Maialen Chourrautek 7. amaitu dau Oklahomako Munduko Txapelketan eta Pau Echanizek hamargarren

Bizkaie! 2026-07-24 07:49   Kirola

Ez dira podumean sartu baina politto ibili dira.

Oklahoman jokatzen dabizan ur bizietako Munduko Txapelketan. Olinpiar Jokoetan hiru aldiz podimera igon daen lasartearrak zazpigarren postuan amaitu dau eta Pariseko Jokoetan brontzezko dominea irabazitako donostiarra hamargarren izan da.

Maialenen kasuan, bere sasoi fisikoa nabarmendu behar da, 43 urte bete dituanean, eta nazinoarteko hitzordu bakotxari aurre egiteko ilusinoari eta apasinoari eusten deutsenean, aurrera doa beti, nahiz eta 20 urte emon elitean lehiatzen. Gaur bera baino gazteagoak diran beste hamaika palista izan ditu aurrez aurre, denporaldi osoan egiten dauen bezela enbidiarik izateko arrazoirik ez dauela erakutsi dau barriro. Maialenek momentu ederra bizi dau nabgazinoari jagokonez. Maila teknikoan pozik dago egiten dagoan lanagaz eta ez deutso bere buruari ezer leporatzen. Gaur bertan, finala amaitzean, egindakoagaz pozik egoala adierazo deutso AEBetara joan dan Basque Teameko komunikazino taldeari. Ez dau hutsik egin eta ez dau zigorrik jaso. 97.05ean geratu dau kronoa, eta finalerdian baino azkarragoa izan da. Dana dala, onartzen dau arerioen denporak gainditu ezinak izan dirala eta zorionak emotea besterik ez dala geratzen. Jessica Foxek irabazi dau urrea, Evy Leibfarthek zidarra eta Kimberley Woodsek brontzea.

Maialenek azpimarratu dau seigarren finalean sartu dala Munduko Txapelketa batean eta ez dala erraza, epe ertainean oso garrantzitsua dala hitzordu honetan buru-belarri sartuta egotea, hemen hasten baita 2028ko Los Angeleseko Jokoetako sailkapenerako lasterketea, hau izanik lehen proba puntuagarria.

Maialenek 14 Munduko Txapelketa jokatu ditu, sei finaletan sartu da eta domina bi irabazi ditu: zidarrezkoa 2009ko Seuko Munduko Txapelketan eta brontzezkoa 2011koan Bratislavan. Gainera, 2015ean Marklebeergeko Europako Txapelketan urrea irabazi eban eta hiru domina olinpiko ditu guztira: brontzezkoa Londresen 2012an, urrezkoa Rio de Janeiron 2016an eta zidarrezkoa Tokion 2021ean.

Beste alde batetik, Pau Echanizek bigarren finala bizi izan dau Munduko Txapelketa absolutu batean. 2023an Lee Valleyko Munduko txapelketan zortzigarren izan zan eta donostiarrak zeozer gehiago amesten baeban be Oklahoman, jatsieran izandako akats txikiek nabegazinoa zapuztu dabe. Holako hitzorduetan, maila gorenean, zehetasun bakotxa erabagigarria da. Echanizek hamargarren amaitu dau 90.02ko markea ezarriz, Jakub Krejci txekiarrarengandik 6.37ra. Michal Pasiut poloniarrak eta Giovanni de Gennaro italiarrak osotu dabe podiuma.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu