Preso baino okerrago

Asier Madarieta Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria 2006-05-05 02:00
Langile batailoiak 1936ko gerran

Aurten 70 urte dira 1936ko gerrea hasi zala. Gaurko artikuluan gerran bertan eta gerrearen eraginez sortutako konzentrazino zelaien eta langile batailoien gainean egingo dogu berba.

Aurten 70 urte dira 1936ko gerrea hasi zanetik. Gaurko artikuluan gerran bertan eta gerrearen eraginez sortutako konzentrazino zelaien eta langile batailoien gainean egingo dogu berba.

Bai konzentrazino zelaiak zein langile batailoiak 1937. urtearen erdialdera Iberiar Penintsulako iparraldean gerrea amaitzear egoala sortu ziran. Bagila aldera gerrea aurrera ataraten edo irabazten egozanak, hau da, Francotarrek, hainbat preso hartu zituen, hamabost mila, batzuk emondako zenbakiak sinisten badoguz. Eta horreek guztiak ‘ohiko’ kartzelatan sartzeko leku nahikoa ez egoala jaubetu ziran ‘irabazleak’.

Lehenengo neurria jentea hartzeko balio eban edozein eraikin (ikastetxeak, Deustuko Unibersidadea bera be bai; komentuak, antzokiak, Arriaga berbarako; futbol zelaiak, eta abar) kartzela bihurtu eben. Egoereari aurre egiteko, ganera, Francoren Gobernuak 1937ko garagarrilaren 5ean konzentrazino zelaiak sortzeko agindu eban, naziek Alemanian egindakoaren eredua jarraituz. Esan behar da Hitlerrek berak SS taldean ofiziala zan Paul Winzer bialdu ebala Espainiara kontu horretaz arduratzeko.

Hurrengo hilebeteetan konzentrazino esparru barriak zabaltzen joan ziran eta 1939ko gerrea amaitu zanean, Euskal Herrian zein Espainian danetara 72 konzentrazino zelai egozan. Aditu batzuen ustez, 700.000dik gora lagun sartu zituen. Hemen, gure inguruan, Irun, Lizarra, Iratxe, Bilbo, Orduña, Deba, Murgia edo Nanclares de Ocan egozan zelaiok.

Gerran ‘galtzaile’ izandako beste asko, barriz, preso izaten jarraitu eben. Francok eratutako batzorde militar barriak frenteetatik heldutako preso guztiak sailkatzen zituan, talde bitan: soldadutzea egiteko edadean egozanak barriro be frentera bialtzen ziran, Francotarrakaz gerrea egitera, hau da, ordura arte euren kideak izandakoen kontra burrukatzera. Bigarren talde batean, gerra garaian karguren bat edo parte hartze berezia izan ebenak egozan. Horreei heriotza zigorra edota bizi guztirako kartzela zigorra ezartzen jaken.

Aurrerago aitatutako talde bietan ez egozanak preso geratzen ziran baina egoera berezian. Preso egoteaz aparte, irabazleek beste zigor bat ezartzen eutsen: derrigorrezko lanak egitea. Holan ba, presoek kartzela zigorra beteten eben bitartean, lan pìloa aurreratzen eban Francoren Gobernuak. Holan sortu ziran ‘Langile Batailoiak’. Gure inguruan eratutakoak honako honeek izan ziran: Bizkaian, Sondikako 30. batailoia; Gasteizeen, 92. batailoia; Etxalarren, 105.a eta, Bilbon, 169. batailoia.

Batailoi horreek egin beharreko lanak honeek ziran: etxeak, errepideak, trenbideak, urtegiak zein monumentuak. Batzuetan, Francoren aldekoak ziran enpresa-buruentzako be egin behar izaten eben lan, benetan eskulan merkea ziralako.

Presoak izanda eta gerra garaian egonda, ‘langile’ horreen bizi baldintzak ezin okerragoak ziran. Garbitasun barik, jateko gitxi eta eskasagaz, danak batera bizi ziran ezelako baldintza minimorik beteten ez eben eraikinetan. Ez euken eskubiderik eta langile batailoiak sortzen eban aginduan langileentzako soldatea ezartzen bazan be (oso bajua izan arren), inoiz edota ia inoiz ez jaken ezer pagau. Euren lana baldintzarik okerrenetan beteten eben eta arazoren bat sortu ezkero, zigortu egiten zituen: heriotzea, golpeak, jatekorik barik itxi edota zelaia inguratzen eben posteetan lotuta pasau behar izatea egunak.

Urteak aurrera joan ahala, gerrea amaitu eta oraindino hilebete batzuk pasau zituen preso batzuk bai konzentrazino zelaietan zein langile batailoietan. Baina 1940ko hamarkadako lehenengo urteetan desagertu egin ziran.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu