‘Decorado’ filmak Paul Grimault saria irabazi dau Annecyn
2026-06-30 11:24 ZinemeaAnimazinoko zinemearen munduko erreferentziazko jaialdian.
Alberto Vázquezen pelikuleak bere nazinoarteko ibilbide arrakastatsua biribildu dau, eta ‘Winnipeg, el barco de la esperanza’ eta ‘Hambre’ lanek be presentzia nabarmena izan dabe sektore honetako nazinoarteko jaialdirik garrantzitsuenean.
Euskal animazinoak nazinoartean distira egin dau barriro. Alberto Vázquezek zuzendutako ‘Decorado’ filmak Paul Grimault saria jaso dau Annecyko Nazinoarteko Animazino Jaialdian; epaimahaiaren autortza nagusietako bat, hain zuzen be.
Sari garrantzitsu honekin, Uniko, Abano Producións, The Glow Animation Studio, Sardinha Em Lata eta María y Arnold A.I.E. ekoiztetxeen filmak amaiera bikaina eman dio bere nazioarteko ibilbide arrakastatsuari. Annecyn, munduko animazinoaren hitzordurik garrantzitsuenean, lortutako autortzeak mugarria ezarri dau euskal animazioarentzat, izan be, azken urteotan inoiz baino argiago erakusten dabil bere sendotasuna eta nazinoarteko proiekzinoa.
Kritikak eta jaialdietan txalotutako lana
Azken hilabeteotan, animazino-sektorearen nazinoarteko topaketa garrantzitsuenetan izan da Decorado, eta autortza esanguratsuak jaso ditu bere proposamen artistiko eta narratiboagaitik. Horri esker, Alberto Vázquez gaur egungo animazino-zinemako indatsuenetakoa da.
Jasotako autortzen artean dagoz Animazinoko Film Onenaren Goya Saria, Film Luze Onenaren Quirino Saria, eta Animazinoko Film Onenaren autortzak Forqué Sarietan eta Zinema Idazleen Zirkuluaren Dominetan.
Paul Grimault sariak aparteko bultzadea emon deutso nazinoarteko ibilbidea zabaltzen jarraitzen dauen film luze honi, eta euskal produkzinoen prestigioa indartu dau nazinoarteko zinema-erakusleiho nagusietan.
Hiru euskal lan Annecyn
Annecyko euskal ordezkaritz Winnipeg, el barco de la esperanza filmagaz osotu da, Elio Quirogak eta Beñat Beitiak zuzendutako lana Contrechamp sailean lehiatu baita. Dibulitoon Studio, El Otro Film, Malabar, La Ballesta eta Dibulitoon Factory A.I.E. etxeen filma euskal ikus-entzunezko industriaren talentuaren eta lankidetzarako gaitasunaren beste adibide bat da.
Bestalde, Imanol Ortiz Lópezek zuzendutako eta Orlok Filmsek produzidutako Hambre film laburra be Midnight Shorts sailean izan da.
Hiru lan horreek Annecyn izandako presentziari esker, euskal animazinoa protagonista izan da, beste behin be, sektoreko munduko erakusleiho nagusian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
