Irailaren 5ean, zapatuan, izango da Zeanuriko Ermiten XXXVII. Mendi Martxea
2026-09-03 08:10 KirolaJoko Alai Alkarteak atondu dau.
Ez dira gitxi herri horretan han-hemenka azaltzen diran ermita edota baseleizak, guztira hogei. Dana dala, ibilbide osoa egiten dabenek hemeretziren ingurutik igaroko dira, Igiriñako (Gorbeia) Edurretako Amarena, kanpoan geratzen baita. Zeanurin parrokia bi eta hamazortzi baseleiza dagoz udalerriko zazpi kofradietan sakabanatuta. Eta beste elementu batzuekaz batera, baseleizak auzuneei nortasuna emoten deutsen ardatzetako bat dira.
Aurten, barrikuntza legez, herriko plazan eta ermita bakotxean Zeanuriko Ermiten Ondarea izenburuko erakusketa egongo da ikusgai, ermiten barrualdeko zein kanpoaldeko —aireko irudiak— irudiakaz, baseleiza bakotxaren ezaugarrien barri emonez. Ermitetan gordetako elementu historiko eta esanguratsu batzuk be ikusi ahal izango dira: dokumentuak, monolitoak... Erakusketa hau Juanma Nogales Zeanuriko bizilagunaren ekimen eta obrea da, eta Udalaren laguntzeagaz atondu dau.
Atontzaileen helburuak hasierakoak dira: zapatu goiza natureagaz hartu-emonetan eta kirola eginez igarotea eta herritarrei zein kanpotarrei Zeanuriko inguru zabalak eta ermiten ondarea ezagutzera emotea.
Izen-emptea goizeko 07:00etatik aurrera zabalik egongo da herriko plazan eta urteerea 07:30ean izango da. Parte-hartzaileek Eleizondo auzunerantz egingo dabe. Bertan, Pietatearen baseleizea, Nestor Basterretxearen gurutzea —Gorbeiako gurutzearen mendeurrena dala eta eregia — eta Andre Mari parrokia topauko ditue, Asterria auzunerantz jarraitzeko.
Ibilbideko 35 kilometroak egiten dituenek hemeretzi ermita edo eleizen ondotik igaroko dira, baina martxa osoa egin nahi ez dabenentzat edo maila fisikoan prestauta ez dagozanentzat ibilbide alternatibo bi diseinau ditue: bata, 28 kilometrokoa, eta bestea, 15 kilometrokoa.
Parte-hartzaileek Zeanuriko ondare erlijiosoa ezagutzeko eta natureak egun honeetan eskaintzen dauen koloretako sinfoniaz gozetako aukerea izango dabe. Gainera, martxa hau aukera ona izan daiteke hiru aste aurrerago, irailaren 26an, Gorbeia Suzien mendi lasterketea prestetako.
Ibilaldiari buruzko zehetasunak
* Eguna: irailaren 5ean, zapatuan.
* Izen-emotea: 07:00etik aurrera, herriko plazan:
- Joko Alaiko bazkideak: nagusiak 7€ /umeak <14: 4 €
- Joko Alaiko bazkideak ez diranak: nagusiak 10€ /umeak: <14: 6 €.
* Urteerea: 07:30ean, herriko plazan.
* Ibilbide luzea: 35 kilometro inguru.
* Ibilbide ertaina: 28 kilometro inguru.
* Ibilbide laburra: 15 kilometro inguru.
* Jan-edana: hiru tokitan banatuko da: San Blasen, Ipiñaburun eta Altzuan.
Kontuak kontu, Zeanuriko Ermiten Ondarea izeneko erakusketea egun osoan zehar zabalik egongo da plazan eta baseleiza bakotxean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
