Gorabeherak
2006-05-04 02:00 BidaideSinistu ezinezkoa da egun batetik bestera bidaia bat zelan aldatu daitekeen.
Sinistu ezinezkoa da egun batetik bestera bidaia bat zelan aldatu daitekeen. Atzo Taiwanen autoa geunkan txofer eta guzti, komisario politikoaren laguntzinoa eta bost izarreko hotelean pasetan genduzan gauak; orain, barriz, Hong Kong euritsuan, maleta piloagaz leku batetik bestera metroan edo autobusean goaz eta lo egiteko Chungking Mansions, gela hutsen eraikin erraldoian hartu dogu ostatu, uriko arratoi eta labezomorro ugarigaz batera. Ganera, gela txiki-txikia da eta zoramena sekulakoa ze aire girotuaren makineak eta gure alboko gelako indiarraren oihuak barru-barruraino sartzen jakuz.
Abentureak horixe dakar eta normaltzat hartzen dogu, izan be, kazetaritza-bidaia da gurea eta makinatxu bat arlo jorratzea toketan jaku. Aurreko egunetan goi mailako alkarrizketak egiten ibili gara, primiziak zenbait kasutan eta orain, barriz, Asiako etxeorratz ikusgarrienen barri emoten gagoz. Biadaia antolatzeko modu honi esker gizarte desbardinetako maila eta berezitasun danak ezagutzen doguz, politiko eta agintarien oparotasuna eta, era berean, Chunking Mansions lako lekuetan zein haize zabalean lo egiteko modua baino ez daukienen miseria gorria.
Jakina, gorabehera eta aldaketa horreek gorputzaldian eragiten dabe eta egunetik egunera neke fisikoa handiagoa da; pentsaizue azken egunotan kilometro asko egin behar izan doguzala oinez, 30 bat graduko tenperatureagaz, aldean 10 bat kiloko fardelakaz; horrezaz ganera, jan be ez dogu behar dan moduan jaten ze asti barik gabiz eta autortu behar deutsuet batzuetan Mc Donald’s horreetan jaten dogula; horren ondorioz, lanean be igarri dogu aldaketea, orain gestinoak gatxagoak eta alkarrizketak lortzeko prozesuak gogorragoak dira; kontuan izan, Taiwanen ia alkarrizketa gehienak berbatuta geunkazala.
Kontuak kontu, Hong Kongera bueltau gara, nire amesetako urira. Pozarren nago ilunsentian Causeway Bay-ko skyline zoragarriagaz gozetan. Ederra da egunari agur esatea aurrez aurre gaua argitzeko beste gaitasun erakusten daben miloeka neoizko argi daukazuzala. Hori guztia, planetako lekurik deigarrienetakoan argazkia atara gura dabenen ondoan; ‘hau zoramena’ dino Alexek baina ni gustora nago. Bakotxak bere gustoak eta gauzak begiratzeko moduak daukaz.
Zorionez, ez dogu arazorik izan Txinarako bisadoa lortzeko eta, ganera, sei hilebeterako bisadoa emon deuskue, negozioetarako emoten dabena, hain zuzen be; akaso, oraingoz Taiwango presidenteordeari egindako alkarrizketa gogorra argitaratu dauen komunikabide bakarra Bizkaie! dalako eta, jakina, txinatarrek, oraindino ez dabe euskerarik ikasi...
Txina sartu gara, beraz. Sekulako aldaketea. Komunikazinorako ingelesa erabilterik ez dago hemen eta gauzak lortzea ez da hain erraza. Gauzak holan dirala, nire hala moduzko mandarin txineragaz konpontzea baino ez dago. Batzuetan ‘Bidaide’ atalaren irakurle izan gura neuke, gure ibilerakaz eta argazkiak disfrutetako Euskal Herrian trankil-trankil. Batzueta baino ez bada be.
Orain, barriz, buru-belarri sartuko gara txinatar boom ekonomikoaren munduan, mendebaldeko beharginei kalte handia egiten deutsien erropa lantegi erraldoiak bisitauko doguz. Egoera gogorra da ze ez dago errudunik, gustau ala ez globalizazinoa oso indartsua da. Ezustekorik ezean, XXI. mendeak dakarren inguruabar ekonomiko barriaren ardatz bihurtuko da Txina.
Badakizue, astero-astero Euskal ziberespazioaren txoko honetatik gorabehera eta pasadizo guztiak kontauko deutsueguz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!