Shenzheneko gaua

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2006-05-12 02:00   Bidaide

Azken urteotako hazkunde ekonomikoaren eta mundura zabaltzeko jokerearen eraginez, goitik behera aldatu dira gazteen arteko hartu-emonak eta ohiturak.

Berbatuta daukaguzan erreportajeen artean, Txinako gazteriaren hartu-emon personaletan azken aldian izandako aldaketen ganekoa da interesgarrienetako bat, izan be, Txinan iraultza sexuala bizi dabe. Azken urteotako hazkunde ekonomikoaren eta mundura zabaltzeko jokerearen eraginez, goitik behera aldatu dira gazteen arteko hartu-emonak eta ohiturak. Aldaketa hori zuzenean egiaztau gura izan ezkero, onena Txinako kapitalismoaren eredu eta uririk aberatsenetakoa dan Shenzheneko diskoteketara joatea da.

Orain dala hamabost urte 30.000 biztanle zituan uri honetan zazpi miloe lagun bizi dira gaur. Lau egunetan, hainbat diskoteka eta klub bisitau doguz. Guretzat deigarriena 20-30 urte bitartekoek eta hortik gorakoek ondo pasetako dituen jokera desbardinak ikustea da. Gaztetxuenak techno diskoteketara joaten dira, jantzan egin ez arren (txinatarrek ez daukie ez gatzik ez piperrik). Han, zerbezak eta konbinaduak edaten ditue, dadoakaz ‘kinito’ antzeko batera jokatzen daben bitartean. Galdu ezkero, edan egin behar da.

Txinatar helduagoak lokal ‘ilunagoetara’ joten dabe, gehienetan prostituzinoagaz edo jokoagaz lotutako tabernetara. Atean, ‘KTV’ siglak irakur daitekez. Sigla horreek ‘Karaoke’ tabernea dala adierazoten dabe eta, antza danez, karaokea izaten da txinatarrentzat urtenbide errazena lagunakaz likor gogorrak edateko, txarto kantetako eta neskakaz egoteko. Hori guztia lokal pribadu ilun eta motz batean.

Baina guk lehenengo taldeari ekin deutsagu txinatarren eta euskaldunen artean ondo pasetako modua desbardina dala ezagutarazoteko. Zelan ez!! Lehenengo desbardintasunak (nabarmenena) boltsiloari eragiten deutso: maila handiko lokaletan, zerbeza botilea bi euroan dago eta konbinadu bat (kubatea, gintonika...) hamar euro pagau behar doguz. Logikoa dan legez, prezio horreek bertakoen ahalmen ekonomikora egokituta dagoz.

Badago, ganera, beste desbardintasun bat: lokalak oso preparauta dagoz. Ez daukie zerikusirik Bilboko Alde Zaharreko tabernatxuakaz edota inguruetako diskoteka ‘makarrakaz’. Lokalak oso garbi dagoz, itzelak dira eta giroa oso atsegina da. Musika ona, drogarik ez, gogo ikusgarriak (jeje) eta zer egin ez dakien txinatarrak: jantzan hasi, neskei ahozabalik begiratu (alboan neska-laguna arrantzaka daukien bitartean) edota itzelezko mozkorra atrapau. Duda barik, orain arte oinarrizko beharrizana jatekoa topetea zan herrialdean aisialdia zer dan ikasten dagoz.

Baina Txinan gauzak oso arin doaz eta eragina mundu osoan igarten da, bai ekonomian, baita gizartean be. Hurrengo artikuluan, enpresaburu euskaldunek Txinaz egiten dabezan gogoeten barri emongo deutsuet. Ze, pentsau ez arren, txinatarrak jai-giroan sartzeak eta autoak erosten hasteak bete-betean eragiten deusku. Aisialdiaren kulturea asiar erraldoian sartzen hasi da. Akaso, egunen baten, gu ‘txinatartuko’ gara. Aprobetxau daigun hori pasetan ez dan bitartean.

Ekialde Urrunetik, Bizkaie! barriari ondo-etorria emon gura deutsat. Zorionak egunero barrizteko egindako lanagaitik eta XXI. mendeko komunikazinoan bete-betean sartzeagaitik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu