Hans Odriozolak, Europako sailkapeneko liderrak, irabazi dau txapelketea

Bizkaie! 2026-07-13 09:03   Kirola

Kai Odriozola txapeldunaren anaia, barriz, hirugarren sailkatu da Qualifying Serieetako Lacanau Pron.

Hans eta Kai Odriozola anaiak zorioneko dagoz, biak podiumean sartu baitira Caraïbos Lacanau Pro proban, Gironden (Frantzia) jokatu dan Qualifying Serieetako txapelketan. Aurtengo emoitza on eta erregularrek Hans QSko Europako ranking nagusiko lidertzara eroan dabe eta bere anaia Kai hirugarren postuan dago, Luan Noguesegaz bardinduta.

Hansek euskal surflarien ordezkaritza zabala izan dauen ekitaldian hirugarren txandan, 64 surflari onenei jagokenean, hasi eban bere ibilbidea. Txandako onena izan zan hurrengo fasera arazorik barik aurrera egiteko. Txanda berean Bitor Garitaonandia gipuzkoarra kanpoan geratu zan. Hurrengo kanporaketan Hans bere serieko onena izan zan barriro eta aurrera egiteko txartela lortu eban beste gipuzkoar bategaz batera, Ruben Vitoriagaz batera. Kai Odriozola orduan sartu zan lehen aldiz uretara, eta etxeko lanak egin zituan, aurrera eginda Leonardo Apreda italiarragaz batera.

Final-zortzirenetan Odriozola anaiek lehen aldiz jokatu behar izan eben alkarren kontra. 20 minutuko txandan, lau surflari izan zira aurrez aurre laurenetara igaroteko leku bi eskuratzeko eta plaza horreek donostiarrentzat izan ziran. Kai ikusgarri ibili zan eta bere olatu bi onenek 7.67 eta 7.77 puntu lortu zituen danetara 15.44 pilotzeko. Hansek 12.06 puntu atara zituan, Afonso Antunes portugaldarrak 10.17 eta Fantin Habashi suitzarrak 9.34.

Final-laurenetan odriozolatarrek euren surfing onena erakusten jarraitu eben. Kaik indarrak neurtu zituan Markel Vizcarguenaga bizkaitarragaz eta burrukea gipuzkoarrak irabazi eban, honek 15.10eko puntuazino bikaina atara ebalarik. Hansek, barriz, Apreda italiarra atzean itxi eban. Hansek batutako notak estratosferikoak izan ziran: bosgarren olatua 9.50ekoa izan zan eta seigarrena 8.37koa. Zenbaki horreen aurrean, Apredaren 5.50eko eta 5.83ko olatuak ez ziran nahikoa izan.

Finalerdietan anaiak barriro be alkarren kontra ibili ziran eta emozinoz betetako txandan, Hansek txapelketa osoan erakutsitako indarra ataraten jarraitu eban. Kaik 5.07ko olatu bat surfeau arren, Hansek 7.17ko bat markau eban baina Kaik 5.67ko beste bategaz erantzun eutson eta Hansek 6.83ko bategaz amaitu eban burrukea.

Odriozolatarrak Josema Odriozola Wavegardengo olatu ospetsuaren sortzailearen semeak dira. Umetatik, anai-arrebek maiz surfeau dabe olatu hori eta igarten da. Egunero holako teknologia berezia erabilteko aukerea izateak itsasoan baino askoz normelagoa dan olatuen proportzinoa nabarmen zabaltzen da eta horrek eta jaiotzatik etxean jasotako surf-kultureak kirol honetan Aurrera egiten lagundu deutse.

Hansek eta Kaik berezko talentua eta lehiarako motibazinoa konpartiduten ditue eta mundu mailako zirkuitu gehiagotan sartzeko ahalmen nahikoa dabe.

Finalean Hansek Noe Ledee frantziarraren kontra jokatu eta oso balorazino onak jazo zituan. Odriozolatarren gazteenak 13.83 puntu pilotu zituan guztira eta frantziarraren 11.70ak gaindituta, irabazi egin eban.

Kontuak kontu, Andy Criere Basque Teameko bekadunak bederatzigarren postuan amaitu eban txapelketa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu