'Basoa' izeneko denporaldia aurkeztu dau Bilboko Orkestra Sinfonikoak

Bizkaie! 2026-06-09 08:52   Musikea

Guernica operea berreskuratzea da asmo nagusietakoa.

Orkestra bat deskribiduteko modu ugari daude, baina badago definizino guztietan agertuko dan berba bat: multzoa. Alkarregaz joten dauen, alkarregaz bizi dan taldea, multzoa dan taldea. Gauzez osotutako multzoen edo taldeen artean, badago bat benetan ederra dana eta sortzaile asko inspirau dituana: basoa. Gure ustez, orkestra bat baso bat be bada. Eta gure kasuan, zelan ez, BOS basoa da.

Baso horretara konbidau nahi zaitugu, baso anitza, bertakoa izan zaitezen eta bere parte sentidu zaitezan nahi dugu, baso bat, desbardinak izanik, alkar autortzen dogun eta alkarren osogarri garen. Basoa (basoren bat) eta bere zuhaitzak (zuhaitz batzuk) orkestrea osotzen dabe instrumentu guztien jatorrian be badagoz: hari-instrumentu guztiak, haize-egurra, harpea, perkusinoa, pianoa bera, edo zuzendariaren batutea.

Basoa edegia eta hostotsua da, eta bertara konbidetan zaitugu hamazazpi proposamen tarteko dirala; guztietan, modu batera edo bestera, basoaren idea presente dago eta hari-eroaile lez jokatzen dau. Adibidez, Wagnerren Basoko murmurioak, Beethovenen Pastorala, María Eugenia Luc-en Oma obrearen estreinaldia, Berliozen Sinfonia Fantastikoa eta Guernica operea berreskuratzea kontzerturako bersinoan (zuhaitz berezia eta basoaren hasierea).

Denporaldi oso bat eratu dogu izen barri batzuekaz eta oso ezagunak ditugun beste batzuekaz eta gure asmoa izan da orekea bilatzea instrumentu solista desbardinen eta errepertorioen artean. Obra batzuk estreinauko ditugu, beste batzuk berreskuratu, eta jagokun moduan, zerbitzu publikoa izaten saiatuko gara, baso edegia eta ibiltaria, astez aste musikarik onena topauko dozu, maila gorenean interpretauta, gure komunidade osoarentzat eta errespetuzko eta alkarbizitzako espazio batean. Hau da gure funtzinoa, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak agintzen deuskuen konpromisoagaz eta zerbitzuagaz bat datorrena.

Leire Bilbaok, denporaldi honetan literaturatik gure kontzertuen ibilbidean lagunduko gaituen idazleak, ezin hobeto idatzi dau: Esan beza basoak! Izan gaitezen, bada, baso alkarregaz.

Iñigo Alberdi Amasorrain, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren Zuzendari Nagusia.

Basoaz gozetako gakoak

Juanjo Mena BOSera bueltauko da. Orkestrako titularra izan zan 1999tik 2008ra.

Azken urteotan bisitau gaituen zuzendariak izango dira gurean, besteak beste, Lorenza Borrani, Pablo González, Markus Stenz, Iván López-Reynoso, François López-Ferrer, Eduardo Strausser eta Unai Urrecho.

Beste batzuk be bai, lehen aldiz bisitauko gaituenak: Françoise Leleux, Nicoló Umberto Foron eta Chloé van Soeterstéde.

Bakarlari bokalen presentzia garrantzitsua izango da: Vanessa Goikoetxea eta Xabier Anduaga, abeslari entzutetsuen zerrenda luze bateko buru dira: Sofía Esparza, Mikeldi Atxalandabaso, Carmen Artaza, Jeanne-Marie Lelievre, Marifé Nogales, Roberta Diamond, Emmanuel Franco, Fernando Latorre...

ZinemaBOS. E.T. filma, zuzeneko musikeagaz, Erregeetako opari ederra.

Joaquín Achúcarro gure pianisteak luxuzko maizterrak izango ditu denporaldi honetan: Claire Huangci, Curtis Phil Hsu eta Javier Perianes (zuzendari eta bakarlari lez).

Guernica operea berreskuratuko dogu, Paul Vidal-ena, bigarren karlistaldian Gernikan girotuta baitago. Asmo handiko proiektua da eta abeslari handiek parte hartzen dabe bertan. José Miguel Pérez Sierrak egingo ditu zuzendari lanak eta Pablo Viar arlo eszenikoaz arduratuko da.

Denporaldi honetan abesbatza bi izango ditugu lagun: Bilboko Koral Alkartea eta Leioa Kantika Korala.

Gaurko musika: Maria Eugenia Luc-en Oma estreinauko dogu (BOSen enkargua) eta Eduardo Soutullo bilbotarraren Das Eismeer interpretauko dogu.

Biolontxeloak presentzia bikotxa izango dau bakarlari ospetsu bigaz: Asier Polo eta Nicolas Altstaedt. Bestalde, biolinean Francesca Dego, Alexandra Conunova eta gure kontzertino Giulia Brinckmeier be izango ditugu bakarlari lanetan.

Leire Bilbao idazleak lagunduko deusku denporaldiko kontzertuetarako testu proposamen bereziakaz.

Eneko Sagardoyk Beethovenen testu batzuei ahotsa jarriko deutse konpositorearen bigarren mendeurrena ospatzeko.

Fun Farre! BOSkidegaz egongo gara ospitale eta egoitzetan.

Kontzertuak Bizkaian zehar. Bizkaiko zenbait herri bisitauko ditugu, besteak beste, Urduña, Getxo eta Gorliz.

Donostiako Musika Hamabostaldian eta Santanderreko Jaialdian parte hartuko dogu.

Gure ingurune musikal osoagaz lankidetzan jarraitzen dogu: ABAO, Arriaga antzokia, Ura bere bidean, Musika Música...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu