Miren Lazkanok brontzezko dominea irabazi dau Oklahoman

Bizkaie! 2026-07-27 09:15   Kirola

Saria igaz hildako amari eskaini deutso.

Ur bizietako Munduko Txapelketako azken jardunaldian, olinpiar programako kayak kroseko modalidadean ezin hobeto amaitu da lehia Miren Lazkanok brontzezko domina eskuratu baitau. Maialen Chourraut eta Pau Echaniz, aldiz, final-zortzirenetan geratu dira kanpoan, eta 26. eta 28. postuetan amaitu dabe, hurranez hurran.

Lazkanok barriro erakutsi dau kayak krosean goi-mailako sasoi fisiko eta mentala dauela. Gainera, bere ezaugarri fisikoek abantailea emoten deutse aurrez aurreko burruketan, izan be, modalidade honetan kontaktu fisikoa erabagigarria izaten da. Lehen kanporaketea erraz gainditu dau, Brzeska poloniarra, Gonzalez Aguirre txiletarra eta Mackie australiarra atzean itxita. Final-zortzirenetan bigarren helmugaratu da, Stanovska eslovakiarraren atzetik eta Xu txinatarraren eta Setchell britainiarraren aurretik. Final-laurenetan Ukrainako US, Stanovska eta Woods britainiarraren kontra ibili da eta bere multzoan lehen postua eskuratuta egin dau aurrera. Finalaurrekoan be txartela eskuratu dau: Noemie Fox lehengoa izan bada be, Lazkanok bigarren amaitu eta final handira heldu da. Bertan, maila handiko arerioakk izan ditu, tartean Ricarda Funk alemaniarra, azkenik laugarren sailkatu dana. Lazkanok adorez eutsi deutso podiumeko postuari eta Munduko brontzea irabazi dau.

Basque Teameko kirolariak beste mugarri bat gehitu deutso bere ibilbideari. 2021ean Europako txapeldun izan zan, Paris 2024ko Olinpiar Jokoetan finalista, eta Munduko Kopan be hainbat domina irabazi ditu.

Finala amaitu ostean, Mirenek Basque Teameko komunikazino taldeari azaldu deutso domina honek lasaitasuna eta konfidantzea emon deutsozala, egiten dagoan lanean sinisten jarraitzeko eta piraguismoaren aldeko jarrerea indartzeko. Saria igaz hildako amari eskaini deutso eta bereziki egunerokoan bidelagun dituan aitari eta anaiari.

Maialen Chourrautek, barriz, nahi baino lehenago amaitu dau txapelketea. Lehen kanporaketan momentu batzuetan hirugarren joan bada be, lasterketea kontrolpean izan dau eta, nahiz eta erremonteetako batean trabatuta geratu, bigarren helmugaratu da, Pankovaren atzetik. Final-zortzirenetan, ostera, ez dau aurrera egiteko aukerarik izan. Urteeran oso indartsua dan Leaver britainiarraren, Zwolinska poloniarraren eta Chentxinatarraren aurretik ezin izan da sailkatu, eta laugarren amaituta agur esan deutso lehiari.

Pau Echanizek be antzera ibili da. Donostiarra laugarren izan da hasierako kanporaketan, Butcher zeelandaberritarraren, Baldoni kanadarraren eta Eigel uzbekistandarraren atzetik, eta gainera urteeran penalizazinoa jaso dau. Errepeskan bikain erantzun dau, bere multzoan lehenengo postuan sailkatuta. Halan da be, final-zortzirenetan barriro laugarren amaitu dau, Marx suitzarraren, Madore frantziarraren eta Butcher zeelandabarritarraren atzetik, eta ezin izan dau final-laurenetarako txartela lortu.

Oklahomako Munduko Txapelketea amaituta, Basque Teameko piraguisten denoraldiak aurrera jarraituko dau. Oraindino Munduko Kopa bi ditue jokatzeko—Parisen eta La Seun, baita Europako Txapelketea be, Ivrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu