eukiko dau). Altunak adierazo ebanez, ‘santutegi baten sartzeak emoten dauen sensazinoa emon gura izan dogu’. Era berean, Alfa Arten eregiko dira dekorautako panelen inguruko horma osogarriak: Auntzei galeriako zaldi-buruaren ingurua, Zaldei galeriako zaldien panelen ingurua eta Azken Zaldei galeriako pinturen ingurua. Gainera, lur naturala erreproduziduko da galeria askotan.
Erreprodukzino prozesuari ekitean, kontuan euki behar da eszenografia Ekaingo identidade geologikoarenak diran elementuetan oinarrituko dala, bai eta kobazuloak daukan misterio kutsuan be. Halanda ze, leizearen giro intimistea mantendu gura da, eta buztinagaz eta uraren indar biziagaz osotutako egiturea be hartuko da kontuan. Buztinezko lur gorabeheratsua dagoan lez erreproduziduko dabe, kobazuloaren ikuspegi irregularra lortzeko; azkenik, kobazuloko hormek bloke zeiharren itxurea eukiko dabe.
Azken helburu hori dala-ta, aldaketa batzuk egin behar izan dira. Margo paleolitikoetako asko kobazuloko bazter ezkutuetan dagozanez, pasarelea benetako mailatik behera ipiniko dabe, publikoak ondo ikusi dagiazan margoak, makurtu barik. Gainera, pasabidearen zabalerea handitu egingo da, hamabost personako taldeak nasai ibili daitezan eta, era berean, gura dabenak aukerea euki dagian margoen xehetasunak ikusten geratzeko.
Beste alde batetik, kobazulo barruko ur-fluxuak be erreproduziduko dira. Ibilbidean zehar, urak protagonismo berezia eukiko dau: benetako kobazuloan moduan, hormetan eta lurreko erliebeetan ura presente egongo da; hormetatik behera jausi eta lurraren erliebeetatik pasauko da ura, eta, errealidadea ahalik eta gehien imitau guran, zuloak dagozan lekuetan putzuak sortuko dira.
Ekain Berriko lanak 2007ko udan amaituko badira be, obra guztiak abenduan amaitzeko asmoa dago. Hain zuzen be, Gipuzkoako Historiaurrearen Interpretazino Zentroa egingo dabe Lili jauregian. Momentu honetan, ikerketa arkeologikoa dabilz egiten jauregi horretan, eta indusketak amaitzean, museoaren proiektua martxan hasiko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!