Mungiako Abesbatzen Nazinoarteko XXV. Topagunea Santa Zezilia eguneko kontzertuagaz amaituko da

Bizkaie! 2026-11-25 09:50   Musikea

Zemendiaren 28an izango da, Gure Ametsa Txistulari Taldearen eta Jose Mari Arregi Abesbatzaren eskutik.

Orain arte egindako hiru kontzertuek harrera bikaina izan dabe herritarren artean eta Andra Mari eta San Pedro eleiza bete egin dira emonaldi guztietan.

Mungiako Abesbatzen Nazinoarteko XXV. Topagunea azken txanpara heldu da, azken asteetan eskainitako hiru kontzertuek izandako erantzun bikainaren ostean. Jose Mari Arregi Abesbatzak Mungiako Udalaren laguntzeagaz atondutako ekimenari zapatu honetan, zemendiaren 28an, emongo jako amaierea, Santa Zezilia eguna ospatzeko kontzertu bereziagaz, 20:00etan, Andra Mari eta San Pedro eleizan.

Orain arte egindako hiru kontzertuek harrera bikaina izan dabe eta eleizea bete egin da hiru hitzorduetan. Topagunea urriaren 31n hasi zan, Letoniako Mixed Choir Juventus abesbatzaren saioagaz eta zemendiaren 7an eta 14an Gospel Bilbao eta Akelarre Abesbatzaren kontzertuakaz jarraitu eban, hurranez hurran. Talde bakotxak, bere estilo eta errepertorioaren bidez, abesbatza-musikaz gozetako modu bereziak eskaini deutsee bertaratutakoei.

Edizino honetako azken hitzorduan herriko musika talde bi izango dira protagonista: Gure Ametsa Txistulari Taldea eta Jose Mari Arregi Abesbatza. Talde biek alkarregaz eskainiko dabe kontzertua, musikarien jagole dan Santa Zeziliaren eguna ospatzeko. Txistuaren doinuek eta abesbatzaren ahotsek bat egingo dabe topagunearen 25. urteurrena ospatzeko atondutako edizinoari amaierea emoteko.

Mungiako Udalak bikain balorau dau herritarrek azken asteotan emondako erantzuna eta eskerrak emon deutsee parte hartu dabe musika taldeei, baita topagunea aurrera atarateko lanean ibili diran guztiei be.

Era berean, Udalak herritarrak zapatu honetako kontzertura bertaratzeko animau ditu, herriko musika taldeen eskutik Santa Zezilia eguna ospatzeko eta topagunearen 25. edizinoaz gozaetako azken aukerea dalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu