Imanol Arriortua txirrindularia etxean dago
2026-09-11 09:25 KirolaHuntsvilleko Munduko Txapelketan irabazitako urrezko domineagaz.
Imanol Arriortua irribarretsu eta harro agertu da Huntsvilleko Munduko Txapelketan (Alabama) irabazitako urrezko domineagaz. Normalean Basque Team Zentrora joaten da ohiko entrenamendu fisikoak egitera edo laborategian edo pistan testak egitera. Gaur, ostera, AEBetan egindako balentriak komunikabideen arretea biztu dau eta Fadurara joan da. Derioko kirolariari harrerea egin deutse Basque Team Zentroan Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak eta Olatz Legarza Basque Team Fundazinoko koordinatzaileak. Lagun izan ditu, gainera, Eneko Iparragirre entrenatzailea, Basque Teameko beka-programako kide be badana, Iñaki Isasi, Euskadi Fundazinoko presidentea, Imanol egunerokoan zentroan babesten daben profesional guztiak, eta zelan ez, errepidean dauen pilotua, Mikel Aristi.
Imanol Arriortuak urrezko dominea irabazi dau Huntsvillen (Alabama, AEB) jokatutako Munduko txapelketan, tandem modalidadean. Derioko korrikalariak, Aristi pilotuak gidatuta, 01:57:46ko denorareagaz zeharkatu eban helmugea. Podiuma Joan Sanso eta Eloy Teruel balear eta murtziarrek (01:57:59) eta Tristan Bangma eta Patrick Bos holandarrek (01:58:11) osotu eben.
Imanol Arriortuak Munduko titulua eskuratzeko eta 2028ko Los Angeleseko Paralinpiar Jokoetan podiumera igoteko behar aina talentu eta ahalmen dauela bagenkian. Zuzendaritzako kideek eta teknikariek Imanolengan ikusten eben guztia gauzatu egin da. Amesa errealidade bihurtu da, egindako apustuagaitik eta kirolariak lanerako dauen seriotasunagaitik. Ia egunero joaten da Getxoko zentrora. Han, talde biomedikoa, tekniko eta biomekanikoak laguntzen deutso baina, duda barik, berak eta bere entrenatzaileak, Iparragirrek, gorputza eta arimea ixten ditue helburuak lortzeko. Alabamakoa horreetako bat zan, Espainiako txapelketetan, errepidean zein pistan, egindako lan bikainaren ondoren. Imanol primeran moldatu da pistan Noel Martinegaz eta zer esanik ez errepidean Mikel Aristigaz.
Gorka Iturriagak Basque Team Zentroan egiten dan talde-lan guztia nabarmendu dau, Munduko txapeldun bat eratzeko profesional bakotxak, zehetasun bakotxa mimo handiz jagonez eta Euskadi Fundazinoagaz batera alkarlanean ibilita: Imanolek eta Mikelek lortutakoak barriro be nabarmentzen dau Euskadin goi mailan egiten dagoan lan handia eta kirolak nazinoartean herrialde-marka indartsua ezartzeko dauen garrantzia.
Olatz Legarzak Fundazinoko kirolariei ikuspegi gizatiarrenetik eskaintzen jaken zerbitzu integrala azpimarratu dau: Imanol Basque Team familiaren eta bere egunerokoaren parte da. Gure lana neurrira egindako jantziak egitea da eta kirolariek dituen behar guztiak betetea, hareek lasai egon eta errendimenduan zentrau daitezan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
