Jazinto Rivas 'Elgeta' trikitilaria omenduko dabe zapatuan

Bizkaie! 2006-05-18 02:00   Musikea

Elgetako Udalak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Jazinto Rivas 'Elgeta' trikitilaria omenduko dabe zapatu honetan Elgetako Espaloia kafe antzokian, haren jaiotzearen mendeurrena ospatzeko asmoz.

Elgetako Udalak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Jazinto Rivas 'Elgeta' trikitilaria omenduko dabe zapatu honetan Elgetako Espaloia kafe antzokian, haren jaiotzearen mendeurrena ospatzeko asmoz. Sarrerak 3 euroan dagoz salgai, eta kabaret bat antolatuko da bertan, lehen arnasten zan giroa berreskuratzeko taula gainean.

Trikitilariaren jaiotzearen mendeurrena ospatzeko gaueko 22:30etan hasiko dan trikitixa jaialdia antolatu dabe. Hiru bikotek parte hartuko dabe: Epelarre eta Zabale, Laja eta Landakanda eta Tapia eta Leturiak, hain zuzen be. Horrezaz ganera, Jazinto Rivasi buruzko liburua be aurkeztuko da bertan. Beste alde batetik, Koldo Izagirre idazlearen laguntzinoagaz, Patxi Santamaria eta Inazio Tolosa aktoreek antzezlana egingo dabe, 'Elgeta'-ren bizitzako zenbait pasarte berreskuratzeko asmoz.

Bi liburu kaleratu ditu Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 'Soinua paperean' izeneko bilduma barrian; biek biografia txikia, disko bat eta partiturak dabez. Iker Goenagak idatzi dau Jazinto Rivas Elgeta (1906-1964) trikitilariaren liburuaren hitzaurrea. Baserriz baserri, plazaz plaza ibili zan arren, irakasle lan garrantzitsua egin eban Elgetakoak.

Goenagak, gainera, aspaldiko usadioei erreparau deutse: 'azken bi hamarkadetan, gure joteko moduak birtuosismoa eta ikuskizunagaz zerikusia dauka. Horregaitik, gaur egungo ikuspegitik, traketsagotzat hartu geinkez trikitilari zaharren teknikak. Jenteak dantza egiteko joten eben eta soinu-tresna bakarra eukenez, doinu eta posizino desbardinak asmau behar izaten ebezan. Gaur, geuk be egiten doguz, baina soinu-tresna desbardinak erabiliz. Nik uste, gaur egungo trikitilari askok baino ezagutza eta lotura handiagoa ebala Elgetak soinu-tresneagaz'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu