'Barbara Forever' dokumentala, Brydie O’Connorek zuzendua, Zinegoak 2026 Sari Nagusiaren irabazlea
2026-06-30 07:58 ZinemeaFilm luzeak Barbara Hammer zinegile ezagunaren bizitea, obrea eta ondarea aztertzen ditu.
Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak 2026eko edizinoaren palmaresa jakinarazo dau. Zinegoak Sari Nagusia, EITBk babestua eta 4.000 euroko dirusaria dauena, Brydie O 'Connorren Barbara Forever dokumentalak irabazi dau. Barbara Hammer zinegile lesbiana enblematiko eta aurrendariaren bizitearen, obrearen eta ondarearen esplorazinoa da, bere artxiboko materialean oinarritua. Epaimahaiak haren hizkuntza poetikoa, zintzotasuna eta umorea nabamentzen dira, Barbara Hammer zinemagilearen bizitzan modu bereziam sartzean sortzen dauen samurtasunaz gan. Barbara Forever izan da edizino honetako lanik nabarmenduena, hiru sari eskuratu baititu.
Zinegoak Sari Nagusiaz gan, Sail Ofizialeko DOK kategoria irabazi dau. Kasu honetan, epaimahaiak norbanakotik kontetako eta, aldi berean, garai eta komunidade baten historikoa eta kolektiboa dana presente egiteko gaitasuna balorau dau.
Dokumentalak Lesbianismo eta Genero Saria be jaso dau, 3.000 eurokoa, Bilboko Udaleko Bardintasun Sailak babestua. Epaimahaiak azpimarratu dauenez, memoria hain garrantzitsua dan momentu honetan, oinarrizkoa da hegemonikoa ez dan eta inoiz izan ez dan bizitza baten testigantzea ixtea. Filma zinema lesbiko eta esperimental feministearen aurrendari honen errekonozimendua da.
Lesbianismo eta Generoaren epaimahaiak aitamen berezia egin deutso Divine Sung zuzendutako Summer 's Camera filmari, protagonistearen identidadearen topakuntza hunkigarri kontetan dauelako, argazkiaren bidez haren aitaren nortasuna be ulertzeko bidea topetan baitau.
FIK kategorian, film irabazlea Sahand Kabirik zuzendutako The Crowd pelikulea izan da, maila personalean oinarritutako kontakizun benetan kolektiboa eregiteko arrisku formal bat hartzeagaitik. Filman agertzen dan nortasuna ez da irandar jatorrian bakarrik oinarritzen, gaztaroan be oinarritzen da. Gainera, Mendebaldeko begiradak Irango zineman ikustea espero dauen gatazka politikoak erakusteari iges egiten deutso. FIKeko epaimahaiak aitamen berezia egin deutso Joonho Parken 3670 filmari, bere samurtasunagaitik, soinu-bandeak, soinu-diseinuak, kolore-paletak, argiak eta gidoiak kontakizun berezia eregiten baitabe, zaurgarritasuna eta inozentzia aldi berean nabarmenduz.
Era berean, The Crowd filmak Aniztasuna eta Giza Eskubideak Saria jaso dau, 3.000 eurokoa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetzarako eta Dibersidaderako Zuzendaritza Nagusiak babestua. Epaimahaiaren ustez, filmak modu naturalean islatzen ditu kolektibidadea eta komunidadea, familia, lagunak, migrazinoa eta dolua lako gaiak jorratzeaz gan.
Narratiba barriei eskainitako KRAK sailean, Bouchra izan da sariduna Meriem Bennani eta Orian Barki sortzaile marokoarrak zuzenduta. Epaimahaiak azpimarratu dauenez, etxuraz sinplea dan premisa batean oinarrituta, filma benetan hunkigarria eta beste guztiagazko desbardina dan zeozer bihurtzen da. Obreak gorputz esperientzia, desirea, nostalgia eta aldi berean mundu bitakoa izatearen pisua irudietan eta soinuan itzultzen ditu, testuak bere kabuz inoiz ezingo leuken moduan.
Publikoaren Saria, 1.000 euroko balioagaz eta zinema-aretoetara joan diran personek emondakoa, Christophe Gomesen Seuls les poissons morts suivent le courant film laburrarentzat izan da.
Gazte Epaimahaiaren Saria, Skin Flick film laburrak irabazi dau, Louise Bailly, Daniela Del Castello, Alice Levy, Bruno De Mendonca, Elifsu Meric eta Joey Quoc Tran-ek zuzenduta. Epaimahaiak nabarmendu dauenez, lanak ezin hobeto gorpuzten dau aurtengo leloa, Piztu piztia!, eta animazinoak identidadearen eta sexualidadearen likidezia ikusarazoteko ahalmena aldarrikatzen dau.
Bestalde, Senior Epaimahaiak Jetske Lieberren January film laburra saritu dau, umorearen bidez desamodioak eragindako min unibersala normalizetan dau eta, samurtasun handiz, danok hor egon garala gogorarazoten deuskun lan biribila dalako.
Euskal Aktoreen Batasunaren epaimahaiak Femke Vanhoveri emon deutso Fikzinoko Film Luzeko Antzezpen Nagusirik Onenaren saria, Skiff pelikulan egindako lanagaitik, personaia konplexu bat eregiteko dauen gaitasunagaitik, publikoak aktore bat ikusten dagoala ahaztu eta istorio honetako gatazketan bete-betean sartzea lortu duelako. Sarah Al Saleh, Alina Juhart, Mina Milovanovic eta Mia Skrbinac Fantasy filmeko lau protagonistek jaso dabe Film Luzeko Antzeztaldeko Antzezpen Onenaren Saria, beste mundu bat zelan deskubriduten daben erakusteagaitik, eta horren bidez bizi-eraldaketako prozesu bat zelan hasten daben konteteagaitik. Gainera, epaimahaiak aitamen berezia egin deutse Bearcave, Xara Kyriazi eta Pamela Oikonomaki protagonistei.
ZG PROren barruan, Zinegoak industriari eskainitako arloan, Aina Palomer Sitjàk zuzendutako L'Ultima Estesa proiektuak irabazi dau ZG PRO Laborategia Saria, Triodos Bank babestua, eta 3.000 €-ko zuzkidurea dauena. Era berean, Music Library ZG PRO Saria Carolina Alaminoren La loca de los gatos filmak eroan dau. SSIFF ZG PRO Saria Mikel Ruedaren Solo lanak irabazi dau eta Eric Rodriguezen Cupido y otros arqueros Neurads Saria eskuratu dau.
ZG Hedapenaren barruan, festibalean zehar proiektautako filmak 40 herri baino gehiagotara eroaten dituan programeak, Kun Sunek zuzendutako The Wind In Ash film laburrari 800 euroko saria emon deutso epaimahaiak, mendebaldeko begiradatik kanpo gauzak ikusteko beste modu bat erakusteagaitik, baita tradizinoa samurtasunetik planteeteagaitik, isilduta egozan tabuak argitara atarata”.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
