'Hello, Bilbao-Bizkaia!, Hego-Koreako Ulsan Ulju Mountainek euskal mendi-zinemagintzeari zuzendutako atal berezia
2026-09-17 08:09 ZinemeaZortzi euskal pelikula programauko dira, irailaren 18tik 22ra.
Atal berezi honen programazinoa BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren eskutik dator. International Alliance for Mountain Film alkargoko kide dira Ulju eta Mendi Film eta kidetza horretatik sortu da ekimen hau.
Bederatzigarren euskal pelikula bat be gehituko da Uljuko programazinoan, sail ofizialean lehiatuz: Sustraiak. Raices perdidas, Luis Arrietarena.
Hego Koreako nazinoarteko mendi jaialdi nagusia da Ulsan Ulju Mountain Film Festival. Ulsan uri metropolitarreko Ulju County eremuan egiten da. Nazinoarteko mendi-zinemaldi entzutetsuenei dedikautako atala estreinau eben igaz Hello, Trento! izenburupean Italiako mendi zinemagintzara begira jarriz, eta aurten Hello, Bilbao-Bizkaia! da atal horren goiburua.
- Hello, Bilbao Bizkaia! atalerako ondoko pelikulak hautatu dira UMFF jaialdian:
- Abata | Zuz: Aner Etxebarria | 2026.
- Harri, orri, arkatz | Zuz: Jon Herranz | 2025.
- Izarren zaunak | Zuz: Nagore Eceiza | 2025.
- Natura fugit | Zuz: Jesus Mari Lazkano | 2025.
- Haize lerroak | Zuz: Janire Etxabe | 2024.
- Peligo. No asomarse | Zuz: Dani Cascales | 2024.
- Una mirada atras. El arte de equipar | Zuz: Alfonso García | 2024.
- Hire Himalaya | Zuz: Alberto Iñurrategi | 2003.
Zuzendari horreetatik bostek parte hartuko dabe jaialdian euren lanak bertatik bertara aurkezteko: Aner Etxebarria, Jon Herranz, Jesus Mari Lazkano, Janire Etxabe eta Dani Cascales. Jabier Baraiazarra, Mendi Film-eko zuzendaria eta International Alliance for Mountain Film Alkargoko presidentea, izango dabe bidaide.
Euskal espedizinoagaz bat eginez, Sustraiak. Raices perdidas Luis Arrieta zuzendariak berak aurkeztuko dau Hego-Korean. Bizkaiko Foru Aldundiak, Ternua markeak eta Mendi Filmek sustatutako Mendi Film Bizkaia Ternua Bekeak lagunduta egindako dokumentala da, eta Kultura eta Natura Film Onena saria irabazi eban Mendi Filmen, igaz. Horrezaz gan, Trentoko jaialdi entzutetsuan CAI – Club Alpino Italiano-ko zinemategiak emoten dauen Mario Bello saria jaso dau aurten, Europako beste hainbat jaialditan be hautatua izan da, eta Euskal Herrian nahiz harago, 30 emonalditik gora egin ditue.
Hego-Koreako Uljun proiektauko diran euskal pelikuletatik sei, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzeari esker egindakoak dira: Abata, Natura Fugit, Haize lerroak, Peligro. No asomarse, Sustraiak. Raíces perdidas eta Una mirada atrás. Zinema eta ikus-entzunezkoen sektorea sustatzeko politika aktiboa jorratu dau aldundiak hainbat helburugaz: tokiko industria sendotu, nazinoarteko ikusgarritasuna indartu, kulturea eta sormena sustatu, talentua garatu, eta enplegua eta jarduera ekonomikoak sortu. Holan, Mendi Film jaialdiari eta zinegileei babesa eskaintzen deutse eta, horren haritik, Hego-Koreako Uljun proiektauko diran pelikuletan presentzia zuzena dau. Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak aurkeztuko dau ekimena.
Hego-Koreako espedizinoa Etxepare Euskal Institutuak babestuko dau. Euskal kulturea eta euskerarako erakusleiho aparta izango da Ulsan-Ulju jaialdiko Hello, Bilbao-Bizkaia! atala. Mendiko Kultureak erro sakonak ditu Euskal Herrian eta horren eredu da mendiko zinemagintzea. Euskal zinemagintzeak oro har bizi dauen loraldiagaz bat eginez, mendiko generoa ere sasoi bikainean dagoanaren erakusle izango da. Imanol Otaegi izan da gaurko agerraldian, Euskal Kulturea Sustatu eta Zabaltzeko zuzendaria Etxepare Euskal Institutuan.
Horreekaz batera parte hartu dabe Rekalde Aretoko agerraldian ondoko zinegileek: Jon Herranz (Harri Orri Arkatz), Jesus Mari Lazkano (Natura Fugit), Janire Etxabe (Haize lerroak), Luis Arrieta (Sustraiak. Raíces perdidas), eta Alfonso García (Una mirada atrás). Azken hau ez da Hego-Koreara joango egun horreetan Donostiako Zinemaldiko Lau Haizetara sailean parte hartuko dauelako bere proiektu barriagaz: Hamaka - The Hammock.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
