Nazinoarteko skateko elitea abuztuaren 8an batuko da Getxon
2026-07-29 10:24 KirolaCPH Open 2026 txapelketa jokatuko dabe.
Gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan, txapelketeak, orain 19 urte Kopenhagen sortu zanak, Europako hainbat uri zeharkatu ditu azken edizinoetan, eta oraingoan Bordelen, Biarritzen, Bilbon, Basaurin eta Getxon egingo dau geldialdia.
Getxoko hitzordua 14:00etan hasiko da lehiakideen beroketa saioakaz eta 15:00etatik aurrera Pool txapelketea izango da. Ondoren, 17:00etan, Banks eta Half Pipe txapelketea jokatuko da eta, 19:00retan, trikimailu onenen atala. Gainera, aurreikusita dago 21:00etatik aurrera jai-itxiera bat egitea DJen musikeagaz Arrigunaga inguruan.
La Kanteran izango dira Australia, Suedia, Txile, Frantzia eta Japoniako 40 skater baino gehiago.
Atontzaileek zehaztu dabenez, emakumezkoetan, Sarah Meurle, Hayley Wilson, Nicole Hause, Georgia Martin, Elisa Steamer eta Bartzelonan bizi dan Cata Díaz txiletarra nabarmentzen dira.
Gizonezkoen taldeari jagokonez, Noah Mahieu, Dylan Jaeb, Mason Silva, Cyprus Blanco, Shane O 'Neill, Stefan Janoski, Eric Koston eta Brian Anderson, besteak beste. La Kanteran tokiko skaterrak be izango dira: Sergio Cadena, Marcelo Cáceres eta Izei Villacorta Euskadiko txapelduna.
Informazino gehiago jaso daiteke hemen.
Trafikoari eragindako kalteak
Txapelketea dala eta, abuztuaren 8an bertan, zapatuan, 07:00etatik aurrera, debekatuta egongo da Altube kalean aparketea Artagandik Arrigunagako Jaitsiera kaleko bidekurutzeraino, gunea atontzaileentzat gordeta egongo baita.
Era berean, probak egiten diran bitartean, 14:00etatik 23:00etara, aitatutako kaleetan trafikoa eten ahal izango da, jentearen joan-etorriaren arabera. Holan balitz, eraginpeko eremuan dagozan garajeetara sartu nahi daben ibilgailuak baino ez litxatekez igaroko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
