Nazinoarteko Itsaspeko Zinema Zikloak, 50. edizinoko kartela aurkeztu dau

Bizkaie! 2026-07-14 08:39   Zinemea

Irudi berezia da Iker Ayestaranek sortutakoa.

50. edizinoa aparteko mugarria da hirurogeita hamarreko hamarkadan hasi zanetik milaka ikusleri ozeanoen edertasuna, hauskortasuna eta sekretuak hurbildu deutseen lehiaketarako, argazkigintzearen, zinemearen eta itsaspeko esplorazinoaren bidez. Hori dala eta, atontzaileek aurtengo kartelak hain enblematikoa dan edizinoaren berezitasuna maila bisualean islatzea nahi izan dabe.

Urpeko argazkigintzea izan da aurreko edizinoetan protagonista baina aurten hizkuntza grafiko erabat ezbardina aukeratu dabe: ilustrazinoa, hain zuzen be.

Lehenengo begiratutik beste edizio baten aurrean eta ospakizun historiko baten aurrean gagozala transmitiduteko gogoa dakar erabagiak. Emoitzea lehiaketearen ohiko kodeetatik nahita aldentzen dan obrea, begirada nostalgikoa eta esanguraz betea eskaintzeko.

Ilustrazinoak urpekari klasiko bat erakusten dau, 70. hamarkadako materialagaz horniduta, garai haretako itsaspeko kamera bat daroala. Irudi honen bidez, aurrendariak omentzen dira, horreek, egungoak baino baliabide askoz mugatuagoakaz, itsaspean ausartu ziran, gaur egun urpekaritzearen memoria kolektiboaren parte diran irudiak eta filmazinoak hartzeko.

Kartelak urpekarien, argazkilarien eta itsaspeko zinemagileen belaunaldi oso bat autortzen dau, teknologia oraindino lehen pausuak emoten egoanean itsas hondoak dokumentetan ahalegin eta pasino ordu emon zituenak.

Aurrendari hareek kapaz izan ziran irudi apartak erregistretako, ekipo astunak, kamera mekanikoak eta egungo prestazinoetatik oso urrun dagozan argiztapen sistemak erabiliz. Hareen lanari esker, itsaspeko ingurunearen ezagutzak eta dibulgazinoak hazteko eta belaunaldi barriakana heltzeko aukerea izan eben.

Baina omenaldia harago doa. Orain dala berrogeita hamar urte CIMASUBen sorrerea bultzatu eben Real Sociedad Itsaspekoak taldeko persona guztiei egindako autorpena be bada irudia. Ameslari eta itsaszale amorratu horreek Donostian itsaspeko zinemeari eta argazkigintzeari eskainitako gune bat sortzearen alde egin eben, bost hamarkadatan bizirik mantentzea eta nazinoarteko erreferentzia bihurtzea lortu dauen proiektuaren hazia ereinez.

Atontzaileek sortzaileen ondarea nabarmendu nahi izan dabe, hareen lanari eta konpromisoari esker jaialdiak hazten eta jatorrizko espirituari bere horretan eusten jarraitzen dauelarik.

Kartelean beste elementu nabarmenetako bat Donostia uriaren presentzia da. Konposizinoan, Donostiako badiako profil ezagunenetako batzuk agertzen dira, itsasoa, kulturea eta uriaren nortasuna lotzen dituan eszena batean integrauta. Holan, ilustrazinoak loturea ezartzen dau lehiaketearen eta ha sortzen ikusi eban ingurunearen artean, sustraiak galdu barik nazinoartean zabaltzen jakin dauen jaialdi baten izaera donostiar sakona indartuz.

Iker Ayestaran

Edizio honetako irudia Iker Ayestaran ilustratzaile donostiarrak sortu dau, ilustrazino garaikideko artista entzutetsuak. Diseinu Grafikoan trebatu zan Donostiako Arte Aplikatuen Eskolan eta, ondoren, argazkigintzan. Ayestaranek ibilbide profesional sendoa egin dau eta, horren ondorioz, munduko argitalpen ospetsuenetako batzuetarako lan egin dau. Haren ilustrazinoak The New Yorker, The Washington Post, The New York Times, The Guardian, Financial Times, Fortune, Variety, Wired, The Boston Globe edo Penguin Books lako nazinoarteko komunikabideetan agertu dira, besteak beste.

Ayestaranen estiloak sintesi bisuala, teknika tradizionaletan inspirautako testurak eta berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetako grafikearen eragin nabarmena ditu ezaugarri, eta New Yorkeko Society of Illustrators, Communication Arts, American Illustration edo World Illustration Awards lako erakunde ospetsuen errekonozimenduak jaso ditu.

50. urteurreneko kartela diseinetako Ayestaranen aukeraketak, hain zuzen be, dotorezia, narratiba bisuala eta gomuta historikoa buztartzeko daun gaitasunari erantzuten deutso eta ezaugarri horreek ezin hobeto egokitzen dira CIMASUBek edizino berezi honetan helarazo nahi eban mezuagaz.

50. CIMASUB

Kartelera batu ditu artisteak jaialdiaren datu nagusiak, izan be, zemendiaren 12an, 13an eta 14ean egingo da Donostiako Antzoki Zaharrean, eta itsaspeko munduari eskainitako nazinoarteko produkzino onenetako batzuk proiektauko dira.

Atontzaileek nabarmendu dabenez, nazinoarteko lehiaketan parte hartzeko izena emoteko epea zabalik dago irailaren 8ra arte, eta mundu osoko errealizadore, argazkilari eta ikus-entzunezko sortzaileei aukerea emoten jake itsasoari, konserbazinoari eta itsaspeko esplorazinoari eskainitako produkzinorik onenetako batzuk batuko dituan edizino historikoan parte hartzeko.

Kartel horregaz, CIMASUBek urpeko zinemearen berrogeita hamar urte ospatzeaz gan, Donostiako kultur eta ingurumen hitzordu entzutetsuenetako eta bizi luzeenetakoa dauena eregiten lagundu daben persona guztiak omentzen ditu.

Etorkizunari begira jarriko da edizino hau, orain mende erdi itsaspeko munduaren dibulgazinoan nazinoarteko erreferentzia izaten jarraitzeko proiektu baten oinarriak ezarri zituenak ahaztu barik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu