Imanol Arriortua Basque Teameko txirrindulariak Munduko txapelketea irabazi dau Alabaman

Bizkaie! 2026-09-09 07:30   Kirola

Tandem modalidadean txapeldun izan da Derioko txirrindularia, Mikel Aristi pilotuak gidatuta.

Imanol Arriortuak Munduko titulua eskuratzeko eta 2028ko Los Angeleseko Paralinpiar Jokoetan podiumera igoteko behar beste talentu eta ahalmenekoa dala erakutsi dau. Zuzendaritzako kideek eta teknikariek Imanolengan ikusten eben guztia gauzatu da. Amesa errealidade bihurtu da, egindako apustuagaitik eta kirolariak lanerako dauen seriotasunagaitik. Ia egunero joaten da Getxoko Fadurako zentrora eta han egiten dau prestakuntzea. Bertan, talde biomedikoak, teknikoak eta biomekanikoak lagundu eta aholkularitzea emoten deutse baina, duda barik, berak eta bere entrenatzaileak, Eneko Iparragirrek (Fundazinoaren bekea dauensa) gorputza eta arimea itxi ditue helburuak lortzeko. Alabamakoa horreetako bat zan, Espainiako txapelketan, errepidean zein pistan, egindako lan bikainaren ondoren. AEBetan Basque Teameko txirrindulariak mugarri handiagoak lortzeko lehen pausoa emon dau.

Huntsvilleko Errepideko Txirrindularitza Paralinpikoko Munduko Txapelketeak 48 herrialdetatik etorritako 341 gizon eta emakume batu ditu kategoria ezbardinetan dominea lortzeko aukerak izan dituen 53 probatan: ohiko bizikletak, esku-bizikletak, trizikloak eta tandemak.

Tandementzako lehiaketan Imanol Arriortua txirrindulari bizkaitarra bietan lehiatu da nazinoarteko hitzorduan, Mikel Aristi pilotuagaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu