Bilboko Merkataritza Ganberak, Bilboko Koral Alkarteak eta Deustuko Unibersidadeak bere 140. urteurrena ospatuko dabe

Bizkaie! 2026-04-28 08:10   Musikea

Philips Symfonie Orkest-en kontzertu bategaz.

Bilboko Merkataritza Ganbera, Bilboko Koral Alkartea eta Deustuko Unibersidadea urte berean sortu ziran, 1886an, eta hasieratik ekonomia, kultura eta hezkuntzarako erreferente bihurtu ziran: 140 urte joan jakuz eta lanean jarraitzea da asmoa, helburua izanik gure lurraldearen eta gure gizartearen oparotasuna, Bilbo, Bizkaia eta Euskadiren izena mundu osoan zehar eroatea, egunerokoan lehiakortasuna, nazinoartekotzea eta talentua hobetzearen alde eginez, hain ibilbide luzea izatea posible egin daben gure sustraiak eta identidadea galdu barik.

140. urteurrenean, herritarreen aurreko konpromisoa berretsi dabe: Gizartearen behar barrietara egokitzen joan gara, erronka eta behar barriei aurre eginez, gaurkoari eta etorkizunari gehiago begiratuz joandakoari baino. Ehun urtetik gorako erakunde biziak gara, alkarlanean sinistu eta indarrean jarraitzen dabenak. Hori erakusteko modua be bada kontzertu hau.

Philips Symfonie Orkest

Jatorriz Philips enpresako langileek sortua, gaur egun Herbehereetako orkestra sinfoniko ez profesional handi eta ospetsuenetako bat da. Laurogeita hamar kide baino gehiago ditu eta Eindhoven eta inguruetako zale aurreratuak eta musikari profesionalak dira eta musika klasikoa maite dabe.

Kontuak kontu, apirilaren 29rako atondu daben egitarauan XX. mendeko obra handi bi sartuko ditue: Francis Poulenc-en Gloria, bere adierazkortasun indartsuagaitik ezaguna dan pieza korala; eta Dmitri Shostakóvich-en 10. Sinfonia, bere garaiko tensino politikoen aurrean askatasunari eta erresistentziari buruzko gogoeta musikal sakona.

Kontzertuan José Ignacio Zudaire Merkataritza Ganberako presidentea, José Miguel Lanzagorta Koral Alkarteko presidenteordea, eta Juan José Etxeberria Deustuko Unibersidadeko errektorea izango dira.

Kontzertua apirilaren 29an izango da, 19:30ean, Bilboko Arriaga Antzokian, Txemi Etxebarria maisuaren zuzendaritzapean eta Estíbaliz Sánchez sopranoa be tartean izango dalarik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu