Laukizek garagarrilaren 26an, Euskadiko Sokatira Txapelketako final handia hartuko dau

Bizkaie! 2026-07-23 11:19   Kirola

Jardunaldiak kategoria bakotxeko talde onenak batuko ditu.

Gaztedi Sokatira Taldea. Erretratua: Potronko. | Ikusi handiago | Argazki originala



Laukiz barriro be euskal sokatirearen erreferente bihurtuko da datorren domekan, garagarrilaren 26an, 560 kg, 500 kg eta Junior kategorietako Euskadiko Sokatira Txapelketako finala hartuko baitau. Lehiaketea 11:30ean hasiko da, eta giro aparta espero da herri kirolen modalidade ederrenetako batez gozetako.

Hitzorduak Euskadiko talderik onenak batuko ditu eta ikusleek Euskadiko selekzinoko kide diran kirolariak zuzenean ikusteko aukerea izango dabe, izan be, selekzino hori Euskadi izenagaz lehen aldiz Munduko Txapelketea jokatu eta selekzinoen arteko munduko txapeldun izatea lortutako lehenengoa izan da. Lorpen historiko horri esker, taldeak hainbat aldiz igno dau nazinoarteko podiumeko mailarik gorenera, urrezko dominak eskuratu ondoren Euskadiko ereserkia entzunarazoz.

560 kiloko kategorian Gaztedi A, Gaztedi B, Goiherri eta Akelarre ibiliko dira. 500 kilokoan, barriz, Gaztedi A, Gaztedi B, Goiherri, Akelarre eta Mutriku lehiatuko dira; eta Junior kategorian, Gaztedi A, Gaztedi B eta Goiherri izango dira lehian.

Txapelketeak etxeko klubaren, Gaztediren, presentzia nabarmena izango dau, kategoria guztietan taldeak aurkeztuko baititu etxean bertan lehiatzeko. Klubak urteak daroaz gazte kirolarien prestakuntzan eta sokatirea sustatzen eta zabaltzen egindako lana sendotzen, Euskadin sustrai handieneko herri kiroletako bati bizirik eusten lagunduz.

Finalak Euskal Herriko Herri Kirol Federazinoaren egutegi ofizialaren barruan jokatuko dira eta beste behin be aukera parebakoa izango da Laukiz kirolari, klub eta zaleen topagune bihurtzeko, ahalegina, talde-lana eta konpromiso kolektiboa lako balioak ordezkatzen dituan kirol baten inguruan.

Lehiaketak amaitutakoan, jardunaldiak Gaztediren Herri Bazkariagaz jarraituko dau. Bazkaria 14:30ean izango da Probalekuan, eta parte-hartzaileak, zaleak eta herritarrak batuko ditu, herri kirolei eskainitako goizari amaiera ezin hobea emonez.

Kontuak kontu, Laukizko Udalak herritar guztiak eta herri kirolen zaleak domeka honetan herrira hurbiltzeko animetan ditu, tradizinoa, nortasuna eta sokatirearen sustraiak balioan jarriko dituan jardunaldia izango baita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu