Maialen Chourraut eta Pau Echaniz piraguistak kayakeko finalerdirako sailkatu dira
2026-07-22 08:37 KirolaLeire Goñik agur esan deutso banakako txapelketeari.
Oklahomako Munduko Txapelketan kayakeko sailkapen txandea jokatu da goiz-eguerdian bai gizonezkoetan baita emakumezkoetan be. Maialen Chourrautek eta Pau Echanizek modalidadeko lehen oztopoa gainditu dabe eta Leire Goñik, barriz, agur esan deutso banakako txapelketeari.
Maialen Chourrautek jatsiera ona egin dau eta momentu batzuetan sailkapeneko hirugarren postuan jarri dau bere jardun on horrek. Lehen zatia oso garbia izan da, baina ibilbidearen bigarren zatian apur bat trabau da 18. atean ikutu bat eginez, eta horri jagokon zigorra ezarri jako. Azkenean, hiru domina olinpikoren jaubeak 92.34ko denpora egin dau, +2.96 txandako onenagaz konparauta, Rikarda Funk alemaniarrak (89.38).
Leire Goñik akats bat egin dau ibilbidearen hasieran, kanalaren barruan ezkutauta geratu dan euskarri bategaz tupus egin baitau. Ezbehar horren ondoren, ez dau lortu piraguari hasierako abiadureari eustea eta maila mentaldean zein nabegazinoan erabagiorra izan da. Horri 17. atean egin dauen ikutu bat gehitu behar jako. Danetara, 104.92ko denporeagaz, 46. postuan geratu da sailkapenean. Lehenengo 30ak pasetan ziran finalaurrekora. Oklahomako Munduko Txapelketa honetako ibilbidea ez da gustagarria izan Leirerwntzat, Krakovian jokatutako 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan hainbat domina irabazi zitualako.
Pau Echaniz izan da kayak modalidadean lehiatu dan azken euskal palistea. Pariseko Jokoetan brontzezko dominea irabazi eban piraguisteak ez dau hutsik egin eta finalerdietan sartzeko sailkatze txandea gainditu dau. 12. atean akats txiki bat egin dauen arren, donostiarrak 83.80ko denporeagaz, 27. postuan amaitu dau ibilbidea.
Arratsaldean, kayakeko patruilen lehiaketea, hau da, taldekako lehiaketea jokatuko da. Pau Echanizek Miquel Trave kataluniarragaz eta Gaztelako David Llorentegaz, Maialen Chourraut eta Leire Goñigaz eta Laia Sorribes kataluniarragaz batera parte hartuko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
