José A. Arribas: denpora kontua baino ez da Txina mendebaldearen maila teknologikora heltzea
2006-05-19 02:00 BidaideJosé A. Arribas bilbotarrak hamar urte baino gehiago daroaz Asian eta hur-hurretik ezagutu ditu herrialdeak bizitako aldaketa handiak.
José A. Arribas bilbotarrak hamar urte baino gehiago daroaz Asian eta hur-hurretik ezagutu ditu herrialdeak bizitako aldaketa handiak. COPCA (Catalaunyako Merkataritza Sustapenerako Partzuergoa) bulegoko zuzendari legez, laguntzinoa eskaintzen deutse Txinan negozioak hasi gura dituen Catalunyako enpresei, txiki zein handiei. Gaur egun, Txina ez da oraindino lar ezaguna eta gure laguntzinoa ezinbestekoa izaten da merkataritza proiektuak bideragarriak izan daitezan.
Itxura guztien arabera, Txina deslokalizazino fenomenoaren erdigune bihurtu da eta Arribasen esanetan, fenomeno logikoa da hori kapitalismoaren barruan. Enpresetako buruek produkzino zentruak beste herrialde batzuetara eroatea erabagiten dabe kostu ekonomikoak txikiagoak diralako, besteak beste, konpetentzia basatiaren eraginez. Amaierarik bako sokea da hori eta ondorioak gehien sufriduten dabezanak beharginak izaten dira. Enpresek etenik bako barrikutza prozesua bultzatu beharko leukie balio erantsia eta enplegua sortzeko ahaleginetan.
1.- Txina mehatxua ala aukerabidea ete da?
Bietatik apur bat. Txinak danetarik produziduten dau eta bertan produzidutakoa ez da beste inon egiten; beraz, alde horretatik mehatxua izan daiteke. Dana dala, aukerabidea be bada ze azken hamarkadetan hazkundea produktiboa izan arren, hemetik aurrera produkzino maila hori konsumoagaz orekatzea da asmoa eta horrek esan gura dau aurrerantzean aukera ederra izango dabela mendebaldeko enpresek Txinan burua sartzeko. Gobernuak oraintsu onartutako planaren arabera, Txinan konsumoa gehitzea nahitaezkoa da garapen bidean dagozan ganerako herrialdeen mailara heltzeko, % 65 ingurura, hain zuzen be. Kontuak kontu, egungoagaz konparauta, konsumoa % 20 gehitzea izango litzateke eta horrek aukera ezin hobea dakar gure enpesentzat.
2.- Merkataritzarako aukerabidea eta gure herrialdearen ongizate sistemearen konrako mehatxua ete da Txina?
Merkataritza arloan, ukatu ezineko aukerak zabaltzen ditu Txinak eta gizarte edo ongizate arloan ez dot uste mehatxua danik. Nire eretxiz, sistema biak alkarbizitea posible ez eze, aberasgarria be bada. Hong Kongen, berbarako, zerga bajuen sistemea dago eta funtzionamentua sano positiboa da; Europa iparraldeko herrialdeetan, barriz, pozarren dagoz zerga gehiago pagau arren, bizi maila eta zerbitzuen kalidadea goi mailakoa dalako.
3.- Zer esango zeunskio Txinaren lehiakortasunagaitik enpreseak ateak zarratu eta lana galdu dauen behargin bati?
Kontuan hartu, enpresa bateko produktuen kostuagaitik merkatuan saltzerik ez dagoanean, empresa horrek zarratzea, beste aukerarik ez daukala. Lehiakortasuna dago jokuan eta hor ez dago erdibiderik. Egoera horren aurrean, aukera bi baino ez dagoz: alde batetik, gure herrialdean eskulana merketu eta, bestetik, behartokia edo produkzino zentrua lekuz aldatu. Jakina, egoera horretan behargina da gehin sufriduten dauena baina ez dago beste konponbiderik.
4.- Txinan ezartzen diran enpresen burukomin handienetakoa transferentzia teknologikoa izaten da. Zelan eragiten deutse horrek gure enpresei?
Gai nahasia da ze Txinak ez ditu nazinoarteko merkatuaren arauetako batzuk beteten. Izan be, mendebaldeko empresa bateko produktuak kopiau arren, ia ezinezkoa da epaileek Txinako empresa horren kontrako epairik emotea eta are gehiago epai hori beterazotea. Benetako arazoa epai-sistema txinatarra da, besteak beste, zalantzazkoa dalako eta geureagaz ez daukalako bape zerikusirik. Badakigu Txinara heltzen dan teknologia kopiau egingo dabela eta patenteen alde egitea oso gatxa dala. Akaso hori izan daiteke pagau beharreko prezioa Txinako merkatuan sartzeko.
5.- Gaiagaz lotuta, Europak eta AEBek Txinako produktu batzuei ezartzen deutsiezan kuotak be eztabaida iturri dira. Zein izango ete da arazo honen eboluzinoa?
Azkenean, merkatuak zehazten dau beti inportazino eta esportazinoen bolumena. Igaz, berbarako, sasoi honetarako Txinako tela edo erropa sektoreak gaindituta eukan legezko kuotea. Aurten, barriz, leitekeana da kuota horretara ez heltzea abenduan. Eskaintza eta eskariaren ganeko legeak manipuletea onuragarria izan daiteke epe laburrean muga edo trabak jarten dauzenarentzat baina epe luzera, barriz, merkatu librearen logikea nagusituko da.
6.- Aditu batzuen esanetan, Txinan agortu ezineko eskulan merkea dago. Egia da hori?
Txinan ehundaka miloe lagun dagoz urietatik kanpo beharrean eta uri handietara joateko gogoz. Beraz, egia da jente asko dagoana prest merke-merke behar egiteko. Dana dala, eskariarena beste kontu bat da. Jakina, eskariak gora egingo dau ekonomiaren erritmoagaz batera baina orain eskulan kualifikatua behar da Txinan eta holako beharginak topetea ez da bape erraza.
7.- Txinan goitik behara aldatu dira gauzak. Daborduko ‘Dana ehunean’ denda merkeen herrialdea baino zeozer gehigo da Txina...
Jakina. Txinak sektore guztietan dauka indarra, kalidade maila guztietako produktuak sortzen ditu eta prezio erakargarrian. Gauza merkeak eskaintzen dabezan ‘Dana ehunean’ horreek ahaztu barik, Txinak kalidade handiko produktuak be produziduten ditu AEBetako, Europako zein Japoniako enpresakaz lehia bizian. Halan da be, oraindino badagoz egon produktuak edo merkatugaiak Txinak ezin egin leikezanak. Ez dakiguna da mendebaldearen abantaila txiki hori noiz amaituko dan; nire eretxiz, denpora kontua baino ez da Txina mendebaldearen mailara heltzea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!