X. Jazzineman, besteak beste, 'Bird', (Clint Eastwood, 1988) ikusi ahal izango da

Bizkaie! 2026-06-22 11:16   Zinemea

Zikloko filmak Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Donibane Lohizunen eskainiko dira.

Saio berezi batean The Last Waltz (Martin Scorsese, 1978) ikusi ahal izango da baina hamargarren edizinoa ospatzeko, zinemaren historiako lau klasiko emongo dira: The Glenn Miller Story (Anthony Mann, 1954), Kansas City (Robert Altman, 1996), Bird (Clint Eastwood, 1988) eta The Connection  (Shirley Clarke, 1961).

Lau filmetako lehenengoa (The Glenn Miller Story (Anthony Mann, 1954) biopic bat da, eta James Stewartek Glenn Millerren papela egiten dau, tronboijole, moldatzaile eta XX. mendeko swing-orkestra ezagunenetariko bateko zuzendari izan baitzan. Bestalde, Clint Eastwood zinemagileak Charlie Parkerren ibilbidea pantailaratu eban Bird (1988) filman; saxofoi altuaren historiako interprete onenetarikotzat eta beboparen aurrekaritzat joten da Parker. Drogen eta alkoholaren zuloan zelan sartu zan be erakusten dau Bird filmak. Artium Museoko proiekzinoa Alberto Ibarrondo Gasteizko Jazzaldiko zuzendariak aurkeztuko dau.

Filmategiaren ziklorik zaharrenean, Kansas City (1996) ikusiko dogu hurrena, Robert Altman Canneseko Zinema Jaialdiko Urrezko Palmarako hautagaien artean sartu eban filma; jazzaz gan, mafia eta arrazismoa be erakusten ditu. Azkenik, The Connection (1961) filma berreskuratuko dau Jazzinemak, Shirley Clarke zinemagile esperimentalaren lehenengo film luzea, hurrengo dosiaren zain dagozan heroinazale batzuen itxaronaldia erakusten baitau. Gasteizen eta Donostian, Begoña del Teso zinema-kritikaria arduratuko da aurkezpenaz.

Era berean, The Last Waltz (1978) dokumentala eskainiko da proiekzino berezi lez. Lan horretan, Martin Scorsesek The Band taldearen azken kontzertuak filmau zituan, azken hamarkadetako rockaren figura ezagun askok parte hartu baitzeben: Bob Dylan, Van Morrison, Neil Young, Joni Mitchell, Neil Diamond, Eric Clapton eta beste batzuk. Eduardo Ranedo musika-kritikariak aurkeztuko ditu Gasteizko, Donostiako eta Iruñeko saioak.

Film guztiak garagarrilean proiektauko dira Artium Museoan (Gasteiz), Tabakaleran (Donostia) eta Golem Yamaguchin (Iruñea). Nafarroako uriburuan sanferminen ostean hasiko da zikloa, eta abuztuaren 12an amaituko da. Bestalde, Le Sélect zinema-aretoetan (Donibane Lohizune), zikloko bost filmetatik lau emongo dira: Kansas City (Robert Altman, 1996), Bird (Clint Eastwood, 1988), The Connection (Shirley Clarke, 1961) eta The Last Waltz (Martin Scorsese, 1978).

Informazino gehiago eta sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu