Sustabiz Fundazinoa Europako proiektuetan
2026-07-01 09:27 KirolaBBK Fundazinoaren leguntzeari esker, Bizkaian ekingo deutse Herri Kirolen garapenari eta zabalkundeari.

Bizkaian bere jarduera zabaltzea, parte-hartzea eta inklusinoa sustatzeko ekimen gehiago martxan jarriko ditu Sustabiz Fundazinoak. BBKren babes eta bidelaguntza estrategikoagaz, Gure Kirolak Sustatzen programea zabaltzeak, kirol egokituaren sustapenak, hezkuntza-eskaintzeari eusteak eta Erasmus+ programako hautagaitzan parte hartzeak estrategia sendoa dira, Herri Kirolak, Euskal Pelota eta Arrauna barrikuntzearen bidez lurralde, publiko eta lankidetza-esparru barrietara hurbiltzeko helburuagaz.
Sustabiz Fundazinoak Gure Kirolak Sustatzen programea aurkeztu dau. Ekimen hau Busturialdea-Urdaibai eskualdeko, Ondarroako eta Markina-Xemeingo 20 udalerritako 6 eta 14 urte bitarteko umeentzat da. Programeak Herri Kirolak, Euskal Pelota eta Arrauna ardatz dituen topaketa parte-hartzaileak atontzen ditu, parte-hartzaileen edadea gogoan hartuta eta udalen, ikastetxeen zein familien inplikazinoagaz. Gainera, hiru diziplina horreetako kirolari nabarmenek be parte hartuko dabe.
Herri Kirolak, Euskal Pelota eta Arrauna sustatzeko estrategian sakontzen jarraitzen dau, zabalkundea, parte-hartzea, gizarteratzea eta Europako esparrurako edegierea buztartzen dituen ekimen barrien bidez. Barrikuntza Nagusia da programeak Bizkaian dauen ezarpena zabaltzea Gure Kirolak Sustatzen egitasmoaren barruan, jarduera barriak txertatuz eta bere eragina ingurune eta kolektibo gehiagotara zabaltzea. Testuinguru horretan, Ondarroan Herri Kirolak, sustatzeko bideratutako programa espezifikoa landu da, Zubi Zahar Ikastolan eta Zaldupe Eskolan egindako zabalkunde eta parte-hartze jardunaldien bidez. Ekimenari amaierea emoteko, jardunaldi edegia eta erakustaldi berezia egingo dira Ondarroako Aurrera alkartearen jaiaren barruan. Holan, gure kirol tradizionalak beste batzuei hurbiltzea eta hareen komunidade izaerea indartzea lortu nahi da.
Zabalkuntzeak garagarrilaren 19an izango dau jarraipena Markina-Xemeinen. Bertan, este parte-hartze jardunaldi bat bat eta erakustaldia egingo dira. Helburua programearen eragina pixkanaka handitzen jarraitzea da, ikuspegi edegi eta parte-hartzaileari eutsi eta gero eta persona gehiagok gure kirol tradizionalak ezagutu eta praktiketako aukerea izan deien.
Beste alde batetik, Sustabiz Fundazinoak lankidetzeari ekingo deutso Haszten erakundeagaz. Erakunde hori desgaitasuna daben personen inklusinoa kirolaren bidez sustatzen espezializauta dago. Aliantza honi esker, Herri Kirol egokituakaz lotutako ekimenak landuko dira Busturialdea-Urdaibai eta Leartibai eskualdeetan, erakundeak kirol eredu irisgarriago eta inklusiboago baten alde dauen konpromisoa indartuz.
2026rako nabarmendu beharreko beste jarduera arloetako bat da Herri Kirolak, Euskal Pelota eta Arrauna ardatz dituen eskolaz kanpoko jardueren eskaintze, Gernika-Lumoko Seber Altube eta Allende Salazar ikastetxeetan. Esangura horretan, Sustabiz Fundazinoa jarduera mueta horreek eskaintzen dituen erakunde bakanetako bat da.
Lurralde-hazkundeagaz batera, erakundeak nazinoarteko posizionamenduan be aurrera egiten jarraitzen dau. Martian Sustabiz Funazinoak Bilbon atondutako Europako Joko eta Kirol Tradizionalen Alkartearen (AEJDT) Zuzendaritza Batzordearen bilerearen ondoren, Europako lankidetza-ekimenetan parte-hartzea indartzeko aukerea sortu zan. Gaur egun, Sustabiz Fundazinoa nazinoarteko hainbat erakundegaz batera dabil lanean Erasmus+ Big Events Gender Equity programearen barruko hautagaitza bat prestetan. Ekimen horren helburua kirolaren eta atonketa esparruetan bardintasuna eta genero-ekidadea sustatzea da. Bere ekimen esanguratsuenetako bat, Bilboko Udalak zuzenean hartu eta gidatua eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz garatua, Herri Kirolak Bilboko udal kirol-eskaintzan sartzeko proposamen estrategikoa izan da. Erronka horri erantzuteko, Bilboko Txirrika Herri Kirolak Kluba sortu zan. Kluba badabil Bilboko Herri Kirol Zentroan, Txurdinagako kiroldegian, entrenamendu-eskaintza zabal baten bidez gure kirol tradizionalak beste kirol-praktika ezagun eta erakargarrienen pareko autortza, irisgarritasun eta erakargarritasun mailara eroateko.
Bilboko proiektuak Sustabiz Fundazinoak Bizkaiko gainerako lurraldeetan garatzen dauen lanagaz bat egiten dau, Herri Kirolen garapenerako erreferentziazko gune bat sortuz eta barrikuntza, prestakuntza eta belaunaldi-erreleboa sustatzeko espazio egonkor lez sendotuz. Horren bidez, Herri Kirolen proiekzinoa indartu, kirolari barrien prestakuntzea bultzatu eta gure kirol tradizionalak egungo kirol-eskaintzearen parte natural eta erakargarri lez finkatu nahi dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
