Nadia Erostarbe surflaria hirugarren Championship Tourreko Saquarema Pro ezagunean

Bizkaie! 2026-06-23 09:49   Kirola

14 urteko Tya Zebrowski frantziarragaz lehiatu da.

Nadia Erostarbe. | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko kanpainan ikasitako guztiak asko balio izan deutso Nadia Erostarberi, izan be, aurten Championship Tourrean, maila goreneko munduko zirkuituan, egindako saioak sekulakoak izan dira. Zarauztarrak CTko bere debutean postu bat bete eban ordezkapen bati esker, baina orain bete-betean sartu da surfeko elitearen munduan eta proba bakotxean, bere merituengaitik txartela irabazi ebanean bezela, kalidadea erakusten jarraitzen dau. Denporaldi honetako zirkuituko sei proba jokatu dira eta Nadia Erostarbe bigarrenez podiumean sartu da; oraingo honetan Rio de Janeiron jokatutako Saquarema Pro txapelketan. Probako finalerdietarako sailkatu izanari esker, CTko sailkapen nagusian lau postu igon ditu eta Top 10ean sartu da barriro.

Nadiak lehen kanporaketan ekin eutson bere ibilbideari Brasilen Yolanda Hopkins portugaldarrari aurre eginez. Gipuzkoarrak nahiko goiz itxi eban kanporaketea bideratuta, txandearen hasieran aukeratutako olatu biri esker. Erostarbek 10.83ko puntuazinoa markau eban, Portugaleko surflariak eskuratutako 9.10 markeagaz koanparauta.

Bigarren txandan, surflarien notak txikiagoak izan ziran. Nadiak indarrak neurtu zituan Molly Picklum australiarragaz, izan be, azken horrek 5.67ko olatuan ibili zan jantzan baina Nadiak 4.00eko bategaz erantzun eutson eta 4.40ko beste bategaz aurrerago, final-laurenetarako txartela ziurtatuz.

Fase horretan Caitlin Simmers estadubatuarra egoan zain, 2022tik CTn lehiatzen dabilen surflari gazte baina talentuduna. Zarauztarra bikain ibili zan serie horretan eta bere olatuetako bati 8.33ko puntuazinoa emon eutsen. Ondoren, 7.50eko balioko beste bat aukeratu eban. Simmers bere notarik onenak (6.83 eta 5.40) hobetzen saiatu zan arren, ez eban lortu. Nadia finalerdietan sartu zan horri esker.

Finalaurrekoetan Nadiak Tya Zebrowski frantziarragaz lehian ibili behar izan dau, 14 urtegaz historian CTrako sailkatutako surflari gazteenagaz. Nadiak markagailua edegi dau 4.00ko olatu bategaz. Zebrowskik 8.17 olatuagaz erantzun deutso eta 6.67ko olatua hartu dau jarraian. Zarauztarraren bigarren olaturik onena 4.67ko puntuazinoa izan dau du. Frantziarrak beste bi olatu gehiago erabili ditu, baina onenak aurrekoak izan dira. Txandako 40 minutuek ez dabe gehiagorako emon. Tyak seriea 14.84ko guztizko puntuazinoagaz amaitu dau, eta Erostarbek, barriz, 8.67ko emoitzea izan dau. Hortxe amaitu da Basque Teameko kirolariaren bidea Rio de Janeiroko proban.

2025ean Nadiak CTn izandako emoitza bi onena Lexus Pipe Pro eta Rip Curl Pro Bells Beach txapelketetan eskuratutako bederatzigarren postuak izan ziran. Aurten birritan amaitu dau 17. postuan, beste bi aldiz bederatzigarrenean eta beste bitan hirugarren postuak bereganatu ditu. Podiumera igon dau Australiako Bonsoy Gold Coast Pro eta Brasilgo VIVO Rio Pro probetan.

Gogoratu behar da Nadia Erostarbe dala estaduan CTrako sailkatutako lehenengo emakumea eta aurten jasotako emoitzakaz Aritz Aranbururen emoitzarik onenak bardindu dituala. Nadia izan da Joko Olinpikoetarako sailkatutako lehenengo surflaria.

Brasilgo probearen ondoren Championship Tourrak geldialdi txiki bat egingo dau eta abuztuaren 8an bueltauko da Outerknown Tahiti Pro txapelketeagaz, Polinesia Frantziarrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu